Kale Nagusiko 38. zenbakian dagoen eraikinaren egoera "txarra" dela baieztatu du Amasa-Villabonako alkateorde Xabat Labordek. Udalak eraikinaren jabetzaren %52a du, gazte asanbladak erabiltzen duen lokala barne, eta egiturazko arazoak ditu etxeak: "Egurrezko habeak ditu, teilatua zaharkituta dago eta EITa etxebizitza eraikinen egoeraren azterketa teknikoa ere ez du gainditu. Egoera prekarioan dago eta ez ditu segurtasun baldintza minimoak betetzen".
Gainera, gaztetxearen ondoan bizi den herritar batek salaketak jarri izan ditu bertan egiten diren ekintzek eragiten duten soinuagatik. Onddo gazte asanbladako kideak saiatu dira bizilagunarekin biltzen irtenbide bat adosteko, baina etxejabeak ez du gazteekin hitz egin nahi izan. Udala, bai, bildu da berekin eta zarata sortuz gero salaketa jarriko diela jakinarazi die udal ordezkariei. "Gaztetxea dagoen lokalak ez ditu baldintza minimoak betetzen eta bizilagun honek salaketa jarriz gero juridikoki babesgabe geratuko litzateke udala".
Honenbestez, Amasa-Villabonako Udalak baloratu du, aurten ezin direla gaztetxean programatuta zeuden ekintzak egin. Gazte asanbladarekin irtenbide bat, "ahalik eta txukunena", adostu du azken orduan eta udalak txalotu egin du, gazte asanbladak eta bizilagunek erakutsi duten prestutasuna. Pilotari kaleko bigarren zenbakiaren azpialdean, plazan bertan dagoen lokala erabiliko dute gazteek prestatuta zuten egitaraua aurrera eramateko. Prestutasuna agertu du lokalaren jabeak ekintza hauek bertan garatzeko eta udalak asegurua ere prestatu du jai egun hauetarako. "
Atzo iluntzean bilera egin zuten udal ordezkariek Pilotari kaleko bizilagunekin prozesua nola joan den azaldu eta azalpenak emateko: "Badakigu soinu asko izango dutela etxe azpian, baina udalak azaldu die behin behineko egoera izango dela hau, jai hauetarako momentuko irtenbide bat; ziurtatu diegu lokal hori ez dela inola ere gaztetxean bilakatu".
Irailetik aurrera, gazte asanbladarekin eseri eta aurrera begirako alternatibak adosten saiatuko direla jakinarazi du Labordek. "Kale Nagusiko eraikinaren egoera ez da ona eta udalak azterketa sakona egingo du irtenbide bat bilatzeko".
Bere aldetik, Onddo gazte asanbladak laguntza eskatu du leku aldaketa gauzatzeko. "Laguntza beharrezkoa da egitarau osoa aurrera ateratzeko", esan dute. Plazan egin dute hitzordua, arratsalderako dena prest egon dadin.