Bihartik igandera, 27 garagardo dastatzeko aukera

Jon Miranda Labaien 2019ko uzt. 17a, 19:59

Villabonako Irrintzi elkarteak antolatzen duen Garagardo Azokak 23 urte bete ditu aurten; ikastolaren Txermingo egoitzan egongo da irekita, egunero, 18:00etatik 01:00etara.

Irrintzi elkarteko bazkideak lanean ari dira egunotan Zubimusu ikastolaren Txermingo egoitzaren azpialdea egokitzen. Duela 23 urte azoka antolatzen hasi ziren bazkideak dira horietako asko, baina pixkanaka erreleboa hartzen ari dira gazteagoak ere. Muntaketa lanetan egunero 30 lagun inguru ibiltzen dira eta bihartik aurrera, txandak betetzeko, egunean 60 bat lagun ariko dira lanean, Irrintziko bazkideak batzuk eta ingurukoak beste denak. Mikel Ayestaran elkarteko lehendakaria da gaur egun: «Boluntarioek egiten duten lana benetan eskertzekoa da, haiek gabe ezinezkoa izango litzateke azoka aurrera ateratzea».

Elkarteak dituen zorrei aurre egiteko eta urtean zehar antolatzen dituen ekimenak aurrera ateratzeko baliatzen dute Garagardo Azokan ateratako dirua. Horretarako, 700 lagun ingururentzat jantokia egokitzen dute ikastolaren azpialdean eta gehienetan beteta egoten da, ekimenak sona handia baitu Villabonatik kanpora ere. Zenbat jende gerturatzen den kalkulatzen ez dakite antolatzaileek, baina iaz esate baterako, 5.500 litro garagardo inguru saldu zituztela baieztatu dute.

MOTA GUZTIETAKOAK

Ia kontinente guztietako garagardoak dastatzeko aukera izango dela nabarmendu du Eneko Calvo Irrintziko zuzendaritzako kideak: «Australia, AEB, Europako eta Euskal Herriko garagardoak dastatzeko aukera izango da, 27 mota guztira». Horien artean, La Salve garagardotegi bilbotarrak sei klase ezberdin ekarriko ditu eta herriko Beertoki garagardo artisaua egiten duen elkarteak Kazalis izenekoa aurkeztuko du. Hala ere, jendeak gehienbat aurrez ezagunak dituen eta ohikoa baino graduazio altuagoa duten garagardoak nahiago dituela azpimarratu du Calvok.

Garagardo bakoitza 3,60 euroan egongo da salgai eta iturritik zerbitzatuko dute, aurrez 1,50 euroan erosi beharko den pittarrean. Aurreko urteetan bezala, herriko tabernetan otorduak zozkatuko dituzte, edalontzia erosten dutenen artean.

Garagardo Azokan edanak adina fama du jatekoak, bereziki bertan jartzen dituzten labeetan egiten duten ukondoak. Horrekin batera, saltxitxak, haragi pastela, gulak, entsaladak, muskuiluak tomatearekin, langostinoak, txokolatezko tarta eta gazta dastatu ahal izango dira.

Bihar, 18:00etan, hiru etxafuego bota eta zabalik geratuko da Villabonako Garagardo Azoka. Lau egunez jai giroan murgiltzeko aukera izango da Santio festen prestaketa gisa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!