Sinadura bilketa abiatu du herritar talde batek, Errebote plazako aferan parte hartzea eskatuz

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 18a, 11:59

«Herritarren iritzia entzun» dezan eskatu dio Amasa-Villabonako herritar talde batek udalari, etorkizunean Errebote plaza nolakoa izango den definitzeko «prozesu publiko, ireki eta garden bat egitea» proposatuz.

Errebote Plaza eraberritzeko proiektua lizitatu zuen urriaren hasieran Amasa-Villabonako Udalak. Bada, gaiarekin «arduratuta» dagoen herritar talde batek sinadura bilketa jarri du martxan aste honetan, plazaren etorkizuna erabakitzeko herritarren parte hartzea eskatuz.

Obren esleipena eta proiektuaren onarpena «herritarrak kontutan hartu gabe» egin dituztela salatu du talde honek: «Onartutako proiektuak plazan aldaketa nabarmenak egitea ekarriko du, ez da eraberritze edo erreforma soil bat, ia 400 mila euroko aurrekontua baitu. Errebote plaza gure herriaren bihotza da eta gure ustez ez da zilegi herritarrei bizkarra emanda plaza honetan aldaketa handiak egitea. Plaza berezia da bertan errebotean jolasten baita, eta etorkizunean ere errebotean jolastuko den plaza bat izatea nahi genuke. Plaza ordea, errebotean jolasteko eremua izateaz gain, gure herriko espazio publiko garrantzitsuena ere bada; jendearen elkargunea, astearteetako azoka, futbito txapelketako kantxa, hainbat ekimen kultural eta sozial egiteko tokia...», adierazi dute zabaldu duten idatzian.

Bien bitartean, proiektuaren esleipena gelditzeko eskatu diote udalari, eta ondoren, plaza nolakoa izango den definitzeko prozesu publiko, ireki eta garden bat egiteko.

Herriko hainbat taberna eta saltokitan jarri dute sinatzeko aukera, besteak beste, Iru Aldeta, Txurrut, Errota Txiki, Labezain kafetegia (Arroa), Urrizpe, Apatx, Xaldu, Iratzar, Xiker, Larreako Okindegia, Amasa kafetegia, Argoin, Rainbow, Errebote , Zentroa, Aramendia, Txapeldun, Itzalpe eta Chaplin. Horretarako 16 urtetik gorakoa eta herrian erroldatua egotea eskatu dute.




Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!