Diktadura frankistaren bizitako geldiunearen ondoren, 1979ko apirilaren 3an osatu berri ziren udaletxe demokratikoek lehen udal hauteskunde libreak burutu zituzten. Hauteskunde hitzordu horretara bost hautagaitza aurkeztu ziren Villabonan: EAJ, Agrupación de Electores, ORT, EE eta EMK-OIC. Izendatutako 13 zinegotzien artean, bi, emakumezkoak ziren: EAJren zerrendan bigarren zen Bittori Zeberio eta ‘Agrupación de Electores’ (EE eta HBko pertsonak batzen zituena) taldearen zerrendan hirugarren zen Arantxa Sorondo. 11 gizonen artean bi ziren emakumezkoak, amaiera emanez urte luzetan gizonezkoenak soilik izan ziren zinegotzien postuak hartuz.
Horregatik, Amasa-Villabonako Udalak, martxoaren 8ko ekimenen eta lehen udalbatza demokratikoen sorkuntzaren 40. urteurrenaren (1979-2019) harira, omenaldi eta aintzatespen ekitaldia antolatu du, hilaren 9an, larunbata, 12:00etan, udaletxeko areto nagusian.
"Bittori eta Arantxak, borroka antifrankistan konpromisoa erakutsi zuten bi emakume abertzalek, 1979. urtean udal hautagai bezala parte hartzeaz gain, beraien herriaren garapen eta askatasunaren aldeko borrokan konprometitu ziren eguneroko lanaren bitartez", esan dute udal ordezkariek. "Biak izan ziren emakume aurrendariak eta biek ireki zuten hurrengo belaunaldietan herriko beste zenbait emakumek egin duten bidea".
Udalak iragarri du irekia izango dela ekitaldia eta herritar guztiak gonbidatu dituzte bertara.