"Oraindik sentitzen dut txirrindularia naizela"

Imanol Garcia Landa 2019ko eka. 9a, 11:59

Txirrindularitza utzi berri du Ane Iriartek. Profesionaletan egin zuen urtea ez zen izan espero bezalakoa, eta egun gustura dabil, erizain moduan lanean, eta alor horretako ikasketetan sakontzen.

Bizkaia Durango talde profesionalean 2018 urtean aritu ondoren, lehiaketako txirrindularitza uztea erabaki du Ane Iriartek (Villabona, 1995). Bizikleta gainean lehiatzen aritu den hamar urte inguruetan lortutako eskarmentuak, egungo bizimodurako balio diola dio.

Zer dela eta utzi duzu txirrindularitza?

Faktore ezberdin askok izan zuten zeresana, nik aukera hori egiteko garaian. Erizaintzako gradua aterata nuen, eta gogorra egin zitzaidan urtebete txirrindularitzarari bakarrik eskaintzea. Batez ere psikologikoki. Aurreko lau urteetan bizikleta eta ikasketak bateratu nituen eta, bat-batean, sentitu nuen bizikleta bakarrik nuela, eta nire inguruko ikaskide guztiak bizitza aurrera eramaten ari zirela, ikasketa horiek praktikan jarriz. Zentzu horretan, ni pixka bat geldituta sentitzen nintzen. Egia da fisikoki bizikleta gainean oso ondo sentitzen nintzela, baina faktoreetako bat hori izan zen.

Beste faktore bat izan zen, lesio bat izan nuela oinetan, eta oso gogorra egin zitzaidan lesio horrekin entrenatzen segitzea, eta lasterketetan parte hartzen segitzea. Bizikletan gauzak ondo doazenean oso gustura zaude, eta dena erraz egiten duzu, eta sakrifizio guztiek merezi dute, baina, zerbaitek huts egiten duenean, hasten zara zalantzan jartzen, ea bide onetik zoazen.

Eta, gerora, pentsatu duzu ea erabaki zuzena izan zen?

Gaur egun lanean nago, eta ebakuntza-gelako aditu titulua bukatzen ari naiz. Beraz, ez dut izan aukerarik ondo egin nuen ala ez pentsatzeko. Egia esan, dena oso ondo joan zait bizikleta zintzilikatu nuenetik. Lana atera zait, lanarekin batera aditu praktikak bateratu ditut eta, egia esan, beste modu batera gozatzen ari naiz. Beste egoera batean egongo banintz, bueltak emango nizkioke buruari, baina, hain ondo doakit dena, ez dudala horretan gehiegi pentsatu.

Txirrindularitzan ikasitakoak eta landutakoak zerbaitetan laguntzen dizu gaur egun?

Nik txirrindularitza utzi dut, baina barrutik txirrindularia sentitzen naiz. Ez da bakarrik bizikleta gainean pedalei ematea, beste eskarmentu batzuk ere ematen dizkizu. Diziplina ematen dizu, esaterako. Bestalde, denboraldian zehar izan ohi da lesioren bat, erorketaren bat, gaixotasunen bat… Eta hortik ateratzen jakiteak ematen dizun asebetetzea orain ere aplikatzen jarraitzen dut. Bai, txirrindularitza utzi dut, baina oraindik sentitzen dut txirrindularia naizela, eta hortik ikasi dudan guztia egun aplikatzen dudala beste modu batera.

Orain gutxi Emakumeen Bira izan da, eta bigarren etapa eskualdean izan zen, zehazki, Aiztondon. Inbidia puntu bat eman zizun ez egoteak?

Pena sentitu nuen. Orain bi urte etxe aldamenetik pasatu izan balitz, zenbat gozatuko nukeen. Dena den, ez nuen aukera gehiegirik izan, lanean harrapatu ninduen. Baina beti sentitzen duzu zerbait, inkontzienteki hutsunea sentitzen duzu, horrelako lasterketetan, etxe ondoko lasterketetan. Azkar zoazeneko sentsazio horren hutsunea. Orain, bizikleta hartzen dudanean, ez noa hain azkar.

