Indarkeria matxistaren kontrako eguna: Erakunde Adierazpena

Azaroeren 26ko Osoko Bilkuran, indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko eguna dea eta, udal gobernuak proposatutako Erakunde Adierazpena onartu zen talde politiko guztien aldeko botoekin. Erakunde Adierazpen honen bidez, Amasa-Villabonako udalak hainbat konpromiso hartzen ditu, datozen urteetan udal politika feminista aktibo eta eraginkor bat garatzeko.

Honakoa da Erakunde Adierazpenaren testu osoa:
 
AZAROAK 25, EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA EZABATZEKO NAZIOARTEKO EGUNA
 
Azaroaren 25a, emakumeen kontra burutzen den indarkeria mota oro, guztiz onartezina dela esateko eguna da; gainera, indarkeria sortzen duten eragile eta egitura guztiak errefusatzen ditugula esateko eguna da eta gure herrian ez dugula ez bakerik ez normalizaziorik izango emakume izate hutsagatik emakumeak hiltzen eta erasotzen jarraitzen den bitartean aldarrikatzeko eguna. Horregatik, egun honetan erakunde publikook, borroka horretan dugun lehentasunezko eragile-izaera berretsiz, konpromiso zehatzak hartu behar ditugu.
 
Beraz, Amasa-Villabonako udal gobernuak honako adierazpen instituzional hau aurkeztu nahi du, Osoko Bilkuran eztabaidatu eta ondoren onartzeko
 
ZIOA:
 
Azaroaren 25a “Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna” dela-eta, Amasa-Villabonako udalak, bere egiten du gure udalerria, indarkeria matxistarik gabeko gune gisa eraikitzeko ardura. Eta lehentasunezko konpromiso politikoa berresten du indarkeria mota horren adierazpen guztien kontrako borrokan, egiturazko jatorriaren eta betikotzen duen normalizazioan eraginez, orden sozial patriarkala ezinbestez aldatzeko eta, emakumeak libre biziko diren justizian eta berdintasunean oinarritutako elkarbizitza eta emakumeen eta gizonen arteko harreman ereduak errealitate bihurtzeko xedez.
Euskal Herrian, estatistikak aspalditik ari dira agerian uzten indarkeria matxistak gora egiten jarraitzen duela: urtea hasi denetik 3 emakume erail dituzte. Hala ere, ezin dugu ahaztu indarkeria honen adierazpen gehienek, egunero gertatzen direnak, normalizatuak eta inbisibilizatuak jarraitzen dutela.
 
Nola hedabideak, publizitatea, telebista, hezkuntza eredua, emakumeen errepresentazio justuaren falta eremu guztietan edo euren presentzia genero estereotipo eta rol diskriminatzaileak bultzatuz, hala sinesmenak, praktikak eta jarrerak, besteak beste, injustua den eta emakumeak gutxiesten dituen orden sozialaren parte dira. Orden hori soziala, kulturala, ekonomikoa eta sinbolikoa da, bizitzaren arlo guztiak blaitzen ditu, publikoak nahiz pribatuak, eta, emakumeak genero mandatu patriarkalapean izateko asmoz, indarkeria matxistaren adierazpen guztiak erabiltzen ditu.
 
Erailketa matxistek gero eta arreta mediatiko gehiago erakartzen duten heinean, (gehienetan emakumeak berbiktimizatzeko edo erantzukizuna emakumeengan uzteko errelatoekin), jendarteak irmoki gaitzesten ditu. Gure ardurak, ordea, haratago joan behar du: indarkeria mota latz hauek legitimatzen eta errazten dituzten indarkeria matxistak, mezu eta adierazpen desberdinen bidez egindakoak guztiak, ikusarazi behar baititugu: jendartean onarpen zabala dutenak eta normalizatuak mantentzen direnak, emakumeek egunero jasaten dituztenak, eta hala izan ez arren intentsitate baxu gisako identifikatzen direnak. Besteak beste, musika munduko hainbat letra zein jarrerek, filme zein bideojokoetako rolek edo hedabideek transmititzen duten indarkeria sinbolikoaz ari gara, emakumeen bizitzak eta gorputzak kontrolatzeko saiakerak, eremu guztietan femeninotzat jotzen denaren gutxiespenenaren bidez gauzatzen den indarkeria psikologikoaz edo soldata txarretan edo lan baldintza prekarioetan antzeman dezakegun indarkeria ekonomikoaz ari gara.
 
Aurten, mugimendu feministaren beste mugarri batean, milaka emakumek hartu dituzte Euskal Herriko kaleak, aski dela ozen esateko; milaka emakumek planto egin dute emakumerik gabe mundua gelditzen dela bisibilizatzeko; eta beste horrenbestek aldarrikatu dute sistema judiziala patriarkala dela eta emakumeak babestu beharrean ardura haien bizkar uzten ari dela esan dutenak, erasotzaileak justifikatuz.
 
Feminismoak erakutsi digu errealitate bat aipatzeak ikusgai bihurtzen duela: indarkeria, bere adiera guztietan, gizonen eta emakumeen arteko egiturazko ezberdintasunak mantentzeko tresna nagusietako bat den heinean, ikusezin bihurtu da eta alderdi pertsonalei garrantzi handiegia ematen zaie, eta ikusarazi nahi digute indarkeriazko gertakariak arrazoi pertsonalen ondorio direla eta ez arrazoi sozialen ondorio. Ez da nahikoa indarkeria-adierazpen jakin batzuk aipatu eta salatzea, horrelako gertakari latz bat gertatzen den bakoitzean; gertakaria eragin duten arrazoietara jo behar da, sustraira jo behar da, eta hori egitera, erakundeon ardura ere bada.
 
