"Txantxetan esaten dut, gu ez garela musikariak"

Iker Larrañaga 2019ko urtarrilaren 12a

Onki Xin izenpean, Zigor DZk eta Fer Apoak diskoa aurkeztu zuten azaroan. Proiektuaren bitxikeriez, abestien esanahiez eta lanbideaz mintzatu da billabonatarra.

Onki Xin sortu dute, Zigor Lampre DZ (1978, Villabona) Selektah Kolektiboa eta Esne Beltzako DJak, eta Fer Apoa Estricalla eta El Corazon del Sapo musika taldeko abeslariak. Abesti asko egitearen emaitza, doinu ugari biltzen dituen diskoa izan da. Etxean, lagunarteko giroan elkartu, eta disko bat egiteko adina abesti sortu eta gero, estudio profesional batean grabatzea erabaki zuten. Bi musikarien helburua diskoa esku artean edukitzea zen, eta bikain konpondu direla ziurtatu du DJak.

Noiz eta nola erabaki zenuten proiektua martxan jartzea?

Kasualitatea izan da. Biok oso lagunak gara, hiruzpalau ideia nituen nik eta berak melodiak. Ez da aurretik programatutako proiektu bat izan, espontaneoa baizik.

Onki Xinek «ongi etorri» esan nahi du Erronkariko euskalkian, zergatik jarri zenioten izen hori?

Hegalak Salgai izan zen grabatu genuen lehen abesti eta bideoklipa. Abestian errefuxiatuei ongietorria egiten diegu. Ferrek Erronkarin urrutiko senideak ditu, eta horregatik izan da. Izan ere, gehien kostatu zaiguna proiektuari izena jartzea izan da.

Errefuxiatuen gaia ukitu duzue.

Ferrek oso modu aktiboan egiten du lan Irunen, errefuxiatuei harrera egiten dien talde batean. Kiosen, Grezian, aritu izan da, eta oso sentsibilizatuta dago gaiarekin. Horren inguruan egin zuen lehenengo letra. Beldurrak, nolabait, edozer egiteko hegalak ematen dizkizu, hori da abestiaren mezua. Pertsona batek bere herrialdetik ihes egiten duenean sentitzen duena irudikatu nahi izan dugu. Hortaz, errefuxiatuen egoera salatzea ere bada gure helburua.

Haize Arrosa bideoklipa, aldiz, abstraktuagoa da.

Jendeari kostatu egin zaio harrapatzea. Hegalak Salgairekin, bideoklipa ikusi eta kanta zeren inguruan ari den segituan ikusten da, baina beste bideoklip horrekin ez da gauza bera gertatzen. Oso abstraktua da, bakoitzak bere norabidea eman diezaioke.

Diskoak izen berezia du: Biziko bagara Erregeen buruak zapaltzeko izango da.

Shakespearen pasadizo bat da, diskoaren jarrera islatzen duena. Nahiz eta diskoa entzutean mota askotariko kantak aurkitu, jarrera makarra dauka orokorrean.

Diskoa sortzeko prozesua nolakoa da eta zer aurki daiteke diskoan?

Funkya, hip-hopa, rocka... Denetarik dago, izan ere, zein estiloko musika den galdetzen digutenean ez dakigu definitzen, soinu propioa dauka. Fer Apoa hardcoretik dator eta ni elektronikotik; elkargune bat izan da. Askotariko erritmoak atera zaizkigu, eta gauza asko izan ditugu inspirazio.

Lagun batekin musika egiteak lana errazten du?

Oso ondo moldatu gara, lan erraza izan da. Etxean estudio txiki bat daukat, teklatu bat, ordenagailu bat, instrumentu batzuk... Eta hor egin dugu dena. Nik musika lantzen dut gehiago, eta Ferrek letrak; oso ondo moldatu gara.

Abestien artean loturarik badago?

Disko guztia entzutean lotura dagoela nabaritzen da eta, abesti askok mezu zuzenak izan arren, norberak bilatu beharreko mezu irekiak ere badituzte. Proiektu hau oso desberdina izan da, orain arte egin dugunarekin alderatuz. Batzuek bi edo hiru entzunaldi behar izan dituzte harrapatzeko, diskoa ez delako aldi bakarrean entzutekoa. Jendeak beste proiektuetatik ezagutzen gaitu, eta ohituta daude ni hip-hopa edo reggaea jartzen entzutera, eta baita Fer Apoaren musika gogorrera ere. Kantak ere luzeak dira, eta sarrera bereziak dituzte. Askotan entzun beharreko diskoa dela uste dut.

Disko jartzaileok etengabe gauzak sortzen ari zarete.

Niri gustatzen zait, eta disfrutatu egiten dut. Urteak daramatzat solfeoa eta pianoa ikasten. Samplerrekin askotan lan egiten dut, baina ezagutza musikala lantzen ari naiz, asko laguntzen baitu. DJok daukagun esperimentazioaren alde hori garatzea ere gustatzen zait. Izan ere, orain, nahiago dut etxean musika sortzea, nire estudioan, kalean jotzea baino.

Aurreiritziak daude DJen musika jakinduriaren inguruan?

Bai, eta normala da; nik, askotan, txantxetan esaten dut, gu ez garela musikariak. Gu musikazaleak gara eta musikaren inguruan aztertzea gustatzen zaigu, horrek adimena irekitzen laguntzen baitigu. Ezagutzen dut urte askotan musika estilo bera entzun duen jendea, eta horrek agian ez du laguntzen. Askotan entzundako zerbait baztertu egin behar duzu, nazkatu egiten zarelako. Nik, aldiz, disko hau entzuten jarraitzen dut oraindik, ez naiz nazkatu.

Nola ikusten duzu disko jartzaileen panorama Euskal Herrian?

DJ asko daude. Batzuek klubeko musika jartzen dute, beste batzuk biniloarekin reggaea, eta festa bat alaitzeko denetarik jartzen dutenak ere badaude. Oso instrumentu intuitiboa da, eta edonork jar dezake musika.

Desberdina da musika soilik jarri edo ongi jartzea.

Etengabeko lanketa da, eta asko praktikatu behar da. Platerekin, scratcharekin eta halakoekin hasten zarenean lanketa handiagoa eskaini behar zaio.

Zein musika estilo jartzen sentitzen zara erosoen?

Funk musikarekin, bai jartzeko, baita egiteko ere. Hip-hopa ere gustatzen zait eta, entzuteko, edozein musika mota dut gustuko.

Aurretik ikasitakoa aplikatzeko balio izan dizu proiektu honek?

Ikasten joan naiz, onerako eta txarrerako. Disko honetan urte askoan ikasitakoa aplikatu dut, nahi gabe, nahiz eta oso estilo desberdina izan. Niretzako bikaina izan da.

Durangoko Azokan egon zinen.

Abenduaren 6an Esne Beltzarekin musika jarri nuen, eta Onki Xinekin ere egon nintzen azokan. Nahiz eta disko fisikoak saltzea zaila izan, jendeak Durangon erosten ditu. Azoka aproposa da lanak ezagutarazteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!