Euskararen heriotza

Irati Saizar Artola 2019ko otsailaren 17a

Mila urte barru hilko da euskaraz hitz egiten duen azken hiztuna, 'Ghero' antzezlanaren arabera. Otsailaren 24an eskainiko dute Villabonako Gurea antzokian eta, martxoaren 22an, Tolosako Leidor aretoan.

Euskaltzaindiaren mendeurrenaren harira sortu du Tartean Teatroak, Ghero antzezlana. Euskara du ardatz, eta hizkuntza txiki horren biziraupenaren misterioarekiko harridura eta miresmena erakusten ditu. Patxo Tellerriak idatzi du antzezlana, eta Jokin Oregik zuzendu du. Aktore lanetan, berriz, Telleria bera, Mikel Martinez, Olatz Ganboa, Iñaki Maruri eta Ane Pikaza dabiltza.

Etorkizunean kokatu dute antzezlana, 3000. urtean, eta azken euskaldunaren istorioa kontatzen dute; haren heriotza eta, aldi berean, euskararen heriotza. Hizkuntza txikiak desagertu eta handienak gailentzeak, etorkizunean hizkuntza bakarra hitz egitea ekarriko du. Hizkuntza global horretaz gain, beste dozena bat hizkuntza entzuteko aukera eskainiko dute aktoreek, bai egun erabiltzen direnak, baita dagoeneko desagertu direnak ere. Izan ere, euskarari ez ezik, hizkuntza guztiei egin nahi izan die gorazarre; hizkuntza aniztasunari, gizateriaren ondare kultural ukiezinari.

Aurten bete ditu Euskaltzaindia akademiak ehun urte, eta ospakizunerako laguntza eskatu zieten, Tartean Teatroko kideei. Zerbait berria sortu zezaten nahi zuten eta, ideia asko tarteko, forma eman diote Ghero antzezlanari. Iazko azaro erdialdean eskaini zuten lehen emanaldia eta, orduz geroztik, makina bat oholtza zapaldu dituzte.

Otsailaren 24an antzeztuko dute Villabonako Gurea antzokian, 19:30ean, eta sarrerak aurrez erosteko aukera izango da, Amasa kafetegian eta Basajaun liburu dendan, 10 euroren truke. Egunean bertan, leihatilan, 12 euroan eskuratu ahalko dira. Martxoaren 22an izango da antzezlanaz gozatzeko bigarren aukera eskualdean, Tolosako Leidor antzokian eskainiko baitute, 20:30ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!