EUSKARA ETA FEMINISMOA -Bidegurutzea elkargune-

Euskara zaindu, baina nork?

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko urr. 24a, 11:59

Jaime Altunak parez pare jarri ditu euskararen erabilera datuak eta generoaren araberako joerak, 'Euskara eta generoa gurutzatzen direnean' hitzaldian; Subijana etxeak hartu du zikloko bigarrena.

Berandu sortu da feminismoaren eta soziolinguistikaren arteko lotura. Hala uste du Jaime Altuna antropologo eta irakasleak, eta hala azaldu zuen, herenegun, Villabonako Subijana etxean, Euskara eta Feminismoa: bidegurutzea elkargune hitzaldi zikloko bigarren saioan.

Horrela, 1994ra atzera egin, eta Kike Amonarrizek lehen aldiz euskararen feminizazioa aipatu zuenekoa ekarri zuen gogora, soziolinguistika eta feminismoa lotuz. Baina, zein izan litezke emakumeak eta euskara elkarri atxikitzeko arrazoiak?

Batetik, XIX. mende bukaeraz geroztik gaur arteko hizkuntzaren gaineko banaketa aipatu zuen: «Naturaltzat jo izan da emakumeek hizkuntzarekiko gaitasunak izatea, bai ikasteko, bai irakasteko».

Eta, abiapuntu historiko horretatik, XX. mendean banaketa bat gertatu zela defendatu zuen antropologoak: ama hizkuntza vs plaza gizona. «Emakumeak beti daude transmisioa eta bitartekaritza gertatzen den guneetan, baina oso gutxitan ageri dira sortzaile edo ordezkari publiko gisa».

Eremu pribatuan eta hizkuntzaren transmisore lanetan aritzeko rol hori bi ahoko arma bilakatu izan da emakume euskaldunentzat, eta hizkuntzaren salbatzaile izan ziren berberak, hizkuntzarentzako mehatxutzat hartuak izan ziren gero. «Hizkuntza momentu okerrenean egon izan denean, emakumeei leporatu izan zaie horren errua, batez ere, XX. mende erdian, nekazal inguruneetan».

HIZKUNTZA IDEOLOGIA BAT

Joan den astean, Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek ere hizpide izan zuten euskararen feminizazioa, eta horretan sakontzeko datuak eskaini zituen Jaime Altunak.

Batetik, Soziolinguistika Klusterrak argitaratutako 2016ko datuetan oinarrituta, titulu argia nabarmendu zuen Altunak: «Lurralde eta adin tarte guztietan, emakume gehiagok egiten dute euskaraz». Gainera, adin berekoen artean baino euskara gehiago hitz egiten dute guztiek, adin desberdina dutenen artean. Jaime Altunaren iritziz «hizkuntza ideologia bat sortu dugu», eta «haur eta guraso gizonezkoek adinkideekin euskara gutxiago hitz egiten dute, emakumeek baino». Ikerketarako 47 herri baliatu zituzten, eta, batean izan ezik beste guztietan, emakumeen erabilera altuagoa zen.

Bigarrenik, Arrue ikerketa baliatu zuen. EAEko ikastetxe guztietan egiten duten ikerketa da, eta Soziolinguistika Klusterraren emaitzak berresten ditu.

Ikaskuntzaren esparrura joz gero ere, badirudi emakumeen gertutasuna handiagoa dela euskararekiko, izan ere, 2017-2018 ikasturtean euskaltegietan matrikulatu ziren herritarren artean, %66 emakumeak ziren, eta %34 gizonak. Mintzalaguna egitasmoan parte hartzen dutenen %73, berriz, emakumeak dira.

Gauza bera diote euskararen aldeko egitasmoek eta, zehazki Euskaraldira begiratuz, iazko ariketa sozialean hiru parte hartzailetik bi emakumeak izan ziren.

IZANAREN ESANA

Zenbakizko datuok guztiak antropologia teknika klasikoekin uztartu dituzte Jaime Altunak eta Jone Miren Hernandezek, eta euskal gaztetxoekin bertatik bertara aritu dira: «Neskak eta mutilek oso jarduera desberdinak garatzen dituzte eskolaz kanpo, eta neskak euskal kulturara eta jarduera artistikoetara lotuago dauden bezala, mutilena eta futbolarena oso bortitza da; beraiek oso garbi dute desberdintasun hori, gainera».

Bereizketa hori eraikia eta soziala dela nabarmenduta ere, ezinbestean, horrek guztiak hitz egiteko moduetan zuzenki eragiten die gaztetxoei: «Mutilek esaldi laburrez, monosilaboekin eta gutxi hitz egiten duten bezala, neskak ohituta daude hizketaldi luze eta lasaiak izatera».

Zergatik, ordea, halako tartea, euskararen erabileran? Transgresiorako eskubideagatik: «Mutilei aukera gehiago ematen zaie arauak apurtzeko eta, gaur egun, Gipuzkoan behintzat, araua da euskaraz aritzea». Komunikatzeko modua genero eskakizunen arabera eraikitzen dela, alegia: «Hizkuntza identitatea eta generoarena eskutik doaz».

Ezinezkoa da arrazoi bakarrarekin hizkuntzaren feminizazioa azaltzea, eta lan munduko segregazioarekin eta zaintza ardurekin batera, beste hainbat izango dira. «Badakigu zer, baina ez dakigu nola, eta ikertzen jarraitu behar da. Genero sistema ulertu gabe, zaila da hizkuntzarekin gertatzen dena ulertzea».

Erlazionatuak

Txingurriak

Erabiltzailearen aurpegia Irene Larraza, Tolosaldeko Asanblada Feminista 2019 urr 24 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!