38 urteko tolosar bat atxilotu du Ertzaintzak, gauerdian gertatutako erasoagatik

Ataria 2019ko urriaren 27a

Ertzaintzaren arabera, erasoa 02:40ak inguruan gertatu da Villabonako Kale Berrian. Arratsaldean atxilotu dute erasotzailea, Tolosan: 38 urteko tolosar bat. 22 urteko gazte bat lepoan zauritzeagatik atxilotu dute. Biktima Donostia Ospitalera eraman dute, baina arriskutik kanpo dago.

Goizaldean gazte bat lepoan zauritu dute, labanaz, autobusean zihoala. Villabonako Kale Berrian gertatu da erasoa.

Ertzaintzak azaldu duenez, 02:40ak inguruan, Donostia-Tolosa egiten zuen Lurraldebus autobusean, bi pertsona eztabaidan hasi dira. Orduan, batek bestea labanaz zauritu du lepoan. Autobus gidariak Kale Berrian geratu du une horretan autobusa eta ateak zabaldu ditu. Erasotzaileak ihes egin du une horretan. Zauritua Donostia Ospitalera eraman dute. Ertzaintza gertaera argitu nahian dabil.

Villabonako Kale Berria bi noranzkoetan itxita egon da, autobusa bertan zegoelako.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!