Euskal kantagintzak Interneten duen ondarea aztertuko dute Xenpelar Dokumentazio Jardunaldietan

Ataria 2018ko apirilaren 18a

Zehazki, Interneten duen presentziaz eta izan lezakeenaz hausnartuko da. Apirilaren 27an izango da hitzordua Amasa-Villabonako egoitzan 10:00etan eta sarrera doakoa da; interesa duen edonor joan daiteke.

"Irudika dezakegu denontzat baliagarria izateko moduko kantutegi bateratu bat? Nolakoa litzateke?" galdera horren inguruan ardaztuko dira aurtengo Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak. Bai behintzat mahai-inguruan bildutako gonbidatuek egingo duten hausnarketa.

Euskal kantagintzaren ondareak Interneten duen presentziatik abiatuta gogoeta egingo da sarean dagoen eta egon litezkeen aukeren inguruan, kantutegien datu-baseei dagokionez. Amasa-Villabonako Subijana etxean izango dira jardunaldiak, apirilaren 27an. 10:00etan hasiko dira eta mahai-inguruko solasaldia hasi aurretik, hizlari gonbidatuek beren proiektuak eta ikuspuntuak elkarbanatuko dituzte banan-banan: Eusko Ikaskuntzako Amaia Cuende, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboko Jon Bagues, Labayru Fundazioko Igone Etxebarria, Itziar Irigoien irakasle eta haur abesbatzako zuzendaria, Pantxix Bidart kantari eta irratsaio egilea, eta Maider Bedaxagar kantari eta liburuzaina ariko dira.

Saio irekia izango da, interesa duen edonork har dezake parte, eta sarrera doakoa da. Saio irekiaren ondotik, hizlariak zein egitasmo ezberdinetatik gonbidatutako parte-hartzaileak elkartu eta lan saioa egingo dute.

Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak dokumentazio alorraren inguruko eta, bereziki, Euskal Herriko dokumentazio gaien inguruko gogoetak bultzatu eta ezagutarazteko heburuarekin sortu ziren eta aurtengoa bosgarren edizioa da. 2018ko jardunaldien antolatzaileak Mintzola Ahozko Lantegia, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboa, Labayru Fundazioa eta Eusko Ikaskuntza dira; Badok, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedra eta Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkartea (ALDEE) laguntzaile dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!