Kazalis garagardo artisaua aurkeztuko du Beertokik azokan

Ataria 2019ko uzt. 17a, 12:08

Beertoki elkartekoek Donostiako Gross Brewery lantegian aurkeztu zuten Kazalis garagardoa ekainaren 28an eta Villabonako XXIII. Garagardo Azokan dastatzeko aukera izango da, bihartik aurrera.

Gross Brewery 2013an hasi zen garagardo artisaua ekoizten. Donostiako Igara auzoan dute fabrika eta duela gutxi taberna zabaldu dute Alde Zaharrean. Haiekin elkarlanean ondu dute Beertokikoek euren bigarren garagardo artisaua. India Pale Larger (IPL) estilokoa da. «Trago luzeko garagardo edan erraza, udarako aproposa, freskotasuna eta lupuluak dira esentzia nagusia», esan dute Beertokiko kideek.

Kazalis izena jarri diote, elkartea osatzen duten kideentzat erreferentzia baita musikari zarauztarra. «35 urteko bere musika ibilbide paregabeari omenaldi xume bat egin nahi izan diogu», aipatu dute. Hainbat taldetan jo du Mikel Kazalisek: Estigia, Anestesia, Negu Gorriak, 2Kate, Kuraia eta Matxura bezalakoetan. 25 disko baino gehiago plazaratu ditu eta ehunka abestiren sortzailea da. Euskal Herriko eta baita kanpoko artista onenekin egin du lan eta gitarra eta baxua jotzeaz gainera, abeslaria, soinu teknikaria eta ekoizlea da.

Garagardo berriaren etiketa ere aurkeztu dute: «Ostegunetako afari batean, elkarteko paperezko mantelean inprobisatutakoa da. Anestesia, Negu Gorriak edota Kuraiaren abestien izenak dira bertan ikusgai direnak. Lata beltzak eta eskuz egindako hitzek nortasun 'makarra' ematen diote etiketari».

Kazalis garagardoa dastatzeko aukera izango da Garagardo Azokan. Iazko azokaren harira aurkeztu zuen Beertokik berak egindako lehenengo garagardo artisaua, Zappa izenekoa eta arrakasta handia izan zuen. Aurtengoan ere, 300 litro eramango dituzte azokara, eta bestela, herriko tabernetan ere eskatu ahal izango da Kazalis garagardoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!