Azken urtea talde profesional batean egin zenuen. Lorpena ere izango zen horraino iristea, ezta?

Niretzako lorpena izan zen horrelako talde batean parte hartzea, eta lehiatu nituen lasterketetan parte hartzea. Belgika aldean proba garrantzitsuetan parte hartu nuen, negu aldean. Emakumeen Biran parte hartzeko aukera izan nuen, gero lesioagatik utzi behar izan banuen ere. Bestalde, horretan bakarrik ehuneko ehunean zentratzea zaila egin zitzaidan. Niri kostatu zitzaidan, batez ere urte zaila izan nuelako lesioengatik, eta oztopo batzuk topatu nituelako tartean.

Profesionala izateak esan nahi du, horretan erabat aritzea eta soldata bat izatea. Zer-nolako soldatak izaten dira zurea bezalako taldeetan? Agian taldekide guztiek soldata berdinak ere ez zenituzten izango.

Profesional hitza erabiltzen da, baina sasi-profesional esango nuke. Gu saiatzen gara dena ematen, entrenamenduetan edo lasterketetara joaten. Eguneko ordu asko ematen ditugu horretan, ez bakarrik entrenatzen, baita ondoren datorren atsedena ehuneko ehunean betetzen ere. Baita zaintzen ere, gaixotasunak ez harrapatzeko. Elikadura ere zaindu egin behar da. Azkenean, eguneko 24 orduak bizikletan pentsatzen ari gara. Eta soldata aldetik ez du zerikusirik horrekin, ez dugu baldintzarik profesionalak garela esateko.

Animatuko zinateke esatera, zenbatekoa den soldata hori?

Gutxi-gorabehera, nik orain, hilabetean, erizain izanik lortzen dudana, urte osoan txirrindulari bezala irabaziko nuke. Alde handia dago.

Alor horretan, gizonezko txirrindulariekin aldea handia izango da, ezta?

Aldea dago, ez bakarrik txirrindularitzatik kanpo, bertan ere bai. Txirrindularien mailen arabera, aldaketak daude. Txirrindulari batek eguneko 24 orduak horretan ematen ditu, eta langile batek zazpi edo zortzi ordu egiten ditu egunean; erizainen kasuan, zazpi egunez eta hamar gauean eta, ondoren, etxera doaz beren bizitzekin jarraitzera. Bizikletan 24 ordu dira, bidaiak eta aurretik komentatutako guztiak. Eta nesketan oraindik gutxiago. Orduan, zaila da profesionaltasun hori izatea.

Eta zerbaitetan ikusten duzu, emakumezkoen txirrindularitzan, azkenaldian baldintza horiek hobetzen ari direla esateko?

Aldaketa txikiak ikusten dira, baina ez dakit benetan aldaketa horiek nahikoak diren, mutilen egoera berdinera iristeko.

Berdintasuna iritsiko da?

Ez dakit inoiz berdintasun hori sentitzera iritsiko garen. Egia da, nire txirrindularitza bizitza osoan, ez dudala mugarik izan. Esan nahi dut, hemengo eskoletan ni berdin tratatu nautela, federazioan berdin tratu naute. Mugak izan dira, behin profesional mailara iritsitakoan. Orduan konturatzen zara, ez gaudela egoera berean. Berdin entrenatzen dugu, eta mutilen kilometraje berdina egiten ez badugu ere, berdin sakrifikatzen gara, eta emaitzak ez dira berdinak.

Atzera salto bat eginez, nolatan aukeratu zenuen txirrindularitza?

