Villabonako Santio jaiak 2018

Orian barrena ibili diren 10 txapeldunak

Mikel Iraola 2018ko uztailaren 26a

Onddo Gazte Asanbladako 10 kidek baltsa jaitsiera berreskuratu dute. Bi baltsatan eta beste horrenbeste paipotan egin dute ibilbidea.

Ia ordubetean egin dute Aranerrekatik udaletxe atzerainoko ibilbidea. Aranerrekako ibai ertzeetan landare asko izatearen ondorioz uretaratzea kosta bazaie ere, oinez iristea lortu dute.

Ur lasterretan izan dute arazo gehien: Sacem-go zubira iristean, esaterako, bi baltsetako batek alde egin die, eta metro batzuk aurrerago berreskuratu behar izan dute. Gainontzean, uretara jauzi eginez eta ur pistolekin elkarri ura botaz ibili dira. Guztia, umore onean.

Ibai ertzean jende ugari bildu da ikuskizuna gertutik jarraitzeko, eta etengabe animoak ematen eta txaloka aritu dira. Udaletxe atzeko aldapan jende ugari izan dute zain, eta txaloz hartu dituzte 10 txapeldunak.

Ondoren, Gazte barrikotea egingo dute Onddo plazan. Mozorrotuta joango dira, gainera, eta marrazki bizidunak aukeratu dute gai moduan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!