Zeharkako esku hartze integralak eta iraunkorrak abian jarri behar ditugu: berbiktimizazioa baztertuta, emakumeak subjektu aktibo gisa hartuko dituzten esku hartzeak; errudun bilakatuko ez dituen esku hartzeak eta, ahots propioa, eragile aktibo diren neurrian, aitortuko dizkieten esku hartzeak. Horretaz gain, bermatu behar ditugu genero ikuspegi ahalduntzailea barnebiltzen duen artatze sistema eta erreparazio prozesuak, bai banakoak, bai kolektiboak. Giza eskubideaz ari garen heinean, instituzioen betebeharra da, alegia, mota guztietako indarkeriarik gabeko bizitzak izateko eskubideaz.
 
Eta zeregin hori, gure egin behar dugun konpromiso hori, gizartea osatzen dugun eragile guztiok gure egin behar dugu, hala egiten ez badugu, indarkeria matxistari eusten jarraituko dugulako. Denon erantzukizuna delako bakoitzaren eragin-eremutik aurre egitea, indarkeria matxista sortzen, biderkatzen edo normalizatzen duten heinean gure instituzio eta erakunde aldatzea: erakunde publikoak, kultur-eragileak, hedabideak, lan-arloko eragileak eta eragile ekonomikoak, ahaztu gabe banakakook dugun ardura.
 
Tokiko erakundeak, indarkeria matxista guztien kontra jarduteko eremu egokiak dira: erakundeak, eskolak, aisialdi edo kirol guneak, etab., betiere jendartea osatzen duten kolektibo eta arlo guztien artean burutu beharreko lana da, denok interpelatzen gaituen arazo soziala den einean.
 
Horregatik, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egun honetan, sendo adierazi nahi dugu Euskal Herria feminista, justu eta ekitatezko baten aldeko aldarrikapena, bide horren eraikuntzan honako konpromiso hauek gure gain hartuz:
 
AMASA-VILLABONAKO UDALBATZAK HONAKOA ADIERAZTEN DU:
 
1.- Amasa-Vilabonako udalak, Emakumeen Munduko Martxak bultzatutako indarkeria matxistaren aurreko erantzun-protokoloa bere egiten du.
 
2.- Amasa-Vilabonako udalak Foru Aldundiari eta Emakunderi eskatzen die emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alorreko aurrekontu-partidak handitzeko, berdintasun-zuzendaritzak eta epaitegi espezializatuak modu iraunkorrean sendotzeko eta indarreko legeria berraztertzeko konpromisoa hartzeko.
 
3.- Amasa-Vilabonako udalak herritarrentzako, eta bereziki emakumeentzako, dauden baliabideen gaineko informazioa eskuratzeko bideak erraztuko ditu eta dagokion lurralde mailan, indarkeria matxistaren kontrako zerbitzu-sarearen funtzionamendu egokia, elkarlana eta koordinazioa bultzatuko du, beti ere, kontuan hartuz adin txikikoak eta biktimen seme-alabak.
 
4.- Amasa-Vilabonako udalak, neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako jabekuntza jarduerak abiatuko ditu, besteak beste ondorengo gaiak jorratu ahal izateko modu iraunkorrean: autodefentsa feminista, bikote harremanak eta harreman sexu-afektiboak, amodio erromantikoak, sexualitate libreak, etab.
 
5.- Amasa-Vilabonako udalak, nerabeei eta gazteei zuzendutako sentsibilizazio eta formazio jarduerak iraunkorrak abiatuko ditu emakume eta gizonen arteko harreman parekideak sustatzeko xedez, zehazki: hezkuntza sexu-afektiboa lantzeko, indarkeria matxisten askotariko adierazpenak desnaturalizatzeko, baiezko onespena lantzeko, maskulinitate ereduak lantzeko, errespetua landuz etab.
 
6.- Amasa-Vilabonako udalak, indarkeria matxista jasan duten emakumeen erreparazio eskubidea lantzeko jarduera iraunkorrak martxan jarriko ditu besteren artean, omenaldiak, zineforumak, bisibilizazio ekimenak (kaleen izenak edo jardunaldiak, kasu), kalte-ordainketak, akonpainamendu soziala, etab. jasoz.
 
7.- Amasa-Vilabonako udaletik, borroka feministaren alde hartu dugun konpromisoa berretsi nahi dugu, indarkeriarik gabeko gizarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean.
 
8.- Amasa-Vilabonako udalak, politika feminista aktiboa garatzeko konpromiso irmoa du eta horretarako baliabide ekonomiko eta giza baliabide nahikoak bideratuko ditu. Horrela, berdintasuna sustatzeko 30.000 euroko diru partida ezarriko du 2020. urterako eta aldi berean Amasa-Villabonan lan egingo duen berdintasun teknikari bat izateko urratsak emango ditu.
 
9.- Amasa-Vilabonako udalak bat egiten du mugimendu feministak azaroaren 25erako deitutako mobilizazioekin, eta jendarte osoari ere dei egiten dio mobilizazio horretan parte har dezan.


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!