Bando bat kaleratu eta adierazpena egin du Lurgatz talde feministak

Joan den abenduaren 14an ekintza burutu zuen Lurgatz talde feministak eta bando bat itsatsi zuten herriko atari guztietan.

Aurtengo Martxoaren 8ko bueltan eta feministen deiari erantzunez, emakume talde bat asanbladak egiten hasi ginen MARTXOAREN 8ko ekintzak eta ospakizunak antolatzeko gogoz.

Emaitzak ikusirik, biltzen jarraitu genuen eta maiatzaren 20an ospatu genituen Amasa- Villabonako lehenengo jardunaldi irekiak, non taldearen oinarriak finkatu eta izena aukeratu genuen: Lurgatz talde feminista.

Une horretatik aurrera garbi ikusi genuen lokal baten premia genuela, herriko emakumeontzat erreferente izango zena, ekimen eta proiektu desberdinak aurrera eramateko, emakume orori laguntza eskaintzeko, geure materiala gordetzeko...

Udalarekin harremanetan jartzea izan zen beste pauso bat, baina EAJ eta PSOE alderdiek gure eskaerari muzin egin eta herri honetako emakumeon eskubideen gainetik jarri ziren, gure helburuak gutxiesteko saiakera gogor bat eginez. Beraien hitzetan lagundu nahia entzun arren, praktikan ez da horrela izan. EH Bilduk, berriz, hasieratik ulertu eta babestu zuen gure planteamendua.

Ez omen zeuden udal lokal hutsak. Guk bat ekarri genien gogora: Kale Nagusiko 38an dagoena. "Ez dago baldintza egokian" izan zen erantzuna. Goiko aldean etxebizitza bat dago eta behealdean Gaztetxea. Hain baldintza kaskarretan egonda... hustu behar ote dituzte bi planta horiek?

Aipaturiko lokal hutsa auzolanean guk moldatu eta prestatzeko asmoa eta gogoa genuela azaldu genien. Lokal pribatu bat udalak alokatzeko alternatiba ere azaldu genuen; "ez dago dirurik" erantzun zuten. Gainera, beren egin beharrak bete gabe, guri IZOa exijitzen egon zaizkigu legal egoteko eta dagoeneko entregatu diegu. Argudio, behar, eskubide, alternatibak... guztiak hankaz gora bota dizkigute.

Egin ahalak egiten jarraitu dugu: behin baino gehiagotan herriko plaza "okupatu" eta bertan bilerak egin, lokal falta salatuz; mozio bat aurkeztu eta eztabaida antzuak pizten saiatu dira gaia desbideratu nahian. Azaldu ginen azkeneko udal bileratik hanka egin behar izan genuen jasanezina egin zitzaizkigulako gaia nahasteko egin zituzten saiakerak, bertan gezurrak eta guzti entzunaz.

Orain, bando antzeko bat kaleratzea otu zaigu, herritarren arreta lortzeko eta egoeraren berri izateko

Lokal ezaren gainetik (eskerrik asko Onddo Gazte Asanbladari), ez dugu etsi eta oztopo guztien gainetik lanean jarraitu dugu. Hots, herriko jaietako eraso sexisten aurkako protokoloa osatu eta zabaldu genuen, Emagin ideia udalari eskaini diogu, eta azaroaren 23 eta 25ko ekintzak antolatu ditugu, herritarren parte hartze eta erantzun positiboarekin (mila esker gurekin egon zineten guztioi).

Hau guztia kontuan hartuta eta Martxoaren 8a atarian dugula jabeturik, udal gobernuari lokalari buruzko premiazko erantzuna exijitzen diogu eta dagokion erantzukizuna bete dezala aldarrikatzen dugu. Datorren abenduaren 20an arratsaldeko 19:00etan Udal Plenora joango gara eta emakume orori, bertara joateko zein jarraian egingo den bilerara agertzeko deia egiten dizuegu. Emakumeok egunerokotasunean ditugun beharrak helarazteko, ezinbestekoa zaigu ahalik eta gehien bertaratzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!