«Jendeak egiten du herri baten historia eta sena»

Jon Miranda Labaien 2019ko mai. 3a, 09:30

Ehun lagunetik gora ariko dira 'VAgera herri bat' ikuskizunean eta guztia zuzentzen arituko da musikari tolosarra; erronka handiari «ilusioz eta gogoz» heldu dio, eta ikuskaria amasar eta billabonatarren oroimenean betirako iltzatuta geratuko dela uste du.

Et Incarnatus orkestraren zuzendaria da Migel Zeberio Etxetxipia (Tolosa, 1966), eta 20 urte baino gehiagoko ibilbidea egin du musika munduan. Urte hauetan guztietan hainbat estilotan jardun du, eta formatu ezberdinetako ikuskizunetan aritu izan da, gehienetan, beste hainbat eragilerekin elkarlanean. Badu eskarmentua, lan taldeak koordinatzen eta dinamizatzen.

Dena prest al duzue ikuskizunerako?

Ia prest. Oinarriak jarriak daude, eta azkeneko ukituak ematen aritu gara azken asteotan.

Noiz eta nolatan hots egin zizuten ikuskizun honen kargu egiteko?

Urteak daramatzat horrelako gauza bereziak eta neurrirakoak egiten. Hori da arrazoietako bat, eta bestea da hurbiltasuna. Ni tolosarra izanik, gertuan geratzen dira bi herriak. Gainera, aurretik, Tolosaren urteurreneko ekitaldiaren harira, ikuskizuna prestatu nuen, anaia Juantxorekin eta herriko hainbat eragilerekin. Amasa-Villabonan amua jarri ziguten, guk irentsi, eta buru-belarri gabiltza azken lauzpabost hilabeteotan.

Zein enkargu eman zizuten antolatzaileek ikuskizun honetarako?

Eduki zezala zuzeneko harremana mendeurrenarekin, eta izan zedila, artistikoki eta estetikoki, garaikidea, eta ez formatu klasiko bat. Horrek arrisku bat hartzea dakar, eta udalaren aldetik ausardia erakusten du apustu hau egiteak. Kontserbadore izatea beti da bermea, eta hainbeste arakatu gabeko eremuetan sartzea beti da eskertzekoa. Parte hartzen duten eragileen aldetik ere konpromiso handiagoa eskatzen du ikuspuntu horretatik aritzeak, lan gehiago delako.

Zein pauso eman dituzu ikuskizuna osatu ahal izateko?

Egin nuen lehendabiziko gauza izan zen, Villabonako eta Amasako historiari buruz udalak argitaratutako Jose Luis Orella Unzueren liburua goitik behera irakurtzea. Lan horretatik xurgatu nituen interesgarrienak eta oinarrizkoenak iruditzen zitzaizkidan ideiak. Bestetik, bi herrietako ohiturak ezagutzen saiatu naiz, ahal den neurrian; horretarako, bertako jendearekin elkarrizketatu naiz, luze. Beraien pentsaera ezagutzeko aukera izan dut, neurri batean, eta esperientzia pertsonal ederra izan da niretzat.

Ezagutzen ez zenuen gauzaren bat deskubritu al duzu prozesuan zehar?

Baneukan ezagutza orokorra, baina saiatu naiz barrutik ezagutzen, eta beraien begietatik eta tripetatik gauza horiek zein balio eta esanahi duten ulertzen. Niretzat, adibidez, oso garrantzitsua da oilasko jokoaren jaia. Kanpotik, azaletik begiratuta astakeria bat izan daitekeenak eta ez dut ukatzen, sinbologia oso-oso aberatsa eta sakona du atzean, oraindik orain, antropologikoki aztertu ez dena. Iniziazio erritu bat, biziraute erritu bat, komunitate zentzu bat,... Horrelako balio asko adierazten dituen ekitaldia da. Besteak beste, VAgera herri bat ikuskizun honek balioko du oilasko jokoaren inguruan azterketa sakonago bat egiteko, eta, geroari begira, dauzkan balore positiboetan oinarrituta, gaurkotzeko. Oso polita izan da Amasako heldu eta gazteekin horri buruz aritzea. Niretzat gauza hauek oso zirraragarriak dira.

1.000 urteko historia bildu nahi izan duzue ikuskizunean.

