Lurgatz talde feministaren eta udal gobernuaren arteko talka azken osoko bilkuran

Jon Miranda Labaien 2018ko abe. 21a, 07:00

Maite Izagirre Amasa-Villabonako alkateak osteguneko bilkura bukatutzat eman eta aretoa utzi zuen, Lurgatz talde feministako kideen eskakizunak entzun gabe.

Harremana aspalditik dago gaiztotuta EAJko udal gobernu taldearen eta Lurgatz talde feministaren artean. Azkeneko asteotan oraindik ere gehiago berotu da giroa eta osteguneko osoko bilkuran lehertu egin zen tentsioa. Hainbesteraino, non Maite Izagirre alkateak hitza ahoan zutela utzi zituen talde feministako kideak, bilkura bukatutzat emanez eta aretoa utziz. 

Galde erreguen txandan hartu zuten hitza Lurgatzeko kideek. Aurreko ostiralean gauzatu zuten ekintzari  egin zioten erreferentzia. Udal bando baten itxura zuen idatzia banatu zuten herriko atari guztietan, hilabeteotako eskakizunari erreferentzia eginez -euren ekintzak garatu ahal izateko Kale Nagusiko 38. zenbakian dagoen eta udalarena den lokala erabiltzea-. Feministek osoko bilkuran adierazi zuten "irudimena" erabili nahi izan zutela euren aldarria zabaltzeko eta herritarren arreta bereganatzeko eta horregatik ulertezina egiten zaiela udal gobernuak "bando faltsutzat" edo "dokumentu publiko baten faltsifikaziotzat" hartzea idatzia.

Asteazkenean zabaldutako ohar batean egin zituen adierazpen horiek Villabonako Udalak, eta besteak beste, Pauli Olano eta Maite Ortizek zuzendutako taldetzat hartzen zuten Lurgatz. Haserrea piztu du horrek feministen artean eta osteguneko osoko bilkuran, publiko artetik banan banan zutitu, euren izen abizenak eta NAN zenbakia esan eta Lurgatz talde apartidista eta asanblearioa dela nabarmendu zuten. "Ni ere Pauli edo Maite naiz". Emakume horietako batek adierazi zuen: "Taldean ez dugu buruzagirik; inork ez nau agintzen, ezta gidatzen ere. Ez ni, ezta taldeko beste kideak ere". 

EH Bilduko zinegotzi Arantxa Lopezek ere emakume gisa parte hartzen du Lurgatzeko asanbladetan, horregatik "oso gaizki" iruditzen zaio udalak idatzi horretan bi emakumeren izena agertzea. "Egoera honi irtenbidea eman behar zaio, udala ezin baita egon gauzak egiteko prest dauden herriko emakume batzuen kontra". 

Udal gobernuaren izenean Ibon Ariznabarretak erantzun zien Lurgatz talde feministako kideei. "Oraintxe ez dugu aurrera egiteko modua ikusten. Egia da, giro txarra dago gure artean. Guk biltzeko proposamena egin  dizuegu eta zuek gezurra dela esaten badiguzue, zer espero duzue guk egitea?". Gogor erantzun zion Pauli Olano Lurgatzeko kideak: "Gezur batzuetan oinarritua zuen historia sortzen duzue eta gu iraindu eta gutxiesteko aprobetxatzen duzue egoera. Joko honek erakusten du zuen benetako aurpegia: mertzenario kaskar batzuk zarete eta pertsona gaiztoak. Amasar eta billabonatarrok ez dugu hau merezi".

Jarrera aldatzeko eta autokritika egiteko prest ote zeuden galdetu zien alkateak talde feministako kideei eta erantzuna jasotzerako plenoa bukatutzat eman zuen, hizketan hasia zen Lurgatzeko beste kide baten hitzak entzun gabe aretoa utziz. 

Kide horrek azaldu zuenez, "udal gobernuaren prestutasun faltak eta feminismo faltsuak emakume oro iraintzen du". Beraz, elkarrizketekin jarraitu ahal izateko, "taldeko kide diren Pauliri eta Materi barkamenak eskatzea eta inposizioak alde batera uztea", eskatu dio udal gobernu taldeari Lurgatz talde feministak; eta horrekin batera proposamenak mahai gainean jartzea: "Guk batzuk jarri ditugu, zuen aldetik, ordea, ez dugu proposamenik jaso". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!