Aizkardiren ibilaldia 50. urtemugara iritsiko da igande honetan

Jon Miranda Labaien 2018ko mar. 22a, 11:26

Villabonako mendizale elkarteak antolatutako martxan bi ibilaldi izango dira aukeran: motza eta luzea; azken hau 17. iraupen luzeko ibilbideen zirkuiturako baliagarria da.

Mila lagun inguruk eman dute izena dagoeneko igandean ospatuko den Aizkardiren 50. Mendi ibilaldian. Oraindik ere, bihar arteko epea dago horretarako, www.zirkuitua.com helbidean; proba hasi aurretik ere emango dute aukera. Ibilbide motza egingo dutenak 08:00etan aterako dira Villabonatik eta 24 kilometro egingo dituzte 1.200 metroko pendizarekin. Sei bat ordutan egingo dute bidea mendizaleek. Ibilbide luzea egitea aukeratzen dutenek, berriz, 07:00etan izango dute irteera eta 43 kilometro zeharkatu beharko dituzte. 10 orduko bidea da gutxi gorabehera eta 17. Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuiturako baliagarria izango da.

«Mendi lasterketa ez denez, ibili zaitez oinez». Aholku hori eman dute antolatzaileek, izan ere, zeharkaldia mendizaletasuna bultzatzeko eta Villabona inguruko lekuak erakusteko antolatzen dute, «beti ere natura erabat errespetatuz». Aizkardi mendi elkarteko kideek bezperan bertan lo egin nahi dutenentzat gela bat prestatuko du koltxonetekin. Zerbitzu hau erabili nahi dutenek antolakuntzari jakinarazi beharko diote 649 71 71 82 telefonoan edo bestela ibilaldia@aizkardi.com helbidean. Jan-edanak mendizale bakoitzaren kontura joango dira baina ura eta gutxieneko hornidura jarriko dute antolatzaileek Lapurtxulo, Etzela, Leitzaran eta Mugaga kontroletan eta gainera bukaeran, dutxa zerbitzua eskainiko diete mendizaleei. 

Ibilaldi luzea egiten duten parte hartzaileek martxa, gehienez, hamar ordu eta erdian egin beharko dute eta ibilbide motza aukeratzen dutenez, gehienez, zazpi orduko muga izango dute. Denbora horien barruan bukatu dutela zirutatzen duen martxa-txartela erakusten dutenek diploma jasoko dute helmugan. Gainera, bertan aurkitzen diren partaideen artean mendiko materiala zozkatuko du Aizkardik, igandean, 17:30ak aldera.

Parte hartu nahi duten mendizaleek informazio guztia izango dute 649 71 71 82 telefono zenbakira, iluntzeetan deituta, 20:00etatik 22:00etara. Izen ematea, doakoa izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!