Villabonako Santio jaiak 2018

Norberak bere bazkaria, eta bere mozorroa

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko uztailaren 26a

Onddo Gazte Asanbladak antolatutako festa alternatiboen egitarauaren barruan, gazte eguna ospatzen ari dira gaur, eta goizeko baltsa jaitsieraren ondoren, barrikotearen eta mozorro festaren unea heldu da.

Goizean, bakar batzuk ausartu badira uretara sartzen, eguerdiko barrikoterako, ehunka gazte elkartu dira Onddo plazan. Jan-edanean aritzeko, inor ez da beldurtu. Norberak bere etxetik eraman behar izan du bazkaria, baita itxuraldatutako gorputza ere. Izan ere, gazte egunarekin batera, mozorro festa ospatzen ari dira. Era guztietako txantxoak ikusteko aukera izan da bertan. Bazkal ostea, nahiko lasaia izan da. Batzuek, lagunartean egon eta ingurukoekin hitz egiteko baliatu dute astia. Beste batzuk, berriz, jolasaren bitartez entretenitu dira.

Beranduago, Orkresta elektrotxarangaren txanda iritsi da. Hain justu, Remi Ayestararen oroitarriari egindako erasoa salatzeko egin duten elkarretaratzea amaitu ostean hasi dira. Melodia gogorrak joz kalejira girotu dute, herriko kale eta plazetan zehar. Gazteen festak, gauera bitarte iraungo du, eta ilargia agertzearekin batera, Little Martin Selektah DJ-az gozatzeko aukera izango da.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!