Frutos eta Santamaria, banakakoan, eta Roteta eta Aburuza, erreleboan, irabazle

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 20a, 20:23

Amasako XXVI. Mendi Duatloian guztira 67 parte hartzaile izan dira banakako lehian, horietatik 5 emakumezkoak, eta 21 bikote erreleboka.

Emakumezkoetan lehenengo hiruak Zuriñe Frutos artziniegarra ((1:48:28), Ainara Pequeño zumaiarra (1:54:28)) eta Laura Perez sopeloztarra (2:00:11) izan dira. Gizonezkoetan, Alain Santamaria ezkaraitarra (1:17:45), Eneko Gurrutxaga amasarra (1:18:48) eta Alexander Ordeñana usansoloarra (1:20:21). Erreleboka, berriz, Enaitz Roteta asteasuarra eta Axier Aburuza adunarra (1:17:25), Aitor Regillaga tolosarra  eta Aitor Olano altzotarra (1:19:51), eta Iker Irastorza irundarra eta Jon Iturralde andoaindarra (1:22:55) izan dira. Lehen amasarra Eneko Gurrutxaga izan da, baina podioan izan denez, Jon Beldarraini eman diote saria. Azkenik, Galarregi Galdaratz klubak irabazi du taldekakoan.

Eneko Gurrutxagak orain dela bi urte irabazi zuen azkeneko aldiz proba. "Ni gustura sentitu naiz, baina Alain dezente indartsuagoa izan da eta ez zegoen ezer eginik", esan du amasarrak. "Elkar ondo ezagutzen gara, eta denboraldia nola doan ikusita, bera zen faborito nagusia. Ordeñanarekin beti pelean ibiltzen naiz, eta gaur, etxean izanda, espero nuen lehenengo postutik gertuago izatea eta hirugarrena urrutiago geratzea, baina gutxi gorabehera patroia betikoa izan da". Korrika espero baino okerrago aritu dela dio Gurrutxagak, eta bizikletan gusturago.

Zuriñe Frutos "oso gustura eta pozik" geratu da probarekin. "Espero nuen irabaztea, parte hartzaileen artean ezagutzen gara eta. Ni ondo egonik, eta bizikletari ez bazitzaion ezer gertatzen, esperokoa zen proba irabaztea". Aurretik beste bi aldiz izan da Frutos Amasan, eta aurtengoan, ibilbidea egoera onean zegoela eta, "asko gozatu" duela esan du.

Mendi duatloia erreleboka irabazi duten bikotean, Axier Aburuza aritu da korrika eta Enaitz Roteta bizikletan. "Aurkari indartsuak zeuden, eta zaila zegoen irabaztea", esan du Aburuzak. "Korrika aurrenekoek pixka bat alde egin dute, baina eutsi diet, eta Enaitzek errekuperatu du bizikletan". Roteta abiatu denean, erreleboka parte hartzen ari zirenen artean bigarren zihoan. "Hasieran eusten saiatu naiz, eta behin pasatu diodanean, berak etsi egin du. Hemengoa izanik, eta zirkuitua ezagututa, nahiko gustura aritu naiz". Mendi duatloien zirkuituan parte hartzen ari dira, eta lehenengoak doaz. Amasakoa zirkuituko zazpigarrena izan da eta hirugarrena izan da irabazi dutena, besteetan bigarren postua lortuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!