Herritarren Partaidetza Batzordea bilduko da, Errebote plazaren inguruan hitz egiteko

Ataria 2018ko azaroaren 9a

Amasa-Villabonako alkateak egin du batzordea biltzeko deia. Datorren asteazkenean egingo dute bilera.

Maite Izagirrek, Herritarren Partaidetzako udal batzordeko presidente modura, EH Bilduko zinegotzien eskaerari erantzungo dion bileraren deialdia egin du azaroaren 14rako. Udaletxeko areto nagusian izango da, eta 19:00etan hasiko da. Bilera horretan, udalaren webgunean aurkitzen diren Errebote plazako birmoldaketa proiektuari dagozkion gai desberdinak landuko dira. Batzordean aurkitzen diren politikariei ez ezik, birmoldaketa lanek zuzenean eragiten dien hainbat entitateen ordezkariei eta “Billabonatar Talde Baten” ordezkaritza bati ere luzatu zaie hitzordu honetarako deialdia.

Alkateak azpimarratu duenaren arabera, "legealdi honetan erabili den gobernu estiloak ez du zerikusirik aurrekoan erabilitakoarekin. Legealdi honetan inposizio eskema zaharrak alde batera utzi eta elkarrizketa eta solasaldia gailendu dira". Horregatik, Maite Izagirrek espero du Partaidetza batzordearen bilerak, "zalantzak argitzeko eta iritziak gerturatzeko" balioko duela.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!