Harria, triala eta txakolina

Ataria 2019ko irailaren 14a

Jende ugari elkartu da Amasan Txalokin Egunaz gozatzeko. Zizurkil eta Amasa arteko giza proba desafioaren eta Irene Caminosen erakustaldiaren ondoren, iritsi da eztarria freskatzeko unea. 

Herri kirol desafioan amasarrek irabazi dute, hamabost minutuko denboran plaza bat gehiago eginez. 31 egin dituzte etxekoek eta 30, beraz, zizurkildarrek. Bigarren txandan egin dute amasarrek saioa eta oso pareko joan dira; azkenean esfortzu handia egin behar izan dute desafioa bereganatzeko. Amasatik parte hartu dutenak Beatriz Unzue, Kepa Otegi, Elene Tolosa, Jon Beldarrain eta Kepa Nazabal izan dira, eta Zizurkilgo boskotea Aritz Aranberri, Alatzne Etxaburua, Iker Urruzola, Edurne Osa eta Leire Astiasaranek osatu dute.

Irene Caminos trialeko txapeldun tolosarraren erakustaldiaren txanda izan da ondoren. Aho zabalik utzi ditu Amasan elkartutakoak oztopoak gainditzeko eta saltoak egiteko duen abileziarekin. Jendearen gainetik salto egiten ere aritu da, eta txikienek ez dute beldurrik adierazi bizikleta gainetik pasatzen zitzaienean. Txalo zaparradak jaso ditu Caminosek bere goi mailako saioarekin.

Eta, azkenik, txakolina eta pintxoak dastatzeko unea iritsi da. Beste behin, marka ugari probatzeko aukera izan dute, eta arratsaldean zegoen giroarekin, gozatua hartu dute Amasan bildutakoek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!