Amasa-Villabonako Ahal Duguren zirkuluak, primarioak egin ondoren, Mikel Gonzalez-Etxeberri aukeratu du alkategai, maiatzeko udal hauteskundeetarako. Lanbidez irakaslea izan da 21 urtetan, besteak beste, Lekeitio, Orio eta Zarauzko ikastoletan eta zuzendaritza ardurak izan ditu. Azken urteetan, lehen sektorean jardun du, adibidez, Tolosako Babarrunaren Elkartean.
«Konprometitutako» pertsonatzat dute Gonzalez-Etxeberri Amasa-Villabonako Ahal Dugun. «Beste gizarte eredu batean sinesteaz gainera, politika parte hartzaile bat bultzatzeko konpromisoa hartu du». Alkategaiarekin batera, aurreratu dutenez, Carmen Salidok, Jesus Lopezek eta Rosa Carreterok osatuko dute Ahal Duguren hautagaitza udal hauteskundeetan.
«Pertsonen bizimodua aldatzeko asmoz, gizarte aldaketa proposatzen duen erakunde irekia eta anitza gara». Horrela aurkeztu du bere burua Amasa-Villabonako Ahal Duguk. Horregatik «politikaren protagonismoa» herritarrei itzultzeko tresna izan nahi duela aipatu du alderdiak. «Genero politiketan sakontzen eta edukiz betetzen jarraitzeko premia azpimarratu, eta era berean, identitate guztiekiko berdintasunezko jokabidea aldarrikatzen dugu».
AHAL DUGUREN ASMOAK
Amasa-Villabonako Ahal Duguk udal hauteskundeetarako aurkeztu duen hautagaitzan parte hartzen dutenek nabarmendu dutenez, «ezberdinen arteko bizikidetza» da aldarrikatzen dutena, «hori baita gure izateko arrazoietako bat».
Hautagaitzak, herritarrengana hurbildu eta jasotako ideiekin landu nahi ditu proposamenak. «Ideia horiekin, pertsonekiko atseginagoa izango den herria eraiki nahi dugu, non ez den inor geratuko oinarrizko eskubiderik gabe», esan dute.
Ordezkaritza lortuz gero, udal hauteskundeetara aurkezten den hautagaitzaren asmoa da «gardentasun osoz» jokatzea, «pribilegiodun eta boteretsuekiko esaneko izan gabe». LGTBI+ kolektiboaren «ikusezintasunaren, eskubide ezaren eta diskriminazioaren» aurka borrokatuko direla aipatu dute Ahal Duguko kideek. «Berdintasunean oinarritutako herri feminista lortu nahi dugu», aipatu dute.
Berdintasunezko gizartea lortzea eta Amasa-Villabonako herritarren bizi kalitatea hobetzea da hautagaitzaren asmoa eta horretarako, herritarren parte hartze eta erabakitzeko bideak «hobetzeko» apustua egingo du Ahal Duguk udalera iritsiz gero.