Lau mende elkar hartuta

Jon Miranda Labaien 2019ko mai. 3a, 11:59

Gaur eta bihar, Olaederra kiroldegian, 'VAgera herri bat' ikuskizuna eskainiko dute, Villabonak eta Amasak bat egin zuteneko laugarren mendeurreneko ekitaldien barruan. Gautena Autismoaren Gipuzkoako elkartearentzat izango da ekitaldiaren bitartez jasotako dirua.

S aiaz haraneko herrixka bezala agertzen da Amasa, lehen aldiz, agiri batean, 1025. urtean, Asteasu, Zizurkil, Oikia, Artadi, Aizarna eta Goibururekin batera. Gerora, XIV. mende bukaeran, Tolosako jaurerri kolektiboaren barruan sartu zen, beste hainbat herrixkarekin batera. Tolosarekin bat egin arren, kontzeju gisa agertu zen Amasa aurrerantzean ere, eliza propioa mantendu zuen eta, herri ondasunen artean, Amasamendi, Amasaolako burdinola eta Arroa eta Orokaiztegiko errotak mantendu zituen.

1385eko abuztuaren 4an sinatu zuen, Tolosak, Amasari emandako auzotasun gutuna, eta bost urte geroagokoak dira Villabonaren lehen aipamenak. Aurreko urteetan, Oria ibaiaren ertzean biztanle gune berria sortua zen, abagune historikoa probestuz. Garai hartan, Gipuzkoa alderik alde zeharkatzen zuen merkataritza pil-pilean zegoen, eta, bestetik, ibaia komunikabide ezin egokiagoa zen garraio hura guztia bideratzeko. Santiago biderako gidaliburuetan, esate baterako, Villabona atseden eta ostatu hartzeko gune gisa agertzen da, Leizaur eta Tolosarekin batera. 1480an, berriz, Villabonak Amasako auzo izateari utzi, eta ondorioz, jurisdikzio zibil eta kriminaleko auzapeza lortu zuen, Amasak baino askoz ere biztanle gutxiago edukita ere.

XVII. mende hasieran, Tolosaren mende zeuden Oria bailarako herrixkek borroka abiatu zuten, beren burujabetza jurisdikzionala lortzeko. Hiribildu titulua eskatzen zuten, eta baita horrek zekartzan pribilegio guztiak ere. Garai aproposa aukeratu zuten horretarako, Gaztelako Koroa diru premia larrian zegoelako. Herrixka bakoitzak biztanleko 25na dukat ordaindu behar izan zituen titulua lortzeko. Aginte makila eskuan hartu, beren eremuak mugarritu, alkate arrunta, eta gainerako arduradunak izendatu eta, horrenbestez, Amasak eserleku propioa eskuratu zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietan, 1615ean. Garaiko agiriek diotenez, 132 biztanle bizi ziren bertan.

Bi herrien bat egitea

XVII. menderako, Amasako eta Villabonako biztanleen arteko harremanak estuak ziren. Hainbat jabetza elkarrekin partitzen eta kudeatzen zituzten, hala nola, mendi eta basoak, Arro eta Orkaiztegi errotak eta Larbarrain burdinola. Horrez gain, elizkizunak San Martin parrokian eta Santa Krutz ermitan ematen zitzaizkien, herri bateko zein besteko biztanleei.

Udalerri bakarrean bat egiteko ekimenaren lehen zantzuak 1617koak dira. Lau kidez osatutako batzorde bat eratu zuten, negoziazioei ekiteko. 1619ko abuztuaren 18an izan zen bat egitea. Arduraz eta nekez adostutako ordenantzak aditzera eman zizkieten amasar eta billabonatarrei, kontzeju bakar berriaren legezko oinarria eratuz. Zazpi puntuko akordioa erdietsi zuten Amasak eta Villabonak. Besteak beste, bi herrietarako udaletxe bakarra izatea adostu, eta alkate, alkateorde eta hiru zinegotzi izatea onartu zuten. Herriko kartzela ere udaletxeko eraikin horretan kokatzea erabaki zuten.

Bat egitea arautzeko ordenantzan, besteak beste, herriari eman beharreko izena zein izango zen zehaztu zuten: batzuetan Amasa-Villabona eta, besteetan, Villabona-Amasa; alkatearen jatorriaren arabera, txandaka. Alkatea amasarra zenean, Amasa aurretik; alkatea billabonatarra zenean, berriz, Villabona aurretik. Geroztik, eta kalea hazi ahala, Villabona izendapena nagusitu da, eta, gaur-gaurkoz, Villabona da udalerriaren izen ofiziala. Hala ere, Amasa-Villabona / Villabona-Amasa izendapena zabalduta dago herritarren artean, Amasak geografikoki eta historikoki izan duen garrantziaren aitortza gisa.

Egungo alkate Maite Izagirrek Amasak eta Villabonak bat egin zuteneko 400. urteurrenaren harira adierazitakoaren arabera, «helburuak partekatzen zituzten bi herri» zirela, eta etorkizunean iraun ahal izateko gogor finkatutako proiektu bakar bat bilakatu zirela: «Amasa eta Villabona, bi herri, helburu bat. Proiektu bat baino gehiago, inork gutxik zalantzan jartzen ez duen eta hautsi nahi ez duen partekatutako errealitate bat da. Amasa-Villabona gure identitate zeinu eta komunitate nortasunaren adierazgarri da. Villabona-Amasa bagara herri bat, VAgera». Gaur eta bihar gauean, Olaederra kiroldegian ikusgai izango den emanaldian, herritarrek bat eginda eman dituzten lau mende horien historia kontatuko dute.

Gautena elkarteari laguntza emateko emanaldia

Autismoa duten pertsonen familien elkartea da Gautena, eta 1978an sortu zen. Amaia Lopetegi zuzendariaren esanetan, elkartea duela 41 urte sortu zen, «autismoa duten pertsonen beharrak ase eta errealitate hori gizarteratu eta ezagutarazteko».

Administrazio publikoarekin adostasunak bilatuz, eta unean uneko adostasun zientifikoa oinarri hartuz, gaur egun, zerbitzu ugari eskaintzen ditu Gautenak: «Diagnostikoa eta tratamendua, eguneko arreta, etxebizitza, aldi baterako egonaldiak, aisia eta denbora librea, eta familietarako laguntzak».

Aipatu zerbitzuak Gipuzkoako 800 familiari baino gehiagori eskaintzen dizkiote eta, horretarako, 200 profesional baino gehiagoz osatutako lan taldea dute, horietatik %62 jardunaldi osoan dihardutenak.

Lopetegik nabarmendu duenez, «zorionez», laguntza publikoa jasotzen dute elkartean zerbitzu horiek guztiak eman ahal izateko, baina, Amasa-Villabonakoa bezalako emanaldi solidarioekin lortutako diru iturriak, elkartearentzat garrantzi handia dute, «gure jardunari jarraipena emateko eta, bide batez, elkartea bera ikusarazteko».

Elkarteari laguntzak bideratu nahi izanez gero, 'Fila Cero' delakoa jarri dute martxan. Kontu korronte honetan jasoko dituzte ekarpenak: ES03 2095 5206 0510 6247 2773.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!