"Hizkuntza txikietan hiztun bakoitzak erantzukizuna duela erakutsi nahi dugu"

Irati Saizar Artola 2019ko ots. 17a, 19:59

Sorkuntza gauza eskuraezina eta kontrolaezina dela dio Patxo Telleria antzerkigileak. Ahal duenak egiten du, ordea. Ideia pare bati tiraka osatu du 'Ghero' antzezlanaren trama eta, hari horretan, euskararen planetaren inguruan orbitatzen dabiltzan bederatzi parabola kontatu ditu.

Berak idatzi eta berak antzeztu. Nork hobe, bestela. Patxo Telleriak (Bilbo, 1960) idatzi du Ghero antzezlana, eta antzezten ere berak hartuko du parte. Tartean Teatroa antzerki konpainiako kidea da, eta azken aldian Mikel Martinez aktorearekin egin ditu zenbait lan. Lan honetan ere ez du aparte izango, nahiz eta antzezle gehiagoren presentzia izango den taula gainean.

3000. urtean kokatu duzue antzezlana, eta euskaraz hitz egingo duen azken hiztuna izango da protagonista. Zer erakutsi nahi izan duzue?

Euskararen iraupenari buruzko omenaldi bat egin nahi genuen. Miretsi egiten dugu, horrelako hizkuntza txiki batek historian zehar hainbeste iraun izana; ajeekin askotan, baina, iraun egin du. Bide batez, baita ere, hizkuntza aniztasuna ere hartu dugu aintzat, eta horrek duen aberastasuna erakutsi. Hori guztia, atzealdeko oihal bezala. Azken finean, hizkuntzak izaki bizidunak dira, eta guk 3000. urtean kokatu dugu istorioa, azken euskalduna hiltzen ari denean. Izan ere, berak bere gain sentitzen du zama hori, ardura hori, bera izango baita azken hiztuna. Ez du hizkuntza transmisiorik probokatu eta, gainera, azken orduan, pixka bat berandu denean, pentsatzen hasten da: «Jo, zer egin dut, ez dut denbora aprobetxatu». Azken finean, nahiz eta guk 3000. urtean kokatu, gaur egungoari buruz hitz egiten ari gara. Hizkuntza txikietan hiztun bakoitzak erantzukizuna duela erakutsi nahi dugu.

Mila urte barru euskara bizirik izango dela pentsatzeagatik, baikorrak zaretela esan izan dizuete?

Bakarren batek aipatu du pesimistak garela ere. Nik ez nuke apusturik egingo, hemendik mila urtera, ez euskara bizirik izango dugunik, ezta gaztelania edo ingelesa ere bizirik egongo direnik ere. Izan ere, orain dela mila urte latina zen munduko hizkuntza nagusia, zientzia hizkuntza, gobernuetako hizkuntza, boterea zuen hizkuntza eta, begira, mila urte geroago, non dagoen.

Euskara du oinarrian antzezlanak. Baina berdin-berdin izan zitezkeen katalana edo galiziera?

Guk euskara hartu dugu, gure hizkuntza delako eta, gainera, Euskaltzaindiarekin batera kudeatu dugulako. Ikuskizunean, ordea, hamabi bat hizkuntza desberdin ateratzen dira, batzuk luzeago, beste batzuk laburrago. Azken finean, hizkuntzen aniztasun horri buruz hitz egin baino gehiago, hori biziarazi nahi izan dugu.

Antzezlanean, euskaraz gain, hizkuntza asko erabiltzen dituzue. Jendeak gertakizunak berdin ulertuko al ditu?

Bai, jakina. Bestela, jai daukagu. Esate baterako, hasierako hiruzpalau minutu erabat ulergaitzak dira, baina, apropos eginda dago. Aktoreek 3000. urtean hitz egiten den hizkuntza global batean hitz egiten dute. Une horretan ez da ezer ulertzen, eta hori da guk lortu nahi izan dugun efektua, nahiz eta handik gutxira oso ondo ulertuko den zer gertatu den, ulertu ez den horretan. Bestela, modu batera edo bestera, momentu guztietan moldatu gara, publikoak ondo uler dezan, zer gertatzen den eta zer kontatzen den, nahiz eta hizkuntza desberdinetan izan.

Bederatzi paraboletan oinarritu zara istorioari osotasuna emateko. Nondik ateratakoak dira, edo zer dira?