Beti izan naiz neska aktiboa. Orain ere ez naiz geldirik egoten, egunero saiatzen naiz nire tartea bilatzen, kirola egiteko. Oso aktiboa izan nintzen, hamar-hamabi urtera iritsi nintzen arte. Ikusten nuen nire lagunek beste jarduera batzuetan parte hartzen zutela beren aisialdian, eta niri mendira joatea, patinetean ibiltzea edo bizikletan ibiltzea gustatzen zitzaidan. Behin, etxera iritsi, eta esan nuen zerbait egin behar nuela nire bizitzarekin, eta, berehala, Oriako Txirrindulari Eskolan izena eman nuen. Une hartan nire lehengusua ere hantxe zebilen, eta horrelaxe animatu nintzen.

Entrenatzen orduak eta orduak pasatuko zenituen urte hauetan guztietan.

Bai, orduak eta orduak. Astean egun bat libratzen genuen, eta, bestela, bai errepidean eta bai pistan, orduak sartu ditugu. Garaiaren araberakoa ere izan da. Proba garrantzitsuak etortzen zirenean, goizez eta arratsaldez entrenatzen genuen. Batzuetan, goizean errepidera ateratzen ginen eta gero, arratsaldean, pista; edo goiz eta arratsalde pistan. Entrenatzaileak egun horretarako jartzen zigun planaren arabera.

Errepidean talde baten izenean parte hartzen da. Pistan ere horrela izaten da, edo batzuetan federazioaren izenean parte hartzen zenuen?

Izan ditudan talde guztiak errepidekoak izan dira. Pistan federazioaren babesa sentitu behar izan dut beti, probatan parte hartzeko. Gipuzkoako Federaziorekin zorretan sentitu naiz beti, beraiek eraman izan naute behar izan dudan probetara, behar izan ditudan puntuak lortzeko, eta, behin puntu horiek lortuta, Espainiako selekzioa izan da kanpora atera nauena. Federazioaren laguntzarik gabe ezin izango nukeen aurrera atera, ez dudalako pistako taldea izan.

Kontua da, lehen aipatu moduan, denboraldi oso batean hainbat oztopo izaten ditugula. Eta oztopo bat izan zen, azkeneko urtean, Euskadiko selekzioa. Urte guztia pasatu genuen Espainiako Txapelketa prestatzen, horretarako egin beharreko entrenamendu eta lasterketa guztiak prestatuz, eta, kontua da, Euskadiko hautatzaileak esan zuela, hilabete lehenago, inongo arrazoirik eman gabe, neskak ez zituela eramango Espainiako Txapelketetara. Orduan inguruko neskek beren taldekoen babesa izan zuten, baina ni nire kontura joatekoa nintzen eta, beraz, erabaki nuen ez parte hartzea. Asko sakrifikatu nintzen forman iristeko, gauza pila bat utzi behar izan nituen alde batera, eta azkeneko hitza Euskadiko Federazioarena izan zen, eta bertan hautatzaileak erabaki zuen neskak ez eramatea. Mutilak eraman zituen, baina, beste behin, neskak izan ginen gaizki irten ginenak. Oztopo hori pasatu, eta Suitzan eta Bordelen izan nintzen Gipuzkoako Federazioarekin, eta arantza atera ahal izan nuen. Bordelen, nazioarteko proba batean, hirugarren postua lortu nuen. Hor ikasi nuen momentu txarrak gainditzen ikasi behar dela, gero onak disfrutatu ahal izateko.

Kolpe horrek uzteko erabakian zeresana izan zuen?

Nik erabakia nahiko hartuta neukan. Baina, konturatzen zara, zure esku dagoen guztia eman, eta kanpoko eragile askok ez dizutela uzten erakusten zuk egindako lan guztia, eta hori oso gogorra da. Ikasketak egiten aritu izan naizen bitartean horrelako oztopoak beti izan ditut, baina beti babestu izan naiz ikasketetan. Horretara bakarrik zaudenean, ordea, horrelako oztopoek kolpe handiagoa ematen dizute. Pentsatzen duzu: «Ni hemen, orduak sartzen, nire etorkizuna beste bide batetik eraman beharrean, eta benetan merezi du hainbeste sakrifikatzeak?».

