Garagardoak badu bere tokia

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 5a, 19:29

Beertokiko antolatzaileek iragarri dute etzi frontoian egingo dutela azoka udalarekin horrela adostu eta gero

Atzo arratsaldean bildu ziren Beertoki azokako antolatzaileak eta Villabonako Udaleko ordezkariak eta aurtengo edizioa Behar Zana pilotalekuan ospatzea adostu zuten. Pilotalekuaren mantenua egokia izan dadin, udalak gainerako eragileekin duen lan ildoari jarraitu dio eta frontoia garbi eta egoera onean mantentzeko konpromisoa hartu dute antolatzaileek.

Garagardo artisauen azoka prestatzen diharduen taldeko kidea da Jon Ander Artola eta bere esanetan elkarrizketaren bidez udalarekin egoera bideratzea lortu dute. Bat dator Maite Izagirre alkatea eta desberdintasunak gainditzeko bideak zabaldu direla aitortu du. «Beertoki jaialdia Euskadi mailan erreferentea izateaz gain, Amasa-Villabonako herri giroa dinamizatuko duen ekitaldia izatea nahi dugu». Hurrengo edizioei begira jarri direla ere azaldu du Eneko Urdangarin zinegotzi jeltzaleak: «Helburua ekitaldi hau egiteko lekurik aproposena bilatzea da, kontuan edukita gainera, Behar Zana pilotalekua txikia geratu daitekeela azokak duen arrakasta ikusita». Hurrengo hilabeteetan elkarrizketak mantenduko dituzte bi aldeek, «sendotze» honetarako behar diren laguntzak zehazteko. Lan talde bat osatuko da ekimen hau beste leku batera mugitzeko aukera aztertzeko, «segurtasun, irisgarritasun eta muntaiari dagozkion baldintza egokiak bete daitezen». Lan talde hau eragile gehiagotara zabalduko da, herriko gune ezberdinek (Amasa eta Villabonako pilotalekuek, Berdura plazak, Malkar plazak, ikastolak) izan ditzaketen erabilerak aztertu eta zehazteko.

Beertokiko antolatzaileak pozik daude baina aitortu dute "zuhurrak" direla: "Zapore gazi-gozoz atera ginen atzoko bileratik. Udalak eragileen hitza kontuan hartuko duela esan digu, baina argi ikusi dugu udalak pilotalekuaren erabilerak mugatu nahi dituela". Horren aurrean frontoiaren "izaera publikoa" eta "honek erabilera anitzak izan behar dituela" aldarrikatzen jarraituko dute. "Gure ekimena baimendu dute, bai, baina honek ez du ziurtatzen, aurrerantzean, beste ekimen batzuk baimentzea". Sinadura bilketarekin segiko dutela jakinarazi dute.

Gauzak horrela, aurreko bi urteetan bezala Villabonako Behar Zana frontoian ospatuko da Euskal Herriko Garagardo Artisauen azoka, larunbatean egun osoan zehar. Garagardo mota hauek ezagutzera emateko helburuz antolatuko da.

Aurreko urteetako ildoan

Bertako produktu artisauen kulturan interesatuta dauden lau gazte dira Beertoki azokaren antolatzaileak, bereziki, garagardo artisauen munduan aritzen direnak. Pixkanaka, Euskal Herrian produktu hau lantzen duten artisau ezberdinak ezagutzen joan dira azken urteetan, «eta ez dira gutxi kopuruz». Antolatzaileek aipatzen dutenez, «taberna eta denda gehienetan dagoen eskaintza eskasa ikusita, eta orokorrean jendeak bertako garagardo artisauen existentzian duen ezjakintasuna dela eta hasi ginen duela bi urte azoka antolatzen».

Lau lagun dira, baino horietako batek, Artolak aitortu duenez, «familia» handitzen joan da azken bi urteetan. «Azoka antolatu aurreko hilabeteetan bilerak egiten ditugu eta gure inguruan dabiltzanei, guk, Beertoki Lagunak deitzen diegu». Etzi, esate baterako, 50 pertsona inguru bilduko dira lanerako, azoka antolatzeko eta guztia behar bezala ateratzeko. Azoka posible egiten duten taberna, komertzio eta enpres laguntzaileak ere izan dituzte gogoan.

Garagardo artisauei bultzada bat eman nahi diete Beertoki azokaren bitartez eta Euskal Herrian dagoen aukera «zabala eta kalitate altua» erakutsi nahi diote jendeari. 17 garagardogile izango dira larunbatean Behar Zana frontoian eta haien produktuak aurkezteaz gainera, garagardoa bertan kontsumitzeko eta erosteko aukera izango da. Aurten lehen aldiz Iparraldeko ordezkari bat izango da, La Superbe. Lehen aldia izango da, baita ere, Gernikako OAK etxearentzat. 60 garagardo klase baino gehiago izango dira pilotalekuan. Azokara gerturatzen diren zaleek zozketa batean parte hartu ahal izango dute eta egunaren amaieran irabazle suertatzen denak, aurkeztutako garagardoen sorta bat eramango du opari.

Aldaketa handirik ez du ekarriko aurtengo edizioak. Hori bai, artisauek horrela eskatuta eta eskainiko diren garagardoak hobeto dastatzeko kristalezko edalontziak jarriko dituzte aurten. 2,50 euroan izango dira salgai pitxarrak eta era horretan hondakinak ere murriztuko dituzte.

Artisau garagardoa nola egiten den erakutsiko dute, baita ere, larunbateko azokan. «Prozesu luzea da, baina gutxi gorabehera nola egiten den erakutsiko da stand horietako batean», esan du Artolak. Andoaingo Aritz eta Mikel Amondarainek erakutsiko dute prozesua. Gainera, garagardoa laguntzeko jatekoa ere izango da aukeran. Goierriko talogileak ariko dira alde batetik eta herriko sukaldariek bestetik, mokadu bereziak eskainiko dituzte frontoiaren bazter batean.

Musikaz lagunduta

Aurreko bi urteetako azokak oso arrakastatsuak izan ziren eta antolatzaileen esanetan mila pertsona inguru gerturatu zen bertara. Garagardo artisauei bultzada bat emateaz gainera, Amasa-Villabonari eta Tolosaldeko eskualdeari «bizia ematea» ere bada azokaren beste helburuetako bat. Horregatik, eta aurten nobedade gisa, Loatzo musika eskolako Anakruxa taldea ariko da Behar Zana frontoian. Larunbatean, 11:30etik aurrera ariko dira emanaldia eskaintzen.

12 orduz egongo da zabalik azoka, 11:00etatik 23:00etara eta behin Behar Zana pilotalekukoak bukatuta, festa giroan jarraitu nahi dutenentzat kontzertuak antolatu dituzte herriko tabernarien laguntzaz. 23:00etan bertan La Polla Records taldearen bertsioak egiten dituen taldea ariko da Rainbow tabernan eta gauerditik aurrera, beste hiru tabernetan, Rbote, RK eta Apatxen, DJak ariko dira giroa jartzen. Hurrenez hurren, Logozar musika elektronikoarekin, DJ Lambretta rock klasikoarekin eta DZ eta Gatxet herriko DJ ezagunekin.

Ezagutu. Dastatu. Gozatu leloa ardatz hartuta, azokara gerturatzeko deia zabaldu diete antolatzaileek eskualdeko herritar guztiei. Kamisetak eta sudaderak ere erosi ahalko dira, 12 eta 20 euroan.

17 GARAGARDOGILE

Artisauak. Euskal Herri osotik etorritako garagardogileak izango dira.

Mokaduak eta taloak. Herriko sukaldariak ariko dira mokadu bereziak eskaintzen eta Goierriko taloak izango dira aukeran.

11:00 - 23:00. 12 ORDUKO AZOKA

Behar Zana frontoian. Stand-ak jarriko dira artisauentzat, euren garagardoak dastatzeko eskaini ditzaten. Salgai ere izango dira garagardo hauek.

60 GARAGARDO MOTA

Ezagutu. Dastastu. Gozatu.

Era guztietako garagardoak dastatu ahal izango dira azokan, guztiak modu artisauan eta osagai ezberdinekin egindakoak.

5 KONTZERTU EGUN OSOAN

11:30. Loatzo musika eskolako Anakruxa taldea ariko da frontoian.

23:00. Rainbow tabernan Tokan2LaPolla taldearen emanaldia.

00:00. Rbote tabernan DJ Logozar; Apatx tabernan DJ Lambretta; eta RK tabernan DZ eta Gatxet.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!