Txermingo egoitzara itzuliko da Garagardo Azoka

Tolosaldeko Ataria 2018ko uzt. 18a, 15:30

Villabonako Irrintzi elkarteak 22. aldiz zabalduko ditu ateak bihar eta 20 garagardo mota eskainiko ditu igandera bitartean

Urtebeteko etenaren ondoren itzuli da Villabonako Garagardo Azoka betiko tokira. Iaz, Zubimusu ikastolak Txermingo egoitzan obrak egin zituen eta ezinezkoa egin zitzaion Irrintzi elkarteari azoka bertan antolatzea. Formatu txikiagoan egin zuten Kale Nagusian duten egoitzan. Mikel Ayestaran elkarteko lehendakariaren esanetan, ez zioten antolatzeari utzi nahi izan, «ohitura galtzeko arriskua zegoelako, eta gero, berriz ere azokari heltzea kosta egin zitekeelako». Beraz, martxoan heldu zioten gaiari eta berrantolatutako espaziora egokitutako proiektua prestatu zuten antolatzaileek.

«Jantokiaren banaketa ez da gehiegi aldatuko», esan du Ayestaranek. Lehen edariak zerbitzatzeko barra, orain larrialdietarako eskailerak dauden tokian geratzen zen eta frontoiaren kontra eta karpa batez estalita jartzea erabaki dute. Lehen, biltegi bezala erabiltzen zuten ikastolako partea, berriz, janariak zerbitzatzeko barraren atzean egokitu dute. Espaziorik ez dute galdu, eta aurten ere, 700 bat lagunentzako tokia egongo da jantokian. «Nobedade gisa, mahai indibidualak jarriko ditugu luzetara jarritakoekin batera».

MUNTAIA ELKARTEAREN ESKU

Biharko dena prest egon dadin, elkarteko kideak ari dira egunotan ikastolako behealdea egokitzen. «22. aldia da azoka antolatzen dela eta elkartean esperientzia luzea duten kideak badaude. Pixkanaka, ordea, belaunaldi berriak ari gara erreleboa hartzen, eta eskertuko genuke elkarteko jende gazte gehiago gerturatuko balitz». Ayestaran da gazteenetako bat, eta esperientziadunen artean dago Seve Iglesias. Barrak dekoratzeko marrazki berriak egin ditu eta elkarteko kideek egunotan eramango dituzten kamisetak ere diseinatu ditu margolari billabonatarrak.

Izan ere, ostegunean hasi eta igandera bitartean, arratsaldero, 50 lagun inguru beharko dira lanerako elkarteko kideek kalkulatzen dutenez. Irrintziko bazkideak eta inguruko jendea da horretarako gerturatzen dena, eta haientzako «esker ona» adierazi du elkarteko lehendakariak.

Garagardo Azokan bildutako dirua elkartearentzat izango da, «dauzkagun zorrak kitatzeko eta urtean zehar aurrera eramaten ditugun ekimenak egiteko». Aiztondoko Klasika, Emakume Bira, irailean egiten den azoka berezia eta beste hainbat ekimen egiten dituzte Irrintzikoek urtean zehar eta orain txirrindularitza sekzioa indartu nahi dute: «Zikloturistek federatzeko aukera dute gure elkartearen bitartez eta triatloiko taldea ere sortu genuen duela urte batzuk».

Herriari bere ekarpena egin nahi dio, hortaz, Irrintzi elkarteak eta horregatik sustatzen du elkarlana herriko eragileen artean. Ostalariek bat egin dute Garagardo Azokaren antolakuntzarekin eta herriko tabernetan afariak zozkatuko dituzte egunotan. Villabonako Udalak ere, lagundu du Irrintzi elkartearen ekimena. «Gero, festetan erabiliko diren bi karpa jarriko dira Txerminen eta gastu horren erdia bere gain hartu du udalak», esan du Ayestaranek.

Lehen aldiz, Villabona bertako garagardoa dastatzeko aukera izango da azokan. «Artisau eran garagardoa egiten duten Beertoki elkartekoak baimen eske etorri zitzaizkigun eta guri primerako ideia iruditu zitzaigun». Garagardo horrekin batera, beste 20 egongo dira aukeran, klase eta gradu ezberdinetakoak.

Ostegunetik aurrera eta igandera bitarte 18:00etatik 01:00 aldera arte egongo da zabalik Villabonako Garagardo Azoka, datorren asteartean abiatuko diren Santio festen aurrekari gisa.

22. GARAGARDO AZOKA

GARAGARDOAK

Pitxarra. 1,50 euroan.

Garagardo motak. Bakoitza 3,60 euroan. Selecta, Amstel Radler, Alhambra Especial, San Miguel 0/0, Kronenbourg 1664, Carlberg, Foster, Grimberger Duble, Affligem, Paulaner Rubia, Paulaner Trigo, Paulaner Salvator, Murphy's, Guiness, Warsteiner, Kong Ludwig Weissbier, Zappa, Ladron de Manzana, La Salve Original, La Salve Negra eta Beertoki. Glutenik gabeko garagardoa ere badago.

JATEKOAK

Ukondoa. Osoa, 9 euroan.

Bestelakoak. Saltxitxak, errusiar entsalada, entsalada alemaniarra eta patatak «Navarrito» erara (2 euroan). Haragi pastela eta langostinoak baratzuriarekin (2,50 euroan). Gulak eta muskuiluak tomatearekin (3 euroan),

Postrerako. Txokolatezko tarta edo gazta (2,50 euroan).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!