Errebote plaza berrituko dute

Jon Miranda Labaien 2018ko urr. 3a, 09:49

Amasa-Villabonako EH Bilduk salatu du udal gobernuak ez duela plaza berritzeko proiektuaren inguruko informaziorik eman herritarren artean

Villabonako Errebote plaza herriko gune sozial, politiko, ekonomiko eta kultural garrantzitsua da. Udal gobernuak plazaren «zentraltasuna» indartu nahi du, amasar eta billabonatarren ondare den kirol identitateari, errebote jokoari, garrantzia emanez. Aurreko uztailaren 18an, udalak kreditu aldaketa handi bat onartu zuen, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. 888.400 euroko gehikuntza onartu zen 2018ko inbertsioetarako, eta bertan, 402.100 euro bideratu ziren Errebote plazaren urbanizaziorako. Proiektua, hemendik gutxira lizitatuko da eta obrak urtea bukatu baino lehen hasiko dira. Udal gobernuak adierazi duenez, udaberrirako egongo dira lanak bukatuta.

EH Bilduren udal taldeak zalantzak azaldu ditu proiektuaren izapidetzearen inguruan: «Proiektua idazteko kontratua alkate dekretuz irailaren 5ean esleitu zitzaion Ginder Ingenieros enpresari, baina abuztuaren 20an eman zitzaion sarrera udaletxeko erregistroan. Nola da posible?». Udal gobernuak aipatu du tramitazio prozesua eta ekimen plana «zuzenak eta gardenak» izan direla. «Udalean ordezkaritza duten alderdiei eta Behar Zana kirol elkarteari informazioa eman zaie eta batzorde informatiboak publikoak dira, edozein herritarrek hartu dezake parte bertan». Udal gobernuak uste du EH Bilduk proiektuari inolako ekarpenik ez diola egin, «erabaki garrantzitsuak hartu diren bileretara ez da etorri eta ez du azalpenik eman».

Koalizio abertzaleko zinegotzi Xabat Laborderen esanetan, irailaren 3an egin zen hirigintza batzordean ezin izan zuten parte hartu EH Bilduko zinegotziek. «Baina, hala ere, ez geunden postura bat edo erabaki bat hartzeko moduan. Iraileko lehenengo astean ez geneukan erabaki bat finkatuta».

Euren iritzia kontuan hartu gabe tramitazioarekin aurrera egitea kritikatu du EH Bilduk. «Errebote plaza herriko bihotza da, herriko espazio sinboliko eta ikur nagusia. Iruditzen zaigu, plaza eraberritzea herriarentzat proiektu esanguratsua dela eta herritarren iritzia kontuan hartu behar dela. Horrelakoetarako onartu zen herritarren parte hartzeari buruzko araudia, ez tiradera batean gordeta edukitzeko», esan du Labordek. Asmo horrekin, irailaren 28an batzar informatiboa antolatu zuen EHBilduk eta 50 lagun inguru gerturatu ziren bertara. «Jendeak badu interesa eta tristea iruditzen zaiguna da, oposizioa ibili behar izatea udalak eskuartean dituen proiektuen inguruan informazioa ematen».

Udal gobernuaren ustez, ordea, «EH Bilduk alderdi politiko bezala plazaren itxura aldatzeko izan duen ezintasuna uzten dute agerian kritikek». Oposizioko alderdi nagusiari «gezur eta manipulazioarekin» jokatzea egotzi dio EAJk eta parte hartzearen adibidetzat eman ditu Behar Zana kirol elkartearekin egin dituen bilerak. «Proiektua hobetzeko hainbat iradokizun egin dituzte pilota elkarteko ordezkariek, eta neurri handi batean, kontuan hartuko dira», adierazi du udal gobernuak.

DIRU XAHUKETA?

EH Bilduk «gehiegizkotzat» jo du Errebote plaza eraberritzeko aurrekontuan jasotako dirua, «udal teknikariek aurrez egindako aurrekontu batean, 200.000 euro inguru beharko liratekeela jasota dagoenean, oraingo proiektuaren erdia baino gutxiago». Lurzorurako material «oso garestia» aukeratu izana egotzi dio udal gobernuari, «eta plazan argiztapen arazo handirik gabe, argi apaingarrietan 55.000 euro gastatzea».

Udal gobernuaren ustez, egingo diren lanen tamaina ikusita, orekatutako aurrekontua da eta jasotako kritikei erantzun die: «EH Bilduk egindako balorazioa ez dago analisi serioetan oinarrituta eta ekimen plana zapuztea beste asmorik ez du». Oposizioko alderdiari «argumentu faltsuak erabiltzea eta beharrezko ez diren polemikak piztea» egotzi dio.

Harrizko eta aglomeratuzko zoladura berria, hormen egokitzapena, Kale Nagusi aldera ematen duen frontisaren aldamenean dagoen harri hormaren eraisketa, euri uren saneamenduaren hobekuntza, frontoiaren segurtasun sarearen ordezkapena, jolas lekua edota argiztapen berria aurreikusten ditu, besteak beste, onartutako proiektuak. Erreforma integral honek, oraingo erabilerak ziurtatzeaz gain, «etorkizunera begira garatu daitezkeen beste hainbat ekimenei ere aukera emango die», udal gobernuaren esanetan.

Hainbat erabaki unilateralki hartzea, ez zaio «zuzena» iruditzen EH Bilduri eta horregatik herritarrak gai honen inguruan «aktibatu» nahi ditu, parte hartzeko ordenantza baliatuta. «Sinadura bilketa baten bidez udala galdeketa bat egitera behartu daiteke, edo udaleko osoko bilkuran txertatu daiteke gaia, eztabaidatua edo bozkatua izan dadin». Aukera horiek jarri zituzten mahai gainean aurreko asteko batzarrean. «Guk ez dugu gaia instrumentalizatu nahi», esan du Labordek, «ez dugu EH Bilduren ekimen bat balitz bezala modu alderdikoi batean hartu nahi, ekimen herritarra izatea nahiko genuke».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!