Txirrindularitza profesionala utzi duzunetik zertan aldatu da zure bizimodua?

Erabat aldatu da, baina gero hasten naiz pentsatzen ez dela hainbesterako. Entrenatze hori eta sakrifikatze hori bizitzan beste era batera aplikatzen ikasi dut. Hilabete gogorrak izan dira, lana eta ikasketak uztartuz, baina lortu dut, eta nire denbora librean kirola egiten jarraitzen dut. Orain beste era batera. Lehen indibidualki zen, edo entrenatzen ibiltzen nintzen jendearekin. Orain gogoa baldin badut mendira joateko, mendira joaten naiz. Eta korrika egitera joateko gogoa badut, horretara joaten naiz. Eta lehen paperak esaten zuena egin behar zen, bai edo bai, eta bukatu arte ez zinen etxera itzultzen.

Bizikleta ez duzu guztiz utzi.

Ez, bizikletan beti ariko naiz. Orain poliki nabil, ez lehen bezain azkar; beste era batera disfrutatuz. Orain kafe bat hartzen ere geratzen gara nonbait.

Jende dezente ikusten da bizikletarekin, ezta?

Konturatzen naiz, eta poz handia sentitzen dut neskak ikusten ditudanean. Lehen konturatzen nintzen neskak ibiltzen zirela, bere bikotekidearen ondoan-edo; ematen zuen beren bikotekideak bultzatuta zebiltzala bizikletan. Orain neska pila bat ikusten da errepidean, bakarrik, nesken taldeetan, edo mutilekin taldeak osatuz. Eta horrek poz handia ematen du.

Elikadurari dagokionez ere aldatuko zitzaizun egoera, ezta?

Orain ez dakit elikadurari ez ote diodan gehiago begiratzen. Lehen jandako guztia erretzen nuen, eta orain dena itsatsi egiten da. Jarraitzen dugu begiratzen, egunero-egunero, urtetan hartutako ohiturak dira; hori bai, beste maila batean.

Eta parranda kontuak?

Pentsatzen nuen bizikleta utzi eta parrandan hasiko nintzela. Baina asteburuetan lan egiteak ez dit uzten parrandaz gehiegi disfrutatzen. Dena den, etorriko dira horretarako garaiak ere.

Zer esango zenioke txirrindularitzan murgiltzeko asmoa duen haur bati?

Garaia dela denetarik probatzeko, denetarik disfrutatzeko. Eta iritsiko dela unea, esateko, «honetan aritu nahi dut», eta pentsatzeko merezi duela gauzak alde batera uztea, honetarako. Egia da gogorra dela, hori ez badut horrela esaten jendea engainatzen ari naiz; baina jasotzen dituzun pozek ez dute preziorik. Beraz, anima daitezela.

Eta nola ikusten duzu txirrindularitza, beste kirolekin alderatuta?

Txirrindularitza pixka bat baztertuago, batez ere futbolarekin alderatuz. Itzalpean gaude oraindik, baina ikusten dut jende askok jarraitzen duela, eta ez dakit gehiagora egingo duen, baina mantentzeko arazorik ez duela izango, seguru.

Etorkizunean loturarik izango duzu txirrindularitzarekin? Prestatzaile moduan, adibidez?

Gaur egun erizaintzarekin buru-belarri nabil. Baina, egia da, Gipuzkoako Federazioarekin erabat zorretan sentitzen naizela, eta beraiek proposatu zidaten ea eskola batzuetan saioren bat egingo ote nuen; baita belodromoan ere, bertako arauak-eta azalduz, eta ikasle neskak zein mutilak bizikletan proba egitera pixka bat bultzatuz. Eta orain horretan nabil: Gipuzkoako Federazioak emandako laguntza eta babes guztia nire denbora tarte txiki horretan bueltatzen saiatzen.

Erlazionatuak

Hamalau urrezko domina

Imanol Garcia Landa 2019 eka 09 Amasa-Villabona

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!