Villabonako jaiak 2019

Jai eredu alternatiboa, Onddo Gazte Asanbladaren eskutik

Tolosaldeko Ataria 2019ko uzt. 19a, 19:56

Onddo plazan eta gaztetxean gauzatuko dituzte ekintza nagusiak aurtengo Santioetan.

Ozen plazaratu dute euren aldarria Onddo Gazte Asanbladako kideek: "Guk ez ditugu festak apolitiko bezala ulertzen; gure ekintzak auzolanean eraikiak dira, herriaren parte hartzean oinarrituta eta autogestio bidez antolatuta".

Aurreko urteetako udal gobernuak izandako jokaera, "autoritario eta oldarkor" bezala definitu dute eta egungo udal gobernuak hainbat ekintza burutzen lagundu ostean, etorkizunari, "ilusioz" begiratzen diotela azpimarratu dute gazte asanbladako kideek.

Nabarmendu dute aurtengo festetan ez dutela inongo eraso sexista, arrazista, homofobo zein bestelakorik onartuko: "Nazkatuta gaude eta horrelakoren bat gertatuz gero, aurrean izango gaituzue". Bide batez, festetako zapiari dagokionez, herriko Lurgatz talde feministak egindakoak nabarmendu dituzte, "zapi hauek koloreztatuko dute herria festa hauetan". Talde feministako kideak ere batu dira egitaraua aurkezteko ekitaldira. Falta diren herritarrak ere izan dituzte gogoan Onddoko kideek: "Musu eta besarkadarik beroenak bidali nahi genizkieke zelda barruan bahituta eta dispertsaturik dauden preso billabonatarrei. Festak zuek gabe ez dira berdin. Maite zaituztegu".

Aipatu bezala, Onddo plazari garrantzia eman nahi diote aurtengoan ere, eta horretarako hainbat ekintza bertan gauzatuko dituzte, "gune alternatibo bat sortuz".

Hau da Onddo Gazte Asanbladak osatu duen egitaraua aurtengo Santio festetarako:

Uztailak 24, asteazkena
18:15. Txupinazoa Onddo plazan. Ondoren, Elektrotxaranga.
00:00. Danborrada.
01:30. Gaztetxean, Ingo al deu?.

Uztailak 26, ostirala
10:30. Baltsa jaitsiera.
14:30. Gazte bazkaria Onddo plazan. Ondoren, Orkresta.
00:00. Ekitaldia. Ondoren, Gaztetxean, Egurra ta Kitto eta DJ Jotatxo.
06:00. Gazte argazkia eta jolasak.

Uztailak 27, larunbata
23:30. Gaztetxean, Kolokan taldea.

Utztailak 28, igandea
10:00. Herritarren artisau azoka.
18:00. Onddo plazan, Alex eta Manexen kontzertua.
Ondoren. Tortilla berezien txapelketa.

Uztailak 30, asteartea
00:00. Gaztetxean kontzertuak izango dira: Estarlus eta Little Martin Selektah.

Uztailak 31, asteazkena
00:00. Kontzertua Patxuko Nice taldearekin. Mozkor sariak eta karaokea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!