Zerrendaburu izateko proposamena ondo pentsatu du Beatriz Unzue Esnaolak (Amasa, 1974) eta gauzak balantza batean jarri ondoren, familiarekin adostu eta jendearen babesa jaso eta gero, konpromisoari heldu dio, «animoso eta lanerako prest».
Zergatik erabaki duzu EH Bilduko alkategai izatea?
Egia esan ez da erabaki erraza izan. Ondo pentsatu beharreko kontua da, nire bizitzan gauzak aldatu egingo baitira, eta horregatik, gauzak balantza batean jarri behar izan ditut. Herritarra naiz, Amasa-Villabona maite dut, Euskal Herria maite dut, abertzalea naiz. Maite ditudan gauzen alde ez badut lan egin behar, ez goaz inora. Familiarekin adostu eta ingurukoen babesa jaso dut. Animoso nago eta lanerako prest.
Nola osatu duzue Amasa-Villabonako EH Bilduren hautagaitza?
Guk beti parekidetasuna errespetatzen dugu. Hamaseiko taldea, zortzi emakume eta zortzi gizonezkoz osatuta dago. Prozesua oso aberasgarria izan da eta gai bakoitzari dagokion pertsona egokia topatu dugu. Esaten den bezala 'kilometro 0' zerrenda osatu dugu. Denak gara herrikoak. Ilusioz beteriko zerrenda bat da, konprometitutako jendez osatutako. Mundiala.
Herri programa osatzerako orduan, duela urtebete hasi ginen gaikako bilerak eginez eta eragile ezberdinekin elkartuz. Bilera bakoitzetik kezkak eta proposamenak jaso dira. Koaderno Zuria izeneko ekimena ere jarri dugu martxan. Hor proposamen pila bat jaso dugu, aberasgarria eta pozgarria izan da zuzeneko tratu hori. Martxan jarri dugun azkeneko ekimena inkesta izan da. Herri programa ez da zerbait itxia. Gure asmoa da gai guzti hauek mahai gainean jarri eta herritarrekin batera erabakitzea. Udalean ordezkaritza badugu, parte hartzea izango da puntu nagusia.
Nola baloratzen duzu EAJren udal gobernuaren kudeaketa?
Ni ez naiz udalean egon lau urteotan eta ez zait besteez hitz egitea gehiegi gustatzen. Hala ere, herritar gisa ikusi dut gobernuak ez duela bereizketa egin udalaren eta alderdiaren artean, udaletxea batzokitzat hartu du. Erabaki asko eta asko hartu dituzte alkate dekretuz, jendearekin partekatu gabe. Amasa-Villabona bezalako herri batean ezin dira horrelako jarrerak eduki. Are gehiago duela lau urteko programan, udala partaidetzara zabalduko zutela esan zutenean. Iruditzen zait, erabakiak ezin direla itxitako bulego batean hartu. Herritarrei hitza eta erabaki eman behar zaie.
Herriko eragileak oso garrantzitsuak dira eta eguneroko tratua izan behar da beraiekin. Erabakiak haiekin batera hartu behar dira. Duela zortzi urte Ados mahaiak jarri ziren martxan eta agintaldi honetan EAJk atzera bota ditu, inongo azalpenik eman gabe. Guk horiek berriro martxan jarriko ditugu udal gobernura iristerakoan.
Lurgatz talde feministarekin harremana etenda du egungo udal gobernuak. Kale Nagusiko etxebizitza erabiltzeko eskaerari udal gobernuak ezezkoa eman ondoren sortu da kalapita. Zuek hauteskundeetan irabaziz gero, lokal honen erabilera feministen esku utziko duzue?
Udal gobernuan baldin bagaude, eragile guztiekin bilduko gara, eta baita ere Lurgatz talde feministarekin. XXI. mendean ez da ulertzen feministekin harremanik ez edukitzea, gaur egungo gizartean feministok dugun indarra ikusita. Ez dakit zehazki lokal hori izango den, baina %100ean beraiekin egongo gara eta irtenbideak proposatuko zaizkie. Bidea elkarrekin egingo dugu.
Politika feministak egingo dituzue udal gobernura iritsiz gero?
Bai, noski. Herrian Berdintasun teknikaririk ez egotea arraroa da. Gobernuan bagaude seguru jarriko dugu teknikari hori, eta horrela ez bada, oposiziotik egingo dugu indarra udalak teknikari hori izan dezan.
Parte hartzea bultzatzeko zein neurri hartuko dituzue?
Herritarrak udalarekin komunikatzeko erak erraztu egin behar dira nolabait. Gu udaletxe barruan egon eta herritarrak guregana etortzeko zain egotea ez da bidea. Guk atera behar dugu herritarren bila. Horretarako tresnak erraztu nahi dugu eta mugikorretarako aplikazio bat diseinatu dugu, zabaltzeko prest. Eguneroko gertatzen direnak azalduko lirateke aplikazio horretan eta gardentasuna praktikan jartzeko modua izango litzateke. Aldizkaria, web orria eta zuzeneko telefono bat jarriko genuke, eta noski, alkate banintz nire bulegoa zabalik egongo litzateke herritarrentzat. Aurkezpen egunean esan nuen bezala, ez dut botererik nahi, ez dut agindu nahi, aginte makila herritar guztientzako izango da. Boterea herritarrena izango da.
