Iban Agirreren dimisioaren ondoren, ia hiru urte eman ditu alkate bezala Maite Izagirre Irazustabarrenak (Amasa-Villabona, 1964). Bizitzan beti arduraz jokatzen duela dio, «politikan ere bai». Alkate da, eta alkate izaten jarraitu nahi du datozen lau urteetan.
Zergatik erabaki duzu EAJko alkategai izatea Amasa-Villabonako udal hauteskundeetan?
Nik beti nire bizitzan arduraz jokatzen dut, politikan ere bai. Alkate naiz eta alkate izan nahi dut datozen lau urteetan. Zertarako? Urte hauetan Amasa-Villabonak eman duen norabide aldaketarekin jarraitzeko. Berriro diot, arduraz arituko naiz eta nire lehentasuna amasar eta billabonatarren ongizatea izango da.
EAJren agintaldiaz zer nolako balorazio egiten duzu?
Oso positiboa. 180 graduko bira eman dugu. Inposizio eta haserre egoeretatik elkarbizitza batera pasa gara lau urteotan, akordioetara iritsiz eta herritarrentzat lan eginez. Lasaitasun klima nabarmentzen da, nahiz eta batzuk giro hori hausten saiatzen diren.
Lorpenen batekin bereziki harro al zaude?
Laburbiltzea oso zaila da. Asko izan dira egin diren gauzak. Errebote plaza berria, Sacemgo zubi berria, Ula atzealdeko pasealekua, ikastetxeekin lortutako akordioak, Osatuz Herrigintza programa, Zuretzat herritarrentzako bulegoa... Ekonomia aldetik aurrerapen izugarria egin dugu eta hurrengo legealdian ere beste hainbeste egingo dugu, udal gobernura iritsiz gero.
'Zuretzat', herritarrentzat arreta bulegoa zabaldu duzue. Nabari duzue jendea errazago gerturatzen dela udaletxera?
Bai. Egia esan onarpen handia izan du. Udal administrazioaren kudeaketa hobetu eta azkartu egin du. Leihatila bakar baten bidez tramiteak burutzeko aukera dute herritar guztiek, udalarekin, aldundiarekin edo Eusko Jaurlaritzarekin.
Zein da udalaren egoera ekonomikoa?
Hona sartu ginenean kalte ordain handi bati egin behar izan genion aurre. Hala eta guztiz ere, udalaren zorra, milioi bat euroan murriztea lortu dugu. Lau urteotan, diru gutxiagorekin emaitza hobeak lortu ditu. Ekonomia saneatuagoa dugu gaur egun udalean eta ea hemendik aurrera lorpen handiagoak izaten ditugun.
Zer egin duzue Osatuz Herrigintza programaren bitartez?
Gauza txikien programa izan da. Urteetan konpondu gabe zeuden problemak konpondu ditugu. Zikinak zeuden kaleak garbitu ditugu, pintaketak ezabatu ditugu, kiroldegia hobetu dugu, Aran errekan hesi bat jarri dugu, bideak konpondu dira eta bankuak aldatu dira... Gauza asko egin dira eta arrakasta izan dute, hobekuntzak begi bistakoak baitira.
Argiteria publikoaren sistema integrala noizko egongo da aldatuta?
Aldatzeko bidean gaude. Amasa-Villabonak argiteria proiektu berria merezi du eta martxan da dagoeneko. Espero dugu uda parterako errealitatea izatea. Jasangarria den egitasmoa da eta dirua aurrezten lagunduko du. Eta garrantzitsuena, auzo ezberdinetan zeuden arazoekin bukatuko da, argi gabe gelditzen baitziren askotan. Argiteria aldatzea herritarren segurtasunarentzat onuragarria izango da.
Erabaki hauetako asko, EH Bildu alderdiaren oposizioarekin onartu dituzue. Nolako harremana izan duzue udal talde honekin?
Harremana oso ezkorra izan da. Beraiek jakingo dute zergatik. Gu Amasa-Villabona eraikitzen aritu gara eta beraiek oztopatzen. Joko eta gerra zikina egin dute. Proiektu ezkorra izan da beraiena.
Non egon da desadostasuna, adibidez, Errebote plazaren inguruan?
Guk lehenengo momentutik publikatu genuen proiektua gauzatu dugu. Lurzorua konpondu da, frontiseko paretak margotu dira, argiztapen berria ipini da, udaletxeko fatxada eta paretak margotu dira, errebote jokoa balorean jarri dugu... Hemendik gutxira, bukatuta dagoenean, denak harro sentituko gara berritu dugun plazagatik. Ez zegoen lekuan berriro, gezurraren bidez, polemika sortu nahi izan dute, argudio faltsuak erabiliz. Beraiek jakingo dute zergatik. Nik oraindik ez dut ulertzen.
Adostu dituzue gai batzuk. Oriamendiko etxebizitza sozialarena, adibidez, edo hondakinen bilketa sistema berria. Azken honi dagokionez, nola baloratzen dituzue birziklatze emaitzak?
Emaitzak oso positiboak dira, baina behin ere ez da arreta jaitsi behar. Denon artean saiatu behar dugu emaitza horiek hobetzen eta horretan gabiltza martxan jarri dugun bigarren sentsibilizazio kanpainarekin.
Kale Nagusiko etxebizitza erabiltzeko baimenik ez zitzaion eman Lurgatz talde feministari, argudio bezala eraikinaren egoera jarrita. Ordutik gaiztotu egin dira harremanak. Zein egoeratan zaudete orain?
