Iraitz Arrospidek 3 minututan hobetu du bere marka pertsonala

Tolosaldeko Ataria 2018ko abe. 2a, 14:42
Iraitz Arrospide aurtengo Behobia-Donostia lasterketako podiumean. Argazkia: BehobiaSS

Valentziako Maratoian parte hartu du billabonatarrak. 2 ordu, 13 minutu eta 23 segundo behar izan ditu 42 kilometroko ibilbidea osatzeko. Azken kilometroetara indartsu heldu da, eta azkenean "sentsazio oso onekin" amaitu duela adierazi du.

Estatu mailan, Diego Garcia eta Kamel Zianik soilik dute billabonatarrak duena baino denbora hobea maratoian. Behobian lortutako bigarren postuaren ondoren, hauxe izan da bere lehen lasterketa. Sheffielden (Erresuma Batua) bizi den korrikalariak aurkari ugari utzi ahal izan ditu atzean, azken metroetan egindako esfortzuari esker.

Internazionalki ospetsua da Valentziako lasterketa, eta horren erakusle da, bai gizonezkoetan, baita emakumezkoetan ere, markak hobetu direla. Leul Gebrselassie etiopiarra izan da gizonik azkarrena helmugan, 2 ordu, 4 minutu eta 30 segundoko denborarekin. Emakumezkoetan, berriz, Ashete Dido etiopiarra izan da lehena Valentziako helmugan, 2 ordu, 21 minutu eta 13 segundo behar izan dituelarik.

Gaurko denbora erreferentzia izango da hemendik aurrera Iraitz Arrospiderentzat. Izan ere, atzo eman zituzten ezagutzera, datorren urtean Dohan ospatuko diren Munduko Txapelketetarako gutxieneko denborak, eta maratoian parte hartu nahiko duten korrikalariek, 2 ordu eta 12 minutuko langaren azpitik aritu beharko dute. Beraz, Arrospidek gaur urrats handia eman du datorren urteko erronka nagusirako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!