Toki bat behar dute, egoteko eta egiteko

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 17a, 19:59

Lurgatz talde feministak lehen urteurrena ospatuko du, datorren astean; «indartsu» daude, borrokarekin segitzeko

Talde antikapitalista, ekologista, antolakuntzaz integratzailea, asanblearioa, apartidista, dinamikoa, kritikoa eta autokritikoa. Horrela definitzen du bere burua, Amasa-Villabonako Lurgatz talde feministak. Duela urtebete egindako jardunaldi feministan eratu zuten taldea, eta oinarri ideologikoak zehaztearekin batera jarri zioten izena mugimenduari, AEBetan 1954an grabatutako La sal de la tierra pelikula gogoan hartuta: «Lehen film feministatzat dute askok, eta ederra iruditu zitzaigun. Nahiz eta lurra emankorra izan, gatzik ez badu, ezin da bertan erein. Guk ere, iazko Martxoaren 8an erein zen hura hazten laguntzeko, espazio bat eskaini nahi genuen».

Elkar ezagutzea izan zen lehen pausoa eta, hasieratik, herriko belaunaldi ezberdinetako emakumeak batu ziren taldera. «Emakumeak pertsona autonomo, emantzipatu, baliodun eta eskubidedunak garenaren ideian sakondu nahi dugu eta, edozein dela gure familiaren egoera, gure jatorri soziala, gure ideologia politikoa edo gure pentsaera espirituala, libreak garela gure bizitzen eta gure gorputzen gainean erabakitzeko. Gauza jakina dela dirudi, baina, gure eguneroko bizitzan, denok dakigu errealitatetik urrun dagoen ametsa dela oraindik», dio taldekideetako batek.

Lurgatz martxan jartzearekin batera, lanean hasi ziren indarkeria matxistaren aurkako protokoloa diseinatzen, udalarekin elkarlanean. Iazko Santio festetan, Emagin taldea festetara gonbidatu eta, herriko beste eragileekin batera, parte hartu zuten txosna batzordean. Gerora, azaroaren 25aren bueltan ekitaldi gehiago antolatu zituzten, eta Amasa-Villabonako kideek aktiboki parte hartu dute Aiztondoko Asanblada Feministan, aurtengo Martxoaren 8an.

Biltzeko toki baten beharra

Egitasmoak antolatzen hasi ahala konturatu ziren, herrian emakumeentzako espazio baten falta zegoela. «Amasa-Villabonak gabezia hori zuela ikusi genuen, emakumeok biltzeko toki aproposik ez genuela. Hainbat jatorritako emakumeak bizi gara herrian, eta guztion bizitzak erdigunera ekartzeko espazio bat behar dugu. Nola gerturatuko gara emakume horiengana, espazio bat ematen ez badiegu?». Toki baten beharra aldarrikatu dute Lurgatzeko kideek, «elkarrengandik ikasteko, elkarrekin nahasteko, besteen esperientzietatik ikasteko, espektatibak konpartitzeko, elkarbizitza lantzeko».

Herritar gisa, talde feministako kideek behar hori Amasa-Villabonako Udalera eraman zuten iaz, eta ate guztiak «itxita» topatu zituztela esan dute. Udal jabetzakoa den Kale Nagusiko etxebizitza aurrena, herriko beste lokal baten alokairua hurrena... Udal gobernuak proposamenei aurrerabiderik ez diela eman esan dute. «Eztabaida horretan, zilegitasuna kendu nahi izan digute, eta gutxietsi egin gaituzte. Emakumeen ahotsa ez genuela ordezkatzen esan digute, talde anitza izanik alderdi jakin batekin lotu nahi izan gaituzte, gezurretan aritu dira... Oso gogorra izan da, inpotentzia handia sentitu dugu».

Gaur egun bizi dugun prozesu sozialean, Lurgatzeko kideek uste dute, talde feminista bat ezin dela beste edozein talde bezala hartu. «Alderdi politiko batzuk feminismoa ez badute giza eskubideen aldeko borroka bezala ulertzen, nekez batuko dira elkarlanera». Urtebete honetan, bidean oztopo asko topatu dituzten arren, asko ikasi dutela aipatu dute: «Orain arte gure bizitzetan existitzen ez zen tratu txar instituzionala identifikatzen ikasi dugu, adibidez».

Lurgatzek uste du euren esentzia ez dela soilik udalarekin borroka betean aritzea; harago doa talde feminista baten egitekoa eta, bidean indar asko galdu duten arren, lanean jarraitu dute urtebete honetan. Bilgune baten faltan, Errebote plazan elkartu izan dira, eta Villabonako Gaztexean ere topatu dute elkarrekin egoteko gunea: «Onddo gazte asanbladakoei eskerrak eman behar dizkiegu, izugarri ondo portatu baitira gurekin. Babestuta egoteko espazio bat eskaini digute».

Herriko emakumeen behar horri ahotsa ematen jarraituko dutela aipatu dute, eta udal hauteskundeen ondorengo udalbatza berriari ere helaraziko diotela gabezia hori. Bien bitartean, gizarte eragile den neurrian, Lurgatzek herriko beste taldeekin harremana izango du, «heteropatriarkatua suntsitzeko borrokan sakontzeko». Helburu hori lortzeko bidean, dagoeneko, urtebete egin dute, eta ospakizunak datorren astean egingo dituzte.

I. URTEMUGAKO EGITARAUA

MAIATZAK 21, ASTEARTEA

19:00. Rosa Cobos teorialari feministaren bideo emanaldia, Salbadora erretiratuen etxean.

Ondoren. Solasaldia.

MAIATZAK 25, LARUNBATA

10:00. Asanblada irekia.

12:30. Zizka-mizkak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!