Hamalau urrezko domina

Imanol Garcia Landa 2019ko eka. 9a, 10:35

Ane Iriartek domina ugari eskuratu zituen bere txirrindulari ibilbidean; horietatik hamalau urre kolorekoak Espainiako txapelketetan, ia denak pistan. Europako zein Munduko txapelketetan ere parte hartzeko aukera izan zuen, belodromo barruko modalitatean.

Ane Iriartek gehien gozatu duen modalitatea pistakoa izan da. Hamahiru urre lortu zituen, Espainiako hainbat txapelketatan. Errepideari dagokionez, 23 urte azpiko Espainiako Txapelketa batean, erlojupekoaren aurkako proban txapelduna izan zen. Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan, berriz, lortutako dominen zerrenda askoz ugariagoa da.

Pistari dagokionez, Europako Txapelketetan ere parte hartu du Iriartek, eta postu onena puntuazioko proba batean lortu zuen, bosgarren izanez 23 urte azpiko mailan. Elite mailan, scratch proban lortutako zazpigarren postuarekin jo zuen goia. «Iazkoa urte borobila izan zen, Europako Txapelketan maila ona eman ondoren, Munduko Txapelketara joan nintzen», azaldu du Iriartek: «Munduko Txapelketan ez nuen hainbesteko zortea izan. Hemezortzigarren egin nuen scratch proban, eta puntuazioan arazo bat izan genuen materialarekin, nahasketa bat izan zen garapenarekin, eta lasterketatik kanpo geratu nintzen. Pena handia izan zen, Munduko Txapelketa baitzen gorriz markatutako eguna nire egutegian, eta ez zen ondo atera».

Iazkoa izan zen mundu mailan parte hartu zuen urte bakarra. Europako txapelketetan jubenil mailatik hasi eta lehiaketa utzi bitarte parte hartu zuen billabonatarrak, hau da, zazpi urtez: «Europako Txapelketan eta Munduko Txapelketetan puntan dabiltzan kirolariak berdinak izaten dira, baina munduko txapelketetarako jendea gehiago prestatzen da, eta abiadura igo egiten da. Kilometro orduko datuak segituan esaten du, askoz ere maila handiagoa dagoela».

Hamahiru urterekin hasi zen Oriako Txirrindulari Eskolan, infantil mailan. Kadete mailan Espainiako Txapelketan parte hartzeko aukera izan zuen, Euskadiko Federazioarekin, eta lehenengo urtetik hasi zen dominak etxera ekartzen, eta azken urteraino urre kolorekoak izan ziren.

Taldeei dagokienez, Oriakon hasi zuen bidea, gero Tolosa CFn jarraitu zuen. Ondoren Oriakora itzuli zen, gero pare bat urtean Nafarroako Reino de Navarra taldean ibili zen, eta handik Kantabriako Merueloko klub batean beste urtebete pasatu zuen. Hortik saltoa egin zuen Bizkaia Durangora. Eskualdetik kanpoko taldeetan aritzeak «sakrifizio handia» suposatu zion. «Bestalde, egia da zortea izan dudala, beti ingurukoen laguntza izan baitut. Pribilegiatua sentitzen naiz alde horretatik».

Iraupenezko probetan

Pistako modalitatea bi zatitan bereizi daitekeela dio Iriartek. Proba batzuk iraupenezkoetan ondo moldatzen direnentzako izaten dira, eta hor probak luzeagoak dira. Besteak abiaduran ondo moldatzen direnentzako dira, eta proba horiek motzagoak dira. «Gorputzak ere ezberdinak izaten dira. Ni iraupenezkoetan lehiatzen nintzen, eta bertako proba ezberdinetan irabazi ditut Espainiako txapelketak», esan du. Esaterako, 23 urtez azpiko mailak irauten dituen lau urte horietan guztietan, scratch proban irabazi zuen domina. «Scratcha da pistan ulertzeko errazena den proba. Itzuli kopuru bat du, eta azkeneko itzulian helmugara lehena iristen denak irabazten du».

Lorpen horietako batzuk taldeka eskuratu ditu. Jubenila eta kadetea zenean parte hartzen zuen taldekako abiadura proban, eta bertan domina bat edo beste lortu zuen. Gero, helduago izatean, iraupeneko probetan gehiago zentratu zen, eta hor bai, taldekako probetan, jazarpenekoetan, azken urteetan irabazi zuten. Lasterketa horretan lau txirrindulari ateratzen dira, eta erreleboka itzuli kopuru bat eman behar da.

Iriartek dioenez, «erabat bateragarriak» dira errepidean eta pistan ibiltzen diren txirrindulariak: «Baina ikusten da pistan oso ondo dabilen txirrindularia, gero, errepidean, oso ondo ibiltzen dela; eta berdin hainbeste nabarmentzen ez denaren kasuan ere. Ez dakit motibazioarengatik edo zergatik dauden aldeak, txirrindulari batzuetatik besteetara».

Errepideko egutegi guztia erabiltzen zuen pistari begira. «Normalean, pistan ondo nenbilenean, errepidean ere ondo aritzen nintzen. Ez dut esango aldapetan espezialista nintzenik, baina mendateak pasatzen nituen. Gero, esprinterako beti ematen dizu pistak indar hori».

Gipuzkoan txirrindulariak «zortedunak» direla dio Iriartek. «Hemengo txirrindulari guztiek dute aukera bere eskolarekin Anoetako belodromora joateko, eta Gipuzkoako Federazioak uzten ditu bizikletak eta sarrera, hiru egunez doan, eta gero bertako lasterketetan parte hartzeko eta probatzeko aukera». Proba horien bitartez eta entrenamenduetan arituz, pistaren harra sartu zitzaion Iriarteri, eta gero Gipuzkoako zein Euskadiko federazioekin kanpora joaten hasteko aukera izan zuen, probetan lehiatzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!