Guk duela bi urte eskatu genien gauza bakarra erregistroan izena ematea izan zen, beste taldeek egiten duten bezala. Pauso hori eman dute eta programa bat aurkeztu dute diru laguntzak jaso ahal izateko. Ziur nago talde feministak udalarekin duen harremana hobea izango dela aurrerantzean. Eskaera batzuk erregistratu berri dituzte eta horiei normaltasunez erantzungo zaie udaletik.
Badirudi, udal taldeak ados ez zaretela jartzen parke estaliaren kontuarekin. Larreako estaltzea garestiegi aterako litzatekeela uste duzue. Horren alternatiba al da Olaederra ondoko haur parkea estaltzea?
Garbi daukagu Villabonak jolas parke estali bat behar duela eta garbi daukagu, momentu honetan hori jartzeko tokirik hoberena Olaederra atzealdea dela. Gure proiektuak 80.000 euroko kostua du. Larrea parkea estaltzeak berriz, guk eskatutako ikerketa baten arabera, 350.000 euroko aurrekontua du. Pentsatzen dugu udal kudeaketan ondo begiratu behar zaiola diruari eta horregatik gure proiektuari helduko diogu.
Txermingo aparkalekua moldatzeko proiektua ere aurkeztu duzue duela gutxi. Noizko egongo da prest?
Garbi dago Amasa-Villabonan dugun arazo handienetakoa aparkaleku falta dela. Begi bistakoa da. Aurre proiektu bat martxan jarri dugu Txermingo eremua erabat berritzeko. Kotxeen arazoari konponbidea emango lioke, baina baita kamioilariei ere. Urte amaierarako errealitatea izango dela pentsatzen dugu.
Malkar plaza azpian udal jabetzakoak diren aparkaleku plazaren erabilpen desegokia egiten dela salatuz, kartel anonimoak agertu dira herrian. Zerbait esan nahi?
Esango dudan gauza bakarra da ez diedala ohar anonimoei erantzuten. Guk garbi dugu Malkar plazan zer egin behar den. Badaude plaza batzuklibre aparkaleku horretan, baina martxan jartzeko, konpondu egin behar dira lehenengo. Hezetasun eta bestelako arazo larriak daude. Gu saiatu gara, aparkalekua egin zuen enpresarekin harremanetan jartzen hori zuzentzeko eta ez dugu erantzunik jaso. Salaketa bat jarri genien duela pare bat hilabete. Hori guztia argitzen denean helduko diogu. Ez zaigu iruditzen etxea teilatutik egin behar denik, oinarritik baizik. Hori guztia konpontzen denean, azterketa egin eta irtenbidea emango diogu gaiari.
Agintaldi honetan zer harreman izan duzue merkatariekin? Nola lagundu dezakezue sektore hau udaletik
Aparkaleku falta askotan aipatzen digute, erosleak herritik kanpora joateko arrazoi bezala. Izan liteke arazo bat hori. Bultzada eman behar zaio komertzioari eta hemendik aurrera mahai bat osatuko dugu eta elkarrekin ekimenak antolatuko ditugu, herritarrek bertako saltokietan erosketak egin ditzaten, eta ez daitezen joan aldameneko herrietara edo merkataritza zentro handietara.
400 urte dira Amasa eta Villabonak bat egin zutela. Orain arteko ospakizunekin kontentu al zaudete
Zorionekoak gara, data hau ospatzen ari garelako. Martxan jarri dugun programazio berezi horretan VA Gera herri bat ikuskizun arrakastatsua egin dugu. Mila pertsona baino gehiago izan dira bi emanaldietan. Jendeak zoriondu egin gaitu oso berezia izan delako. Oinkari dantza taldeak, urte bukaerarako, emanaldi berezi bat eskainiko digu eta hori izango da beste hitzordu garrantzitsua. Baina dagoeneko egin direnak ere arrakastatsuak izan dira: jardunaldi historikoak edota Benito Lertxundiren kontzertua, esate baterako. Datorren asteazkenean, adibidez, Realeko gizonezko taldeak entrenamendua egingo du Arratzainen, urtemuga ekitaldien barruan. Lehen aldia izango da.
Herriko eragileekin harremana izan duzue ikuskizunaren harira. Harreman horiek mantentzeko zer neurri hartuko dituzue hurrengo agintaldian?
Gure asmoa izan da herriko eragileekin harremana estua izatea. Egia esan behar badut, harro nago lortu dugun hartu emanarekin. Eragile guztiekin harreman oso ona dugu momentu honetan. Eskatu zaienean parte hartzeko VA Gera herri bat emanaldian, denak prest agertu dira. Eskerrak eman behar dizkiet denei. Espero dut, harreman hori hobetzen joatea eta udalerriko giro hau hobetzen laguntzea hurrengo agintaldian.
Udal gobernua osatzeko beste talde politikoen babesa beharko bazenute haiengana joko zenukete?
Gurea asmoa irabaztea da. Guk hori dugu buruan, amasarren eta billabonatarren ongizatea bermatzeko. Aukera paregabea daukagula uste dut. Ezin dugu atzera pausorik eman eta aurrera jarraitu behar dugu. Bi alderdi nagusi gaude lehian, baina nik espero dut herritarrek guregan konfiantza jartzea.
Zer esango zenieke herritarrei?
Guregan konfiantza eskatuko nieke. Amasa-Villabona aurrera eraman nahi dugu. Beste batzuen proiektuak atzera bueltarazten gaitu eta hori ezin dugu ametitu. Herritarren guztien eskuetan dago aurrera pausoa ematea. Pentsatzen dut EAJren eskutik gauzak inportanteak egin direla lau urte hauetan eta inportanteagoak egingo direla datozen lau urteetan. Konfiantza eskatzen diet herritarrei eta emateko bidea Amasa-Villabonari.
Entzun elkarrizketa osoa: