Beatriz Unzue izango da Amasa-Villabonan alkate datozen lau urteetan. EH Bilduko zerrendak eskuratu zituen, atzo, boto gehien. Guztira 1.517, 2015ean baino 388 boto gehiago. Guztira, koalizio abertzaleak agintaldi berrian zazpi zinegotzi izango ditu. Unzuekin batera, orain arte zinegotzi izandako Xabat Laborde eta Arantxa Lopez arituko dira, eta Gorka Kamio, Amagoia Agirre, Ander Goikoetxea eta Garazi Bengoetxea izango dira EH Bilduk izango dituen zinegotzi berriak.
Unzuek emaitzen lehen balorazioa egin nahi izan du: «Oso oso pozik gaude eta herriari eskerrak eman behar dizkiogu, bihotzez». Aurrerantzean alkate izango den Unzueren ustetan, Amasa-Villabonako herrian aldaketa behar zen eta koalizio abertzaleak egin duen lanari egotzi dio emaitza ona: «Lan asko egin dugu kanpainan eta horrela jarraituko dugu. Ez diegu hutsik egingo. Gure lana, elkarlanean eta parte hartzean oinarrituko da. Ez ditugu erabakiak bulego itxi batean hartuko».
Jeltzaleak alkatetza galdu
Azken agintaldian EAJk izan du alkatetza Amasa-Villabonan. Sei zinegotzi izan ditu alderdi jeltzaleak, EH Bilduk bezainbeste, baina alderdi sozialistaren babesarekin udal gobernua osatu zuen duela lau urte. Patxi Agirre alderdi jeltzaleak Amasa-Villabonako Udalean izango duen bost zinegotzietako bat izango da eta lehen balorazioa egin du behin emaitzak ezagututa: «Ez ditugu espero genituen emaitzak lortu, baina nahikoa kontentu gaude gure botoa kontsolidatu egin delako». Agirreren esanetan, ez du uste EAJren galera izan denik, EH Bilduren hazkundea baizik. «Beste batzuk egin ez duten bezala, oposizio garbi eta leiala egingo dugu eta prest gaude gai estrategikoetan adostasunetara iristeko EH Bildurekin. Batera eta elkarlanean aritzeko prest gaude».
Alderdi sozialistak bere zinegotzia mantendu du eta hirugarren legealdia izango du Maria Luisa Arijak udalean. Elkarrekin Podemosek, lehen aldiz aurkeztu zuen hautagaitza atzoko udal hauteskundeetan eta ez du ordezkaritzarik lortu.