«Gobernuaren kontrol zerbitzu bat egin dut»

Jon Miranda Labaien 2019ko mai. 16a, 11:56

Gobernua sostengatuz, azken agintaldian, zenbait erabakitan EAJk muga gainditzeko izan duen tentazioari galga jartzen saiatu dela dio Maria Luisa Arija Amasa-Villabonako PSE-EEren alkategaiak.

Zortzi urte egin ditu Amasa-Villabonako Udalean Maria Luisa Arija Soutullok (Valladolid, Espainia, 1948) eta «zoratzen» dagoela dio. Gustuko lana du eta berriz lortu nahi luke eserlekua.

Zergatik erabaki duzu berriz aurkeztea PSE-EEko Amasa-Villabonako zerrendaburu gisa?

Zortzi urte daramatzat Villabonako udalean alderdi sozialistaren ordezkari gisa eta zoratzen nago. Gustuko dut lana eta saiatzen naiz batzorde guztietara joaten. Asko ikasten duzu eta pertsona bezala garatu egiten zara. Uste dut udal gobernuaren kontrol zerbitzu bat ere egiten dudala, ez nik nahi bezainbeste, gaur egun EAJren gobernua sostengatzen ari garelako, baina hala eta guztiz ere zenbait erabakitan muga gainditzeko izan dezaketen tentazioari galga jartzen saiatzen naiz.

Zergatik ahalbidetu zenuen agintaldi honen hasieran EAJren udal gobernua?

Lehenik eta behin, EH Bilduko hautagaiaren eta EAJk aurkeztutakoaren artean, duda gutxi neukan, arlo pertsonaletik begiratuta. EH Bilduk aurkeztutako taldea ere ez zitzaidan batere gustatzen. Bestalde, bazegoen gure alderdiak EAJrekin egindako akordioa, gure botoa erabakigarria zen leku guztietan haien hautagaia babestea adostu genuen, nahiz eta alderdi jeltzaleak ez zuen akordio hori herri guztietan bete. Guk beti betetzen dugu emandako hitza, edo horretan saiatzen gara.

Bestalde, jendeak oso argi eduki behar du zergatik galdu zituen aurreko hauteskundeak EH Bilduk: atez ateko sistema ezartzerako orduan agertu zuen nagusikeriagatik. Horrek ezinegona eta larritasuna sortu zuen herrian. Jendea etortzen zitzaigun protestaka eta udal bilkura bakoitzean nik herritarrek jarritako 20-30 isunen berri ematen nuen.

Ezinegona gaindituta al dago jadanik?

Bai. Aitortu behar da Iban Agirre aurreko alkatearen egitekoa gai horretan garrantzitsua izan zela. Kontuak leuntzen saiatu zen eta akordio bat erdiestea lortu genuen, non puntu asko zehazten ziren eta non bere postulatuetako asko alde batera utzi behar izan zuen alderdi bakoitzak.

Nolakoa iruditu zaizu EAJren kudeaketa Amasa-Villabonako udal gobernuan?

Argi ilunak ikusten dizkiot. Argiak asko, besteren artean, Errebote plazaren konpontzea. Uste dut primeran geratu dela eta aurretik ematen zitzaizkion erabilpen guztiak emateko prest dagoela, aurrerantzean ere. Garbi geratu da eta oso txukun dago. Argiteria sistema guztia hobetuko da, esleitu den kontratu berriari esker eta hori ere eskertzekoa da. Baina sumatzen da nagusikeria beste hainbat erabakitan.

Zertan adibidez?

Ba, esaterako, ez dela parke bat estaltzeko kontsentsurik lortu. Neurri handi batean burugogorkeriagatik. EAJk arrazoi du esaten duenean Larrea parkea estaltzeko proiektua gaindimentsionatuta zegoela eta kostu handia zekarrela. Gainera, bi sententziari aurre egin behar zitzaienez eta inbertsiotarako ia ez zegoenez dirurik agintaldi hasieran, bertan behera geratu da. Baina nik uste dut jeltzaleek borondate politikoa falta eduki dutela parke bat estaltzeko. Gogaitu egin gaituzte, azkenerako. Olaederra kiroldegi ondoko haur parkea estaltzearen proiektua ondo ikusten dut, baina ibaiaren ondoan dago eta ea baimena ematen diguten hori egiteko. Borrokatuko gara hori lortzeko.

Seaska haur eskolara haurrak daramatzaten gurasoentzat matrikula ordaintzeko diru laguntzetan ados jarri zarete EH Bildurekin.

Gauzak zentzuzkoak eskatzen direnean normala da ados jartzea. Koalizioak abertzaleak kuotak berdintzea eskatu zuen, baina ni ez nengoen ados. Iruditzen zait ahalmen ekonomikoa duten familiei ez diegula zertan matrikula ordaindu behar. Beraz, nik zera proposatu nuen, urtean 24.000 euro baino gutxiago irabazten duten familiak matrikula ordaintzetik salbuetsita geratzea eta 24.000 eurotik 30.000 eurora bitarteko familiei, kuotak berdintzea. Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldeko txostena jaso dugu eta Eusko Jaurlaritzarena jaso ez dugunez, isiltasun administratiboa dagoela ulertzen dugu. Udal barruko txostenak falta zaizkigu eta kreditu aldaketak egin beharko ditugu. Ea legealdia bukatu aurretik egiten dugun.

