Alkatearen esanetan, "izaera herrikoia izatea da Santio jaien ezaugarririk garrantzitsuena", eta norabide horretan, herriko elkarteekin eta jai batzordean parte hartu duten guztiekin elkarlanean aritzea, udal gobernuarentzat "plazera" izan dela adierazi du. "Herritarrek eta herriko elkarteek boluntario gisa, musu-truk eta auzolanean egindako ekarpenik gabe, Santio jaiak ez lirateke posible izango", esan du Unzuek.
Honenbestez, udal gobernuak "aitorpen eta eskertza" mezu bat helarazi die, modu batera edo bestera egitarau honetan jasota dauden ekintzak antolatzeko lanean aritu diren herritar guztiei. Esker hitzak izan ditu alkateak, baita ere, Joxean Cubero kultura teknikariarekiko eta haren lana goraipatu du, "zeregin honetan lan mardul bezain bikaina egiteagatik".
Cuberok jai egitarauaren barruan izango diren bi ekitaldi nabarmendu ditu: txupinazoa botako duen Aniztasunean Lagun boluntario taldea alde batetik; eta bestetik, ezkontza bat parodiatuz, duela 50 urte egin bezala, uztailaren 26an aterako den konpartsa. Kultura teknikariak aipatu duenez, Remi Ayestaranen heriotzaren 10. urteurrenaren harira, urtero egiten zaion omenaldiak izaera berezia hartuko du aurten: "Festa batzordeak erabaki du ekintza jai egitarauan sartzea eta Errebote plazan egitea".
Afari eta bazkarietarako izen emateak
Santio bezperan, uztailaren 24an, urtero egin ohi den herri afarian izena emateko xehetasunak eman dituzte jaiak aurkezteko ekitaldian. 21:30ean Errebote plazan egingo den afarirako, herriafaria24@gmail.com helbidean eman daiteke izena, uztailaren 22ko 12:00ak baino lehen (kuadrillaren izena eta jende kopurua adierazi behar da). Izen-ematea modu presentzialean egin nahi izatekotan, uztailaren 22an egin behar da, 9:00etatik 12:00etara, udaletxean dagoen Zuretzat bulegoan.
Aurten, Santio jaien barruan, Kuadrillen Eguna, uztailaren 30ean izango da, asteartearekin. Aurten ere mahai eta aulkien banaketaren hurrenkera zozketa bidez gauzatuko da. Izena-ematea ondorengo helbidean egin behar da: etxeondobazkaria@gmail.com. Horretarako, mezuan kuadrillaren izena jarri behar da, eta zenbat lagun joango diren bazkaltzera. E-postaz izena emateko azken eguna uztailaren 22an izango da, 12:00etan. Zuretzat bulegoan ere eman daiteke izena, uztailaren 22an, 9:00etatik 12:00etara. Txupinazoaren momentuan, uztailaren 24an, zozketa egingo da, eta bertan ateratzen den zenbakiaren arabera antolatuko da mahaien banaketa.
Kuadrillen eguneko bazkarirako aulkiak eta mahaiak 12:00etan banatuko dira egunean bertan, eta zozketatik ateratako ordena berean egingo da. Eguraldi txarra egingo balu, bazkaria Txermingo ikastolan egingo da. Zalantzazko eguraldiaren kasuan, herri asanblada bat egingo uztailaren 30ean bertan, 10:30ean, Berdura plazan, eta bertan erabakiko da non egingo den bazkaria.