200 parte hartzailetik gora espero dituzte BTT Martxan

Asier Imaz 2018ko urr. 3a, 09:18

Bedaioko BTT Martxako irudi bat

Amasa-Villabonan mendi bizikleta martxa antolatu dute lehen aldiz; Irrintzi Elkartearen eskutik 34 kilometroko ibilbidea prestatu dute.

Amasa-Villabonan BTT martxa antolatu dute lehen aldiz eta igande honetan izango da. Hainbat herritarren ekimenak atera du mendi bizikleta martxa aurrera, Irrintzi Elkartearen babesarekin. «Lau lagun horrelako martxetan ibiltzen gara, eta herrian zerbait egitea pentsatu genuen. Bat Irrintziko bazkidea zenez, elkarteko kideekin bilera egin genuen. Ideia polita zela esan ziguten, eta laguntzeko prest zeudela», azaldu dute antolatzaile taldeko kideek.

Irrintzi Elkarteak txirrindulari taldea ere bazuen, eta duela 20 urtera arte zikloturista martxa bat antolatzen zuen. Eurekin harremanetan jartzea, beraz, ez zen kasualitatea izan antolatzaileentzat: «Villabonako belaunaldi asko pasa dira Irrintzi Txirrindulari Taldetik, eta horren jakitun, elkarte egokia zela pentsatu genuen».

Errebote Plazatik irtengo da martxa 09:00etan. «34 kilometroko ibilbidea polita da. Igoera eta jaitsiera teknikoak ditu, eta mundu horretan ibiltzen denak gozatzeko aukera izango du. Mendi martxak nolakoak diren ezagutu nahi duenak ere aukera polita du, bere erritmoan lasai egiteko egokia delako», azaldu dute ekimenaren sustatzaileek.

Izena Villabonako RK tabernan eta www.kirolprobak.com webgunean eman daiteke, ostiraleko 00:00ak arte. Hortik aurrera, egunean bertan, baina beti ere dortsalak gelditzen baldin badira. «Astearen hasieran 100 lagunetik gora zeuden izena emanda. Azken aste honetan beste horrenbestek emango dutela espero dugu. Gehienez ere 300entzat egongo dira dortsalak. Ea zenbaki horietara iristen garen. Guretzat lan gehiago ilitzateke, baina aldi berean polita litzateke. Orain arteko martxarekin oso gustura gaudela esan beharra dago», onartu dute antolatzaileek.

Ibilbidea aurrez markaturik egongo da, eta eguna goizean goiz hasiko da Irrintzikoentzat. Bi anoa gune jarriko dituzte. Lehena 11-12. kilometroan, Belabieta gainean. Bigarrena, Loatzoko gurutzean. Amaieran ere jana eta edana egongo da, elkartekoek prestatuta. Herrian bi parking puntu jarriko dituzte: bata, Andoaindik sartu eta ezkerrera geratzen den gunean; bestea, Olaederra kiroldegiaren atzean. Bertan, dutxatzeko eta bizikletak garbitzeko aukera ere izango dute parte hartzaileek.

BTT Martxa ez da lasterketa, hau da, ez da denborarik ez saririk egongo helmugan. Parte hartzaileak ez dira esku hutsik joango ordea, opari ugari zozkatuko baitituzte Errebote plazan 14:00etatik aurrera.

Bitxikeria bezala, bizikleta elektrikoekin parte hartzeko aukera izango da. Hortik aurrera, mendi bizikleta gogokoa izanez gero, 16 urtetik gorako edozeinek dauka Amasa-Villabonako I. BTT Martxan parte hartzeko aukera.

I. BTT MARTXA

Urriak 7, igandea

Ordutegia
Irteera 09:00etan Villabonako Errebote plazatik. Amaiera 14:00ak inguruan aurreikusten da.

Ibilbidea
34 kilometroko zirkuitua: Villabona, Amasa, Komizar, Onddoko Borda, Meaka, Belabieta, Belabieta Txiki (anoa gunea), Onddoko Borda, Loatzo (anoa gunea), Alustiza eta Villabona. 1.350 metroko bataz besteko malda positiboa.

Izen ematea
www.kirolprobak.com webgunean eta RK Tabernan ostirala arte. Egunean bertan irteera puntuan, lekurik gelditzen bada.

Garrantzitsua
Amasa-Villabona BTT Martxa 16 urtetik gorakoentzat da. 18 urte ez dituenak gurasoek sinatutako agiria eraman beharko dute, egunean bertan, irteera puntura.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!