Villabonan heriotza bat eragin zuen kamioi gidariak zigor murrizketa eskatu dio Auzitegi Gorenari

Ataria 2018ko apirilaren 25a

Urtarrilean 12 urteko kartzela zigorra ezarri zion Gipuzkoako Auzitegiak zuhurtziagabekeriazko giza hilketa leporatuta, eta orain larritasunezko zuhurtasunik ezagatik, zigor hori 2 urtera murriztea eskatu du kamioi gidariak.

Gipuzkoako Auzitegiak 12 urte eta 6 hilabeteko zigorra ezarri zion urte hasieran duela hiru urte istripua eragin zuen kamioi gidariari. Alkoholaren eraginpean 9 kilometro egin zituen N-1 errepidean, auto baten kontra jo zen arte. Autoak su hartu zuen eta bere gidaria, 43 urteko emakume errenteriar bat, bertan hil zen. 

Carlos Manuel M.M., 54 urteko kamioi-gidaria zuhurtziagabekeriazko giza hilketa leporatuta atxilotu zuten egunean bertan. Legezko alkohol-tasa baino zortzi aldiz handiagoa zuen, 2,3 gramo odol litro bakoitzeko. Orain, errekurtsoa aurkeztu du gidariak eta larritasunezko zuhurtasunik ezagatik zigorra jaistea eskatu du, 12 urtetatik 2 urtera. Auzitegi Goreneko bigarren salako idazkariak tramitera onartu du errekurtsoa eta orain, berrikusi egingo du, hortaz, urte hasieran Gipuzkoako Auzitegiak emandako epaia.

Tolosa eta Alegia artean dagoen gasolindegian egin zuen geldialdia garraiolariak eta lau orduz izan zen bertan. Denbora horretan alkoholdun edari ugari hartu zituela adierazi dute akusazioak eta fiskaltzak. Alkoholaren eraginpean egon arren, errepidera irten zen eta kontrako bidea hartu zuen, argirik jarri gabe, gainera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!