Taberna bateko zerbitzaria atxilotu dute haxixarekin trafikatzeagatik

Ataria 2018ko martxoaren 5a

Ertzainek 36 urteko gizonezko bat atxilotu zuten ostiral arratsaldean. Villabonako taberna bateko zerbitzaria da, eta lokalean 100 gramo haxix, hiru mila eta bostehun euro inguru eta doitasun balantza bat aurkitu zituzten polizia operatibo batean.

Hernaniko Ertzain-etxean behin baino gehiagotan jakinarazi zuten Villabonako ostalaritzako establezimendu batean ustez droga transakzioak egiten zirela. Legez kanpoko jarduera egiaztatu ahal izateko abian jarritako zaintza eta kontrol dispositiboa ostiralean amaitu zen. Arratsaldeko zazpi eta erdiak aldera, ertzainak tabernan sartu ziren, eta bi bezero ikusi zituzten bertan. Une horretan taberna barrenean dagoen biltegitik lokaleko arduraduna irten zen, eta polizia ikustean berriz biltegira itzuli eta lurrera zerbait bota ondoren argia itzali zuen.

Ertzainak biltegian sartu ziren eta lurrean substantzia marroi eta prentsatu baten tableta errektangular bat aurkitu zuten. Gainera, mahai baten gainean doitasun-balantza bat eta film gardena ikusi zituzten. Zerbitzaria identifikatu ondoren, agenteek egiaztatu zuten praka-poltsiko batean substantzia beraren beste lau zati zituela film gardenean banan-banan bilduta. Taberna miatzen Ertzaintzako Zakur Unitateak ere parte hartu zuen, eta 3.480 euro aurkitu zituzten tiradera batean zenbateko ezberdinetako billetetan.

Guztira ehun gramo haxix konfiskatu zituzten. Ebidentzia horien aurrean, atxilotu egin zuten zerbitzaria. Agenteek egiaztatu zuen bi bezeroetako batek substantzia beraren bolatxo bat zeramala, eta hori ere kendu egin zioten.

Arrastatua larunbatean eraman zuten epaitegira, behin polizia-izapideak amaitu ondoren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!