400. urteurrena ospatzeko, urte osoko egitaraua

Ataria 2019ko urt. 30a, 13:29

Amasa eta Villabona duela lau mende elkartu ziren. Data hau ospatzeko, 12 hilabeteak kultur eta kirol ekitaldiz osatu dituzte. Maite Izagirre alkateak eta Mertxe Garmendia kultura zinegotziak egin dute aurkezpena.

Villabonako Udalak, herriko kirol eta kultur eragileekin batera, urte osorako egitaraua antolatu dute Amasaren eta Villabonaren elkartzearen 400 urteurrenean. "Egitarau berezi hau gure identitate eta elkarbizitza sendotzeko antolatu dugu", adierazi du Maite Izagirre alkateak; "horregatik, bi ideia hauek lotzen dituen leloa aukeratu dugu: 2 herri, helburu 1".

Mertxe Garmendia kultura zinegotziak egitarau "irekia" dela azpimarratu nahi izan du: "Herriko kultur eta kirol taldeen ekarpenetara irekia dagoena, eta baita herritarrenetara ere. Ideia nagusia gure kultura balioan jartzea da, eta komunitate honekiko dugun partaidetza sustatzea da". Horrez gain, Joxean Cubero kultura teknikariaren lana goraipatu du.

2 herri, helburu 1, egitaraua

  • Urtarrila: Santio Jaietan eta Amasako San Martinetan erabiliko diren buruhandiak aukeratzeko prozesua ireki du udalak. "Asmoa, lau buruhandi berriak Santioetarako prest egotea eta festekin orokorrean harremana duten lau pertsonaia izatea da; alegia, karakterizazio orokorrak, izen eta abizenik gabeak", esan du Mertxe Garmendiak. Otsailaren 18ra bitarte, herritarrek ekarpenak egiteko aukera izango dute buruhandiak@villabona.eus helbide elektronikoan.
  • Otsaila: Amasa-Villabona, iragana eta oraina argazki lehiaketa jarriko dute martxan. Haurrentzat eta helduentzat zuzendutako mailak egongo dira. Lehiaketaren xehetasunak otsailean zehar aurkeztuko dituzte.
  • Martxoa: Bi musika ekitaldi: Batetik, Tolosako, Orioko eta Loatzo Musika Eskolako musika banden kontzertua. Bestetik, martxoaren 30ean, Olaederra kiroldegian Benito Lertxundiren emanaldia. Eresargi Abesbatzak kantu batzuetan parte hartzea aztertzen ari direla esan du Juan Mari Iparragirre zuzendariak.
  • Martxoa: Hilabete berean, Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera, Amasa eta Villabonaren historia aztertuko dituen hitzaldiak antolatuko dituzte. Toti Martinez de Lezea ere bertan izango da.
  • Maiatza: Hilaren 4an, Et Incarnatus orkestrak kontzertua eskainiko du GAUTENA Gipuzkoako Autismoaren Elkartearen alde. Kontzertu berezia egiteko asmoz, hainbat gonbidatu izango direla iragarri dute udaletik: Tapia eta Leturia trikitilariak, azken hau billabonatarra (Xabier Berasaluze); eta Paco Ibañez madrildarra, nahiz eta Adunan hezia izan.
  • Ekaina eta uztaila: "Kirolaren garaia" izango dela azaldu du Mertxe Garmendiak. Ekitaldien artean, Realeko gizonezkoek Arratzainen egingo duten entrenamendua nabarmendu dute.
  • Abuztuak 5: Donostiako Musika Hamabostaldiko kontzertu baten egoitza bilakatuko da Villabonako parrokia. Arturo Barba organo jotzaileak kontzertua eskainiko du bertan. 
  • Iraila: Amasako baserriei buruzko erakusketa etnografikoa.
  • Urria: 1619. urteko urrian hartu zuten bi herriek bat egiteko erabakia, eta hilabete horretan, "ekitaldi instituzional bat ospatzea aurreikusten da, Gipuzkoako eta Euskadi mailako autoritateekin batera".
  • Abendua: Oinkari dantza taldearen emanaldi bana Amasan eta Villabonan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!