Salaberria eta Balerdi izan dira garaileak

Ataria 2018ko abenduaren 31

VII. Antton Pebet Txapelketa irabazi dute, 8-22, Apezetxea eta Murgiondoren aurka.

Beharzana frontoia goraino bete da arratsaldeko pilota jaialdiarekin. VII. Antton Pebet Txapelketa finala jokatu da, eta Salaberria eta Balerdi bikoteak 8-22 irabazi du Apezetxea eta Murgiondoren aurka. Salaberria maila oso onean aritu da, tanto ugari eginez, eta pilotari onenaren saria eraman du.

Finalaren aurretik beste bi partida jokatu dira. Lehenbizi, emakumezkoen arteko norgehiagoka izan, eskuz. Arrizabalaga-Mendizabal bikoteak 22-19 irabazi dio Bergara-Arrillaga bikoteari, emozio handiko partidan. Bigarren partida joko garbikoa izan da, eta honek ere emozio handia izan du. Sistiague-Karrikaburu bikoteak 35-30 irabazi dio Driolet-De Paredes bikoteari.

Sari banaketa egin aurretik, Eneko Maiz munduko txapeldunordeari omenaldia egin dio Behar Zana elkarteak. Bide batez, Behar Zana elkartetik eskerrak eman dizkiote babesleei Antton Pebet Txapelketa antolatzen laguntzeagatik, eta pilotariei ere eskertu die egindako esfortzua eta erakutsitako jokoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!