Beatriz Unzue Esnaola, Amasa-Villabonako EH Bilduren alkategai

Ataria 2018ko abenduaren 11

Beatriz Unzueren hautagaitzak Amasa-Villabonako EH Bilduren Hauteskunde Batzordearen aho bateko babesa jaso du.

Amasa Villabonako EH Bilduk amaitutzat eman du alkategaia hautatzeko prozesu parte hartzailea. Orotara 55 pertsona proposatu zituzten prozesu horretan, eta guztiekin banan-banan hitz egin ostean, aukeraketarekin amaitu dute.

Azaroaren 23an jendaurrean egindako ekitaldi batean aurkeztu ostean, alderdiak ezagutzera eman du 2019ko hauteskundeetarako bere hautagaia: Beatriz Unzue Esnaola.

Lanbidez idazkaria da. Herriko hainbat eragile eta elkartetan lanean aritua da, baita parte hartzaile modura ere, hala nola, Aizkardi elkartearen mendi ibilaldietan, emakumezkoen pala txapelketetetan, bolo tiraldietan, Gabonetako haurren kabalgatan, Amasako jaietan, Ikastolako guraso elkartean... Kirolaria ere bada eta Behar Zana elkartearekin lehiatzen du palan eta bolo tiraldietan.

Amasa-Villabonako EH Bilduko herrigintza taldeko kidea da 2015. urtetik. EH Bildutik adierazi dutenez, «konpromiso politikoa erakutsi du; abertzalea eta euskaltzalea da, eta herrigintzan lan handia egin du. Lehen unetik adierazi zuen aurrera urrats bat emateko konpromisoa».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!