Programan zabaldu dituzuen proposamenen artean Malkar plazaren azpialdean dauden aparkalekuak aipatu dituzue. Udalarenak diren 60 plaza hutsik omen daude eta herritarren esku jartzea proposatu duzue.
Amasa-Villabonan aparkatzeko dagoen arazoarekin, 60 plaza hutsik ezin dira eduki, inongo erabilpenik gabe. Ez dugu zehaztu nola kudeatu daitezkeen plaza horiek, horretarako parte hartzea mahai bat osatuko da, merkatari, bizilagun eta herritarrekin. Irtenbide bat eman behar zaio aparkalekuen arazoari.
Salaketa anonimo bat agertu da kalean egunotan. Aipatu dute EAJko zinegotziek eta euren ingurukoek “musu-truk” erabiltzen dituzte aparkaleku horretako plazak. Zerbait esan nahi salaketa horren inguruan?
Herri txikia da Amasa-Villabona eta jendeak asko hitz egin du. Guk dakiguna da plaza batzuk salduta daudela eta 60 bat hutsik. Ez dago alokatuta plazarik. Gure taldeko zinegotziek baieztatu ahal izan dutenez, ez dago inon jasota inork plaza horiek erabili ditzakeenik, ez udaleko inork, ez zinegotziek, ez langileek, ez senitartekoek, ez inork... Guk besterik ez dakigu.
Txermingo aparkalekua berritzeko proiektua nola ikusten duzue?
Gure ideien artean badago aparkaleku horri irtenbidea ematea. Txukundu egin beharra dagoela argi dago, zaharkituta geratu baita. Udal gobernuak aurkeztu duen proiektuak ere ez gaitu asebetetzen eta udal gobernura iristen bagara berrikusi egingo dugu. Aparkalekuen arazoa ez da horrekin bakarrik konponduko, ordea. Neurri gehiago behar dira.
Larrea parkea estaltzeko proiektuari eusten diozue?
Parke hori estaltzeko proiektua gurea izan zen eta parte hartze prozesu garden baten bitartez aukeratu zen. Orain, EAJk kiroldegi atzeko parkea estaliko duela aipatu du. Guk berriz ere, bi aukerak mahai gainean jarriko ditugu eta ea herritarrek zein parke estaltzea erabakitzen duten, parte hartze prozesu zabal baten bitartez. Guk uste dugu kiroldegi atzekoa, toki hotza dela, batez ere neguan, erreka ondoan dagoela kontuan hartuta. Baina herritarrek erabakiko dute zein parke estali nahi duten.
Kirol azpiegiturak nahikoa dira gaur egun Amasa-Villabonan?
Kirola, beti, futbola edo pilotarekin lotzen da, nagusiki. Guk Koaderno Zurian, kirolarekin lotutako proposamen asko jaso ditugu eta konturatu gara gabezi handiak daudela. Kirol mota asko egin daitezke. Jendeak asko eskatu du pumptruck pista, patinetetan edo bizikleta erabili ahal izateko zirkuitua litzatekeena. Rokrodromoa, skate-parkea, padel pista... hutsune asko daude.
Zein egoeratan dago Olaederra kiroldegia?
Kantxa, barrutik, oso ukituta dago eta berritu behar dela iruditzen zaigu. Inguruari dagokionez pentsatzen dugu zerbait egin daitekeela, kirol eremu hori handitu eta kiroldegiari aukera gehiago emateko.
Etxebizitza beharra badago Amasa-Villabonan?
Herri txiki batentzat asko dira hutsik dauden etxebizitzak, guztira, 316 dira. Planteatzen dugu jabeekin harremanetan jartzea, beraiekin hitz egitea; Hutsik zergatik dauden jakin eta ahalko balitz etxe horiei erabilpena eman nahi genieke. Gazte asko dago eta alokairuaren kultura sustatu behar dela uste dugu. Bestela gazteek alde egingo dute herritik eta bakarrik geratuko gara. Gure herritarrak herrian geratzea da gure helburua. Garrantzia eman behar zaio gaiari.
Hirigintza Plan Orokorra ez da aplikatu, nahiz eta duela 10 urte onartu.
Badakigu, herrian ditugun lurrei begiratuta, exkax gabiltzala etxebizitza proiektu berriak martxan jartzeko. Plan Orokorra geldituta dago gainera, lur eremu batzuk, etxebizitzak eraikitzeko zehaztutakoak, uholde arriskuan daudelako Eusko Jaurlaritzaren arabera. Hamar urterako egiten dira planak eta zaharkituta geratu da. Beraz, guk gobernatuz gero, lehentasuna izango litzateke plana desblokeatzea, berrikustea eta zehaztea aurrera begirako egitasmoa. Birplanteatu egin behar dugu zein aukera dauzkagun eta nora goazen.