Alderdi guztiak ados jarri zarete Oriamendiko etxebizitza behar sozialetara egokitzeko erabakian. Arlo sozialean gehiago egin daitekeela uste duzu?

Oriamendiko etxebizitza egokitzea lortu dugu eta kosta zaigu aurrera eramatea udalean zinegotzi gisa daramatzadan zortzi urteetan eskaera hori presente egon delako. Uste dut agintaldi honetan egon den erabaki egokienetako bat izan dela. Askotan bozkatu dugu hiru alderdiok elkarrekin.

Kale Nagusiko etxebizitza, udal jabetzakoa dena, Lurgatz talde feministaren esku ez uztea erabaki du udal gobernuak. Zergatik?

Nik oso postura garbia dut. Etxebizitza da eta ez lokal bat. Talde feministari lokal bat eman edo ordaintzearen alde nago. Baina etxebizitza bizitzeko da ez da beste ezertarako. Etxebizitza horren egoera ez da egokia. Berritu egin behar da eraikin guztia eta bizilagun batzuk ez dute baliabide nahikorik horretarako. Erortzeko arriskuan dago.

Ez dut uste ez nik ez EAJk gaia enkistatuta daukagunik. Alternatiba bat eskaini zitzaion Lurgatzi beste lokalen bat bilatu zezan eta esan zitzaion lokal horren alokairuaren kargu egingo zela udala. Baina etxebizitza horrekin tematu dira, Kale Nagusian behar duela, herriko erdigunean behar duela eta horrelako baldintzak jarri dituzte, eta gainera okupatzeko mehatxua egin.

Merkataritza nola ikusten duzu herrian?

Herritarrok hartu behar dugu lehen neurria. Gertuko saltokietan egin behar ditugu erosketak eta ez merkataritza zentro handietan. Denda txikiak daude herrian eta lanpostuak sortzen ditu. Badakigu Internetetik erosketak egitea erosoa izan daitekeela, baina herritarren ogibidea dago jokoa. Merkataritza gune bat izan daiteke Villabonako erdigunea, Kale Nagusian, Kale Berrian, Larrea inguruan badago merkataritza. Ezin dugu hori guztia hiltzen utzi. Laguntzeko modu nagusia, gertuko saltokietan erostea da.

Proiektu izarrik baduzu?

Seaska haur eskolara errenta jakin batetik beherako familiek 0 eta 3 urte bitarteko haurren gurasoek umea kosturik gabe eraman dezaten neurri hori gauzatzen jarraituko dugu. Hori proiektu bat da. Bestea berriz, Kale Nagusiko etxebizitza aurrera ateratzea da. Akordioa lortu behar dugu, arazoa duten bizilagunak lagundu behar dira eta eraikina nola birgaitu daitekeen aztertu behar da. Beheko lokala erabilgarri jarri daiteke, ez orain bezala gazte asanbladak okupatuta. Ni ez nago gaztetxearen aurka, gazte asanbladari laga diezaioke udalak, baina munduko legalitate guztiarekin. Goiko pisua etxebizitza bezala erabili ahal izango litzateke.

Eta bukatzeko, hitz ematen dut, parke bat estaltzeko proiektua aurkezten duenak, nire aldeko botoa izango duela. Garestia izan, lehen aurkeztutako berdina izan, ezberdina izan... nire botoa erabakigarria bada, proiektua aurkezten duenaren aldekoa izango da. EAJ izan edo EH Bildu izan proiektua aurkezten duena. Ezinbestekoa da, umeak ezin dira eguraldi txarra egiten duenean kalean egon. Sei urte arteko umeentzako dira parkeak eta haurrak babestuta egon behar dute.

Elkarrekin Podemosek hautagaitza aurkeztu du Amasa-Villabonan lehen aldiz. Zure eserlekua arriskuan ikusten al duzu?

Ezetz espero dut, horregatik behintzat arriskuan ez egotea. Espero dudana da banaketa gehiagoren artean egin ahal izatea. Ni ez naiz zaurtzailea jendearekin. Pentsatzen dut asko kosta dela hona demokrazia ekartzea, nahiz eta askotan badirudien espiritu santuak erregalatu zigula, zerutik datorkigula. Bada ez da horrela. Jende askok borroka handia egin behar izan genuen urte luzeetan. Hemen, Valladoliden, Madrilen, Cuencan eta leku guztietan. Eta eserlekua galtzen badut, penaz joango naiz, behar bezain ondo egin ez dudalako. Baino kontentu nago, badakidalako zer lan egin dudan udalean. Erabat ondo kontrolatu ditut gastu guztiak eta bi legealdien azterketa zehatza egiten duenak, eta ikusiko du, udalari eskutik ez zaiola ez kontraturik, ez fakturarik, ez gasturik, ez ezer joan.

Berriz ere zure botoa erabakigarria balitz, berriz babestuko zenuke EAJ?

Udal askotan EAJk alderdi sozialista babestu beharko du eta espero dut udaletan akordio horiek erdiestea. Horrela bada, nik alderdi jeltzalearen aldeko botoa emango nuke. Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernuak berebiziko emaitzak eman dituela uste dut, eta bi alderdiek, nahikoa zintzotasunaz jokatu dutela. Garraioa, ingurumena eta komertzio arloetan egin diren gauza asko ikusgarriak izan dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!