Villabonako udaleko osoko bilkura aretoan aurkeztu dituzte aurtengo jaiak Maite Izagirre alkateak, Mertxe Garmendia Kultura zinegotziak eta Joxean Cubero Kultura saileko teknikariak. Aizkardi mendi elkarteak zabalduko du festa, uztailaren 24an, txupinazoa botatzeko ohorea izango baitute elkarteko kideek. Aurten 50 urte bete ditu Aizkardik eta horregatik eskerrona adierazi die Izagirrek: "bihotz-bihotzez bejondeizuela".
Amasa-Villabonako alkateak festa batzordearentzako hitzak ere izan ditu Santio jaiak aurkezteko agerraldian: "Askotan ez gara jabetzen, borondatez, zenbateko lana egiten duten dena prestatzen. Herritar guztien izenean, mila esker denoi". Festa hauek, "errespetuz eta tolerantziaz" betetako testuinguru batean ospatzeko beharraz hitz egin du Izagirrek eta bereziki emakumeenganako errespetuaz aritu da. "Herritarrei, eta gehienbat gizonezkoei, mikro-matxismo eta jarrera sexistak alde batera uzteko deia egiten diet".
Lurgatz talde feministarekin adostu dira aurtengo festetan burutuko diren hainbat ekimen, kontzientziazioa eta prebentzioa bultzatzeko, Emakundek emandako gomendioak jarraituz. Aurreko urteetan bezala, txosnetan banatzen diren edalontzi erabilgarrietan Lortu ditzagun eraso sexistarik gabeko jaiak goiburua agertuko da eta pin-ak eta itsasgarriak banatuko dira antzeko leloekin.
Indarkeri matxista kasuren bat gertatuko balitz, jarraitu beharreko pausoen berri ematen duten eskuorriak banatu dituzte etxez-etxe. Besteak beste, Udaltzaingoa, Sos Deiak eta Gipuzkoako Larrialdietako telefonoak ageri dira. Bestalde, emakumeak etxera laguntzeko brigada feministak osatuko dira, eta aldiro, txosnetatik aterako dira, taldean.
Izagirrek beste bi ekimen ere azpimarratu ditu: uztailaren 28an, Errebote plazan, Ai Laket elkartekoak egongo dira eta droga ilegalen kontsumoaren inguruko informazioa banatuko dute. Eta bestalde, Amasa eta Villabonak bat egin zuteneko 400. urteurrena ospatzen denez 2019an, data hori gogoratzeko zapiak banatuko ditu udalak aurtengo Santioetan janzteko.
Erraldoi berriak lehen aldiz kalera
Mertxe Garmendia Kultura zinegotziak azpimarratu duenez, Erraldoi eta Buruhandien konpartsak berritasuna ekarriko du aurten. Irungo Garate anaien etxeak egindako erraldoi berriak izango ditu Amasa-Villabonak: "Arropa tradizionalekin jantzitako baserritar bikote bat, gizonezkoa eta emakumezkoa; Pedro Yarza Villabonako besamotza izenez ezagutzen den pilotaria; eta Amasako Iturri-Goxoko emakumea". Uztailaren 24an aterako dira lehen aldiz kalera bi bikoteak eta hilaren 27an, Zizurkil, Añorga, Bera eta Usurbilgo buruhandi eta erraldoiekin batera ibiliko dira.
Eresargi abesbatzak, Puro Relajo talde nafarrarekin batera, Santio egunean eskainiko duen emanaldia azpimarratu du Garmendiak. Amalur plazan izango da kontzertua eta herriko dantzariek ere parte hartuko dute bertan. Beste musika saio batean jarri du arreta kultura zinegotziak: "Donostiako Nazioarteko Jazz jaialdiarekin legealdi hasieran egin genuen kolaborazioarekin jarraituz, uztailaren 29an lehen mailako kontzertua egingo da eta Mikel Laboari omenaldia egingo zaio Txistulari plazan". Iñaki Salvador, Ainara Ortega, Maria Berasarte, Angel Unzu, Hasier Oleaga eta Javier Mayor de la Iglesiak hartuko dute parte.
Joxean Cubero teknikariak aipatu duenez, aurtengo jai egitarauak baditu nobedadeak: "Alde batetik, aurten Kuadrillen Eguna, normalean ez bezala larunbatez izango da, uztailaren 28an. Talde bakar batek jo izan du egun horretan, baina aurten bi izango dira. Elizagoien ahizpak izango dira arratsaldez, eta gauerditik aurrera Gozategi".
Erromeri eguna, uztailaren 30ean izango da eta bezperan, hilaren 29an, Txistulari plazan, Donostiako Txistulari Bandaren kontzertua izango da. "Gonbidatu bereziak izango dira emanaldi horretan", esan du Cuberok. Oinkari dantza taldeko kideek eta Oihana Iguaran bertsolariak hartuko dute parte. Azkenik, egun horretan bertan, uztailaren 29an, haurrentzako herri kirolen parkea izango da Behar Zana pilotalekuan.