Errebote plaza aipatu nahi genuke. Berritu beharra zegoela ikusten zuen, baita ere, EH Bilduk. Moduak dira gustatu ez zaizkizuenak?
Bagenekien plaza horrek berrikuntza bat behar zuela. Herriko plaza edo bihotza dena, guk ez genuke modu horretara erabakiko. Proiektu batzuk aurkeztu eta herritarren esku utziko genuke erabakia. Eginda dago, eta ez gara egindako altxatzen hasiko. Gure plaza ere bada eta guk ere aprobetxatuko dugu.
Adostasunak ere izan dira udal talde ezberdinen artean. Adibidez, hondakinen bilketan. Zein balorazio egiten duzue?
Positiboa da. Ikusi da sistema berri honekin jendeak ondo erantzun duela. Hasieran datuak oso onak ziren, baina orain jaisten ari dira birziklatze tasak, ez hainbeste plastiko eta paperean, baina bai organikoan. Sistema honekin jarraituko dugu, ez dela kezka hori eduki jendeak, baina hobetu egin nahi genuke. Ehuneko horiek hobetzean jarriko dugu helburua.
Zer duzue esateko hezkuntza mailan?
Mahai iraunkor bat sortu nahi genuke. Herrian dauden ikastetxeen iritziak, kezkak jasoko ditugu eta indarra emango digu gure arteko loturak sendotzeko. Irakaskuntzan nora iritsi nahi dugun zehazteko balioko digu. Posturak gerturatzen hasi dira, baina lan handia dago egiteko. 2020an Kilometroak festa Amasa-Villabonan egingo da eta udalaren aldetik babes osoa edukiko dute.
Eta merkataritzaz zer duzue esateko?
Komertzio txikia gure herrian oso garrantzitsua da. Bizia ematen dio Amasa-Villabonari. Inguruko herrietako jendea etortzen da eta udaletik komertzio txikia indartu behar dugu, jendeak erosketak hemen egin ditzan. Guk bilerak egin ditugu merkatariekin eta kezka dute. Denda asko itxi dira. Lan handia egin behar dugu ohiturak aldatzeko. Aparkaleku arazoari konponbidea jarriz gero, horrek eragina izango du komertzio txikian. Merkatariek euren proposamenak ere badituzte: bailarara zabalduta, etxez etxeko enkarguak eramateko zerbitzua jarri nahi dute martxan. Udalak lagundu dezake horretarako ibilgailuren batekin edo moduren batera. Udaletik guk gai hori landuko dugu.
Komertzioa txikiak sustatu bai. Eta baserria?
Baserriak badaude, baina geroz eta jende gutxiago dago lanerako. Amasamendi eremu zabala da eta irtenbide bat eman behar zaio hori. Nekazaritza indartu behar dugu, soka bat baita: herriko produktuak herrian saldu nahi baditugu herriko lurrak martxan jarri behar ditugu. Indartu egin behar da lehen sektorea.
Amasarra zara. Zein neurri hartuko zenituzke bi herriak elkartzeko?
Esango nuke, lau urteotan, Amasa eta Villabonaren arteko harremana asko hoztu dela. Abandonatuta egon da, neurri batean. Ez dute Amasarekin ia ezertarako kontatu, bakarrik bi gauza puntualetarako. Eskutik joan behar dute bi herriek eta ez orain bakarrik, 400. urteurrena ospatzen ari garelako. Udalak bientzako egin behar du lan. Amasarekin kontatu beharra dago, bai ala bai
Indar bozkatuena izango ez bazinatekete, beste indarren batengana joko zenukete udal gobernua eskuratzeko?
Bai. Azkeneko lau urteetan bezala ezin dugu jarraitu. Ateak zabalik dauzkagu beste alderdiekin hitz egiteko. Ez dirudi alderdi sozialistak jarrera aldatuko duenik eta EAJ babesten jarraituko du. Elkarrekin joan dira azken agintaldian eta ez dira guregana etorriko. Elkarrekin Podemos lehen aldiz aurkezten da eta prest gaude haiekin hitz egiteko. Ez gaude elkarrengandik hain urruti. Eta EH Bilduk alkatetza lortuko balu, ateak oposizioko indar guztientzat irekita egongo dira, elkarlanean jarduteko. Gauzak adostu nahi ditugu. Hiru pertsonen artean erabakitzen badira gauzak, hanka sartzeko arrisku handiagoa dago. Zenbat eta jende gehiagok parte hartu, orduan eta indartsuago izango da herri bat.
Irabaztera zoaztela diozue.
Hankak lurrean ditugu. Harrokeriarik gabe, baina harrotasunez, partida jokatuko dugu eta irabaztera joango gara. Gure eguneroko lana kalean eta herritarrekin egotea da. Gure zerrenda anitza da, gaztea eta bertakoa. Oso osorik herrikoa den bakarra da, gainera. Guk uste dugu, herri honi, berriz ere bizia emateko modua dela guri babesa ematea.
Entzun elkarrizketa osoa: