Villabonako Santio jaiak 2018

Bero sargoria, sagardoz bustia

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko uztailaren 30a

Erromeri eguna ospatzen ari dira, gaur, Villabonako santio festetan. Ohiturak agindu bezala, baserritar jantziarekin atera dira kalera herritarrak. Arratsaldean, urtero jende mordoa biltzen duen sagardo dastaketa egin dute, musikaz lagunduta.

Beranduago haize apur bat sartu bada ere, Villabonako Errebote plazan bero handia egin du arratseko lehen orduetan. Hala ere, eztarri idorrak sagardoz bustitzeko aukera izan da bertan, hamaika sagardo klase desberdinen eskutik. Lehenago, Isk&bila txarangak girotu ditu alde zaharreko kaleak, eta nahiz eta goizean ere aritu, Santiotan kantari ekimeneko partaideek, arratsaldea ere aprobetxatu dute kalera irteteko. Hauena, gainera, emanaldi arrakastatsua izan da, plazan bertan zeuden batzuk ere animatu baitira eztarria urratzera.

Horri aurre egiteko, ordea, prest zeuden berriz sagardo basoak. Beranduago, baina, Ansorregi eta Larrañaga trikitilariek jarri diote ahotsa zein musika erromeri egunari. Arrakastatsua, jendetsua eta giro paregabean joan dena izan da Oinkari dantza taldeak antolatutako sagardo dastaketa.

Egitarautik kanpo, baina leku berean, Fleming Herri Eskolako gurasoek jarritako tabernan ere izan dute zer ikusi, zertaz gozatu eta zer dastatu; batez ere, haurrek. Izan ere, bertan Ekotalok gidatutako talo-tailerra antolatu dute, eta aurrez prestatuta zuten mahaia txiki geratu zaie azkenean. Gero, talo afaria egin dute familian, txikienek prestatutako jakiekin.

Erromeri eguna, ordea, ez da guzti honekin amaitzen, eta gauean, Izer eta Alabier trikitilariekin eta Laket musika taldearekin dantzan jarraitzeko aukera izango da. Bitarterako, gainera, larrain dantza herrikoia antolatu dute. Kontzertuen aurretik, berriz, bertso saio ederraz gozatzen ari dira Txermingo ikastolan.

Bihar amaituko dira santioak Villabonan, eta azken egunerako ere indarrak gordeko dituzte herritarrek. Ikusi hemen San Inazio egunerako osatu duten egitaraua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!