Epaiketa ahalik eta azkarren egitea eskatu du Villabonako Udalak

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko uzt. 29a, 20:09

Gaitzespen agerraldia egin dute, iazko ekainean bi billabonatar hil zituen istripuaren ustezko egilea aske utzi dutela-eta; udal ordezkariekin batera izan dira senideak eta Oriako txirrindulari taldeko kideak ere. 

Villabonako Udalak hilabete honetan jakin du, epaileak aske utzi duela, epaiketaren zain, iazko ekainean senar-emazte billabonatar bat errepidean hil zuen istripuaren ustezko egilea. Albistearen aurrean, senide, herritar eta Oriako Txirrindulari Taldeko kideekin batera, gaitzespen agerradia egin dute udaletxeko pleno aretoan, istripuaren ustezko egilea aske uztea salatuz, eta epaiketa lehenbailehen egiteko eskatuz. 

Presoaldi prebentiboan zegoen gizonezkoa, eta 3.000 euroko fidantzapean irten da espetxetik, zenbait baldintzarekin: astelehenero bertaratu beharko du epaitegira, eta pasaportea eta gidabaimena epaitegian utzi beharko ditu. Bide horretan, Beatriz Unzue alkateak azpimarratu du azken berriak "inpotentzia" handia sortu diela, eta eskaera argia jarri nahi izan dute mahai gainean: "Errugabetasun-presuntzioa eta askatasun eskubidea dira gizonezkoa aske uzteko arrazoiak, baina egoera honek badu larritasun gehigarri bat: behin-behineko espetxealdiak bi urtekoa behar du izan legez eta, kasu honetan, urtebetekoa izan da. Horregatik, ez du zentzurik samina luzatzeak, eta epaiketa egitea nahi dugu. Justizia egiteko eskatzen dugu, besterik ez". 

Iazko ezbeharrak herri osoa "kolpatu" zuela azpimarratu du alkateak. Leonen (Espainia) izan zen gertakaria, ekainaren 28an, billbonatarrak Donejakue bidea bizikletan egiten ari zirela; bikotea momentuan hil zen, eta haien 12 urteko semea arin zauritu zen. Ezbeharraren ustezko egileak ihes egin zuen, baina kilometro gutxira atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta positibo eman zuen alkohol proban; epailearen esku utzi zuten, eta presoaldi prebentiboan espetxeratu. 

Villabonako Udalak egun gutxian hartu zuen, aho batez, epaiketara herri akusazio gisa aurkezteko erabakia: "Auzibide honetan herri akusazio gisa jarduteko gure konpromisoari eutsiko diogu, noski, familia osoari gure babesa eta elkartasuna azalduz. Auzia ahalik eta hobekien lantzen saiatuko gara". Horretarako, udalak bidelagun izago du Ignacio Fernandez abokatu leondarra. 

Agerraldiaren ondoren elkarretaratze jendetsua egin dute Errebote plazan, duela urtebeteko ezbeharra gogora ekarri, eta ustezko egilea aske utzi izana salatzeko. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!