Villabonako Emakumeen lehenengo topaketak egingo dira ekainaren 15ean

Ataria 2019ko ekainaren 5a

Lurgatz talde feministak antolatu du egun osoko egitaraua. Iluntzean, Beertoki elkartearekin batera, 'Emakumea eta garagardoa' afari-hitzaldia eta kontzertuak izango dira.

Villabonako Lurgatz talde feministak urtea bete du dagoeneko. Hori dela eta, ekainaren 15ean, larunbata, Villabonako Emakumeen I. Topaketak antolatu ditu.

Hona hemen egitaraua:

11:30. Topaketari hasiera emango zaio Errebote plazan. Aurkezpenak eta prestaketa egingo dira.

12:00. Errebote plazan tailerrak egingo dira: irakurketa feminista, kartelak, henna tailerra eta zapien erabilera ezberdinak.

14:00. Berdura plazan bazkaria: lurralde ezberdinetako emakumeen arteko janari dastaketa. Oharrak: Borondatea baino ez da kobratuko eta norberak bere mahai tresnak eraman beharko ditu. Izen emateak ekainaren 12ra arte egin daitezke lurgatztaldefeminista@gmail.com helbidean edo Kaori faktorian.

16:30. Emakumeen dantzaldi pribatua Aljibean.

Emakumea eta garagardoa

Aisiaren, musikaren eta orokorrean bizitzaren ia alor guztietan bezala, gizonek bere egin dute garagardoaren mundua, baina oraingoan hegemonia hau apurtzeko asmoz emakumeak izango dira protagonista Beertoki elkarteak Lurgatz taldearekin batera antolatutako ekimenean.

Ekainaren 15ean, afari-hitzaldi bat eta bi kontzertu antolatu dira. Villabonako gaztetxean, 19:00etan, Mara bakarlariaren eskutik kontzertua izango da aurrena eta ondoren Holy Nuns taldearen rock emanaldia izango da.

Jarraian, Bilbotik etorriko da Mar La Txika de la Cerveza. Bere garagardoak aurkeztuko ditu. Afaria pintxo eta mokadu beganoz lagunduta eskainiko da eta bitartean emakumeak garagardoaren munduan bizi duen egoerari buruz hitz egingo du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!