Euskal Herriko historiak hemen izan zituen ñabardurak jaso ditugu, Nafarroako Erresumaren parte zen garaitik hasi, eta gaurdaino. Zergatik sortzen da Amasa, geografikoki ingurune horretan, kasko horretan? Leitzaran ibaiaren zonalde handi bat Amasak hartzen du, eta Erdi Aroan aberastasun ikaragarria zeukan herriak, baso asko zeukalako, eta, horrekin batera, egurra, ikatza, burdinola... Garai bateko industriaren hastapenak sumatzen dira hor, eta horren inguruan osatzen den komunitatea da herria. Papergintza eta oihalgintza datoz beranduago, eta horrela iristen gara gaur egungo garaietara. Tamalez, Euskal Herriko historian eman diren gertakari lazgarriek ere zipriztindu dituzte Amasa eta Villabona. Pentsa, Napoleonen pasaeran, 100.000 soldatu igaro ziren Villabonatik, eta horrek ustiatze ikaragarria ekarri zuen komunitatera, herria erabat pobretuz. Zer esanik ez, karlistadetan, herriko mutil guztiak apaizarekin mendira joan zirenean. 36ko gerraren krudeltasuna ere jaso dugu eta garai hura bizi izan zutenen testigantza latzak entzun ahal izan ditugu. Hori guztia islatu nahi izan dugu gidoian.

Nola landu duzu ikuskizunaren gidoia?

Nik, egia esan, gidoiaren zertzelada nagusiak finkatu ditut. Gidoiaren garapen plastikoaren zati handi bat Agurtzane Intxaurragak egin du, eta alde literarioa Juan Kruz Igerabidek jorratu du. Nahikoa estetika neutroa da erabili duguna, ez dugu figuraziotik jo, nire iritziz, lekuz kanpo legokeelako. Saiatu gara, garai bakoitzean esanguratsuak diren keinuak, usainak, irudiak... horiek guztiak bertan erakusten. Baditugu, alde batetik, antzinako musika bikainki egiten duten Euskal Barrokensemblekoak eta, horiekin batera, Nikotina taldearekin eta Little Martinekin, rapa egiten. Bi mundu horiek garai ezberdinen mesedetara jarri ditugu, eta hizkuntza aldetik ez dugu mugarik jarri. Ikuskizunean hizkuntza garaikideak ageri dira. Gainera, 30 metroko pantaila ikusgarria izango dugu eta, hor, Mattin Zeberiok oso ikuspuntu minimalista eta poetiko batetik, garai eta giro horiek guztiek irudietara eramango ditu.

Filmaketetan jende askok hartu du parte, adin guztietakoak. Errepublikako eta Espainiako gerrako garaiak bizi izan zituzten herritarren testigantzak jaso ditugu iruditan, eta baita neska-mutil gazteagoenak ere. Amasako Iartza anaiak ere bildu ditugu lan honetara; basoko lanen edo kanpaia jotzeko momentuen filmaketa egiten lagundu digute. Burdinolak nabarmen islatzen dira ikuskizun honetan, eta Agorregiko burdinolan filmaketa bat egiteko aukera izan dugu, Gipuzkoako Foru Aldundiari esker.

Zein publikorengan pentsatu duzue lan hori osatzerako orduan?

Publiko guztiarentzat pentsatuta dago ikuskizuna. Oso-oso gazteak direnek eta klasikoenek ere, ikusiko dute beraien ulermenerako erraza den espektakulu bat. Gustura egongo da Bonberenean dabilen gazte bat; Ibarrako edo Villabonako gaztetxean dabilena identifikatua sentituko da ikusten duenarekin eta, berdin, 80 urteko gizon edo emakume bat. Horrek aberastasuna eta freskotasuna ematen dio ikuskariari, baita ulergarritasuna ere. Polita da dena uztartu ahal izatea, eta hainbat adinetako jendea harremanetan jartzea. Ederra da Nikotina eta Juan Kruz Igerabide elkarrekin ikustea, adibidez, olerkiak josten; edo Lain taldekoak, Jose Antonio San Migel konpositorearekin orkestrarako moldaketa bat osatzen. Adin guztietako artistak, eta garai guztietako estetikak dauzkagu, oso era emankor batean, agertoki gainean. Gainera, ez doa bakoitza bere garaiari lotuta. Ikusiko dugu, adibidez, Lain taldea Musukatu nazazu kantatzen 1619an, bi herriek bat egin zuteneko garaia irudikatuz. Horrek indar handia dauka.

Ordena kronologikoa mantenduko al du ikuskizunak?

Bai, kronologia historikoa mantentzen du ikuskari honek. Azken 1.000 urteetako historia da. Baina, gero, estetika eta parte hartzaileak oso garaikideak izango dira.

Garai bat bestearekin lotzeko hariren bat erabili al duzue?

Hiru hari aipatuko nituzke: lineala den historia bera, alde batetik; bestetik, ohituretan nabarmentzen den erritual hori, sakonekoa, oilasko jokoarena; eta, amaitzeko, industriaren eta langintzen garapena, historian zehar, eta jendearen bizipenak. Hiru zutabe horien gainean eraikita dago istorioa.

Zenbat jendek hartuko du parte ikuskizun honetan?

100 lagunetik gora arituko dira oholtza gainean. Gehienak bertakoak. Hiru talde handi: Eresargi Txiki abesbatza, Eresargi abesbatza eta Oinkari dantza taldea. Horiek dira talde nagusiak eta, horiekin batera, Et Incarnatus orkestra eta Euskal Barrokensemble. Gero talde txikiagoak ditugu, aipatutako Little Martin, Nikotina edota Lain. Nabarmendu behar da, herriko beste musikari batzuk talde txikiago horietan parte hartuko dutela, esate baterako, Xabier Berasaluze Leturia pandero jotzaileak, Agustin Laskorain perkusionistak eta Astiasaran anaiek.

Hori guztia aurrera atera ahal izateko, talde tekniko handia beharko duzue atzean.

Bai. Aipatu ditut Agurtzane Intxaurraga, Juan Kruz Igerabide eta Mattin Zeberio. Kukai dantza taldeko Eneko Gilek egin ditu koreografiak. Gero, Xabier Lozano dago argiztapenean, Anjel Aguero soinu teknikari bezala eta Virginia Ameztoy arropen diseinuan. Nik sortu dut lantaldea, eta bikainak dira denak. Nik koordinatzen dut guztia, hori bideratzen ere aritzen naiz zenbait momentutan, eta nire orkestra nik gobernatuko dut oholtza gainean.

Zuk parte hartu duzu musika egiten?

Bai. Kontuan izan behar da, hau, pelikula baten antzera, soinu banda batekin hasi eta bukatzen den zerbait izango dela. Ez dira izango emanaldi solteak, bata bestearen atzetik. Ikuskizuna hasi eta bukatu egingo da, eta ez da eten bakar bat ere egongo tartean. Musikariak taula gainean ez daudenean ere, soinu banda bat egongo da.

Nola prestatu duzue eszenografia?

Bost eszenategi izango ditugu Olaederran. Bi nagusi, albo bakoitzera bana, eta erdian errementari set handi bat egongo da. Burdinola bat muntatuko dugu, egiazkoa, hauspo eta guzti. Eta gero, beste eszenatoki txiki batzuk egongo dira, erabilera anitzetarako izango direnak; hor joango dira. Nikotinaren rapak eta trapak, esate baterako. Ikuslegoaren zati bati funtzioaren barruan sartzeko aukera emango diogu, ikusle horiek artisten inguruan zutik ibiltzeko moduan izango dira, artistengandik metro eskasera. Aukera hori 200 bat lagunentzako izango da, gutxi-gorabehera.

Zenbat lagunentzako tokia egingo duzue Olaederran?

Eragozpen bat da hori guretzat. Ikuskizun bakoitzean 600 lagunentzako tokia izango da, muga hor izango da, eta badirudi jendea kanpoan geratuko dela. Horregatik, bi emanaldi prestatu nahi izan ditugu: gaur, ostiralean, eta bihar, larunbatean, biak 22:00etan.

Ordu eta erdian, hori guztia.

Bai, di-da. 90 minutuko pelikula bat. Hori da intentzioa, eta espero dut mantenduko dela. Beti luzatu daiteke zertxobait, baina, gure asmoa da, ordu eta erdian mila urteko historia kontatzea.

Zein erakundek lagundu dute ikuskizun hori aurrera ateratzen?

Ikuskari hau Gautena autismoaren inguruko Gipuzkoako elkartearentzat laguntzeko prestatu dugu, eta beraiek ere lagundu digute ikuskizuna aurrera eramaten. Izugarria da elkarte honek egiten duen zeregin soziala. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu dute ikuskizuna, eta herri bertako elkarteek ere beren laguntza eskainiko digute.

Bi emanaldi horiek eskaini ondoren, bertan bukatuko al da 'VAgera herri bat' ikuskizunaren ibilbidea?

Gure ideia litzateke, hiribururen batean ematea. Ilusio handikoak, baina oso gogorrak izaten ari dira azken egun hauek eta, behin hau guztia igarota, ikusiko dugu zer gertatzen den. Jendea gogoz geratzen bada, horri ere erantzun beharko zaio.

Bereziki amasarrek eta billabonatarrek gozatuko dute ikuskizunaz?

Beraientzat da, dudarik gabe. Era oso sakonean biziko dute, eta tripetatik. Beraien bizitza islatzen du ikuskizunak, eta askorentzat izango da, beren historia berrezagutzeko modu bat. Bolumen aldetik txikia izan arren, konturatuko dira, tamaina ez dela garrantzitsua, jendeak egiten duela herri baten historia eta sena. Herri honek sen oso garatua du, eta komunitate zoragarria da. Harro egoteko eta ilusioz aurrera egiteko arrazoiak baino ez dituzte Amasa-Villabonan. Egunero sortzen diren xextrak gainditzeko, beti dago gauza positiboei heltzeko aukera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!