Antzezlan honen egiturak Mila eta bat gau gehiagoko istorio hori dakar gogora. Hor Xerezade izeneko neska batek erregeari gauero kontatzen dizkio istorioak, heriotzatik libratzeko; gauero istorio bat kontatzea lortzen badu, eta hurrengo egunerako jakin-mina uzten badio, bere bizitza salbatzen du. Kasu honetan, hiltzera doan azken euskaldun honek istorioak kontatzen dizkio bere zaintzaileari, baina ez bere bizia salbatzeko, zeren badaki hiltzera doala; baina bai euskararen bizitza salbatu ahal izateko. Eta hainbat tokitan eta hainbat egoeratan kokatu ditugu istorio horiek; oso tonu desberdinetakoak dira. Batzuk barregarriak dira eta komedia ukitu nabarmena dute; beste batzuk ukitu dramatikoagoa dute, edo harridura sortzen dute besteek; eta hunkitzera jotzen dutenak ere badaude. Gainera, 3000. urte horretan jada ez dago hizkuntza aniztasunik, mundu guztiak hizkuntza bakar bat hitz egiten du eta, hori, baloretzat hartzen da. Horrekin hainbat buruhauste kentzen dituzte: desberdintasunik ez egotea, mugak ekiditea... Gauza horiek guztiak gainditu dituzte antzezlanean, eta oso pozik daude mundu perfektu horretan, non hizkuntzen anabasa hori desagertu egin den.

Komediatik dramatik baino gehiago izango du?

Denetarik dauka. Normalean gu ikustera datorrenak eta gu ezagutzen gaituenak hori espero du, batez ere, Ez Dok Hirun egiten ditugun ikuskizunengatik. Baina desberdintasun nabarmena dago. Antzezlan honetan komedia badago, baina ez da bakarrik hori eta, nik esango nuke, obra, orokorrean, komediatik baino askoz urrunago doala. Hausnarketara eta pentsaraztera bultzatzen duen istorio bat da. Nahiz eta, jakina, une barregarri asko egon, hunkigarritasuna eta emozioa ere bilatu ditugu, eta estetikaren aldetik ere apustu ausarta egin dugu.

Mila urtera hizkuntza nolakoa izan litekeen entzuteko aukera izango da, baina, pertsoniak estetikoki nolakoak izango diren ere irudikatzen duzue?

Zeharka, bai. Baina zientzia fikzioa ez da ikuskizun honen helburu nagusiena. Apustu bat egin dugu estetika berezi bat eskaintzen, baina ez da fikziozko lan peto-peto bat, ez da gure helburua zientzia fikzioaz edo 3000. urteari buruz hitz egitea. Batez ere euskaldunaren kontzientzian jotzen du, baina, ez hemendik mila urtekoen kontzientzian, gaur egungoenean baizik.

Entzulea hausnarketara bultzatu nahi duzue, beraz.

Laugarren horma daukan antzerkia da, eta ikusleak ikustera datoz. Baina, ikusleek zenbat eta enpatia gehiago izan, eta zenbat eta istorioan sartzeko ahalmen gehiago eduki, jakina, 3000. urte horretako giroan sartuko dira. Eta hala gertatuko ez balitz, ez litzateke seinale ona izango. Gertatzen dena da, istorio hori guk 3000. urtean kokatzen dugula, baina, istorio horren barruan hau da, azken euskalduna hiltzera doan istorio horretan, beste hamaika istorio desberdin daudela; azken finean, euskarak bere ibilbidean zehar ezagutu dituen hainbat gertaera eta hainbat une, guk hautatu ditugunak, guri esanguratsuak eta deigarriak iruditu zaizkigulako.

Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko sortutako lana izan da, Euskaltzaindiaren laguntzaz Tartean Teatroak aurrera eraman duena.

Hau egiteko Euskaltzaindia gurekin jarri zen harremanetan, duela ia bi urte. Urteurrenean ekitaldi ofizial, linguistiko eta akademikoez gain, kulturan eta kalean eragina izango zuen zerbait nahi zuten, eta gurekin pentsatu zuten. Antzezlan bat egiteko proposamena egin ziguten eta, azken finean, haiek izan dira gure kudeatzaileak.

Ideia nondik sortu zitzaizun?

Pare bat ideia neuzkan buruan. Ideiak nola sortzen diren azaltzea zaila da. Ideiak beti garatzen doaz eta, segurki, hasieran eduki nuen lehendabiziko inpultso hartatik, amaieran gutxi geratzen da; hori ezinbestekoa da aurrera egiteko. Sorkuntza oso gauza eskuraezina eta kontrolaezina da.

Erlazionatuak

Euskararen heriotza

Irati Saizar Artola 2019 ots 17 Amasa-Villabona   Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!