Erika Amundarain, bigarren Lekeition

Imanol Garcia Landa 2019ko uztailaren 4a

Berriro ere podiumera igotzea lortu du Erika Amundarain igerilari billabonatarrak. Bigarren egin zuen Lekeitioko Kilin Kala itsas zeharkaldian.

56 igerilarik parte hartu zuten emakumezkoen mailan, eta lehenengo sailkatua Nerea Elorza izan zen. Amundarain minutu bat eta 25 segundora iritsi zen eta bi segundo gehiagora Almuneda Prior.

Amundarainek azaldu duenez, «lehenengo postuetan geratzea espero nuen, ez nekiena zen zehazki ze postutan». Gizonezkoek eta emakumezkoek batera egin zuten igeri, eta Amundarainek ez zuen ikusi nondik zebilen lehen postuan zihoan emakumea. «Zeharkaldi guztia hirugarren joan nintzen, baina halako batean nire klubeko mutil bat ikusi nuen eta berarekin pikatu egin nintzen, eta konturatu gabe ere bigarren neska pasa nuen».

Ioseba Mateos ibartarrak ere parte hartu zuen Lekeitioko proban, eta atera ziren 192 gizonezko igerilarietatik bederatzigarren amaitu zuen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!