Tokiko Agenda 21 Planaren barruan aurreikusi diren ekintzak konpartituko dira herritarrekin

Ataria 2018ko ekainaren 15a

Bi saio egingo dira ekainaren 20an Villabonako Subijana etxean eta ekainaren 21ean Amasako kultur etxean. Bi bilerak 18:30ean izango dira.

Ingurumena, gizartea eta ekonomia gaiak landu zituzten aurrena eta martxoan zehar, herritarrek udalerriko indargune eta ahulguneen inguruan eztabaidatzen aritu ziren. Bertan ateratako ekarpenak diagnostiko teknikoan txertatu zituzten.

Diagnostiko partekatu horretan identifikatutako beharrei erantzunez, datozen urteetan udalerria hobetzeko helburu duten zenbait ekintza definitu dira. Villabonako Udalak uste du, "ekintza horiek aurrera eramateko herritarrak, udala eta udalaz gaindituko erakundeak elkarrekin lan egitea garrantzitsua dela".

Asteazkenean, ekainaren 20an, Subijana etxean 18:30ean egingo den bileran honako galderei erantzungo zaie: "Nola lortu herritarrak oinez mugitzea? Nola lagundu dezakegu bertako ekonomia?". Hurrengo egunean, ekainaren 21ean, osteguna, Amasako kultur etxean egingo dute bilera galdera hauei erantzuteko: "Zer egin dezakegu Amasamendiko bordak eta bideak berreskuratzeko? Zein aisialdi mota nahi dugu Amasarako?".

Amasa-Villabonako Tokiko Agenda 21 Plana berrikusteko prozesua abian du udalak, "udalerriko iraunkortasunaren aldeko apustua sendotzeko asmoarekin". 2007an osatu zen lehen plana eta geroztik planaren kudeaketa aktiboa egin izan da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!