Maria Luisa Arija da Amasa-Villabonako alkatetzarako hautagai sozialista

Tolosaldeko Ataria 2019ko api. 1a, 16:39

"Orain arte egindako lanak jarrai dezan eta aurkeztutako proiektuak gal ez daitezen" aurkezten da alkatetzara egungo zinegotzi sozialista.

Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak egin du Arijaren aurkezpena eta Amasa-Villabonako Udalean sozialisten egungo bozeramalearen "esperientzia eta ezagutza" nabarmendu ditu: "Hirugarren aldia da zerrenda buru bezala aurkezten dela eta herriaren errealitatea ederki ezagutzen du".

Anduezak Villabona "atseginago eta sozialago" bat lortzeko lanean, Arijak azken legealdian egindako lana nabarmendu du. Bereziki, PSE-EEk agertutako jarrera sendoaz aritu da Gipuzkoako sozialisten burua, "atez ateko hondakin bilketa bertan behera uztea ahalbidetu duena, alderdi sozialistak egin zuen hauteskunde proposamena betez".

Villabonarentzat proiektu "zehatza" du PSE-EEk, Anduezaren esanetan, "ezkerrekoa eta Villabonarekiko konpromisoa erakusten duena". Ideiak edukitzeaz gainera, herrian dauden arazoei irtenbidea emateko prestatutako talde bat aurkeztu dutela azpimarratu dute sozialistek.

"Ilusioa" azaldu du Arijak, beregan konfiantza jarri dutelako. "Prest nago herriko sozialista taldeko kideekin elkarlanean aritzeko, Villabonako herritarren eguneroko bizimodua hobetzeko", esan du. Datorren legealdian, PSE-EEk Amasa-Villabonako Udalean zinegotzi bat edukitzearen beharraz hitz egin du eta oposizioan orain arte egin duten lanaz aritu da: "Proposamenak egin ditugu eta udal batzarretara herritarren kezkak eraman ditugu".

Hauteskunde programan jasoko dituen proposamenei dagokionez, "proiektu errealista" aurkeztuko duela nabarmendu du Arijak, "Villabonako benetako beharrei egokitutakoa". Sozialistaren esanetan, herritarrek egindako ekarpenekin osatu dute PSE-EEren hauteskunde programa. Norabide horretan, alkate ateratzen bada, "gizarte zerbitzu moderno eta eraginkor" batzuen aldeko apustua egiteko konpromisoa hartu du hautagai sozialistak. Ingurugiro politika egoki batzuk martxan jartzeko konpromisoa ere aipatu du Arijak, bere hautagaitzaren aurkezpen ekitaldian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!