Giza katea 2018

500 amasar eta billabonatar bildu nahi dituzte giza katea osatzeko

Jon Miranda Labaien 2018ko martxoaren 21a

Ekainaren 10ean Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko ditu Gure Esku Dagok antolatutako 201,9 kilometroko giza kateak. Horietatik bat dagokio Amasa-Villabonari.

Bi metroko pertsona bat biltzea da egitasmoaren helburua eta hortaz, Mendaro inguruan Amasa-Villabonako herritarrek bete beharko duten kilometroa osatzeko 500 pertsona beharko dira. Giza katean izen emateko bideen berri eman zuten asteartean Gurea aretoan egindako aurkezpenean.

16 urtetik gorako herritarrek eman ahalko dute izena bost euro ordainduta zerrenda ofizialetan. Gure Esku Dagoren webgunean edo Villabonan, apirilaren 11tik aurrera larunbatero Malkar plazan jarriko duten mahaian apuntatu ahal izango da jendea. 11:00etatik 13:00etara egongo da mahaia jarrita eta giza katearen inguruko materiala ere jarriko dute salgai. 

Giza katearen egitasmoa laguntzeko moduen berri eman zuten Amasa-Villabonako Gure Esku Dagoko kideek. Larunbatero mahaian egoteko apuntatu daiteke jendea edo baita ekainaren 10eko ekimenean antolaketan laguntzeko. Martxoaren 27an 19:30ean udaletxeko balio anitzeko gelan egingo dute lehen bilera giza katea antolatzen joateko.

Bide batez, saretzaile izan nahi dutenentzat ere izango da aukera Amasa-Villabonan. Inguruko jendea giza katera batzeko konpromisoa hartuko duen jende bila dabiltza. Informazio guztia jasotzeko helbide elektroniko bat ere eman dute: gizakateaamasabillabona@